Twitter sare sozialak profilak egiaztatzeko baliabidea martxan jarri du, pertsonalak zein enpresa, erakunde edo profesionalenak. Egiaztatze prozesu honek erabiltzaileari zenbait ekintza egitea eskatzen dio. Ba al dakizu zelan egiten den? Jarraitu irakurtzen eta pausuz-pausu azalduko dizugu.
Zergatik da garrantzitsua Twitterreko kontua egiaztatzea?
Orain dela gutxira arte, kontuen egiaztatze hau VIP edo Very Important Person horientzat zuzendutako baliabidea zen. Hau da, artista famatuak, politikariak, mundu mailako kirolariak… Zertarako? Nortasun ordezkapen eta arlo honetako iruzurrak ekiditeko.
Gaur egun aukera hori kontu gehiagotara zabaldu du, erabiltzaileon segurtasunaren mesedetan. Jarraitzaile kopuru mordoa dituzten kontuetara zabaldu du orain, baina etorkizunean neurri hau orokorra izango da.
Beraz, zure kontuan jarraitzaile nahikotxo badauzkazu, oraintxe azalduko dizugu nola egiaztatu behar duzun kontua.
Twitterreko kontua egiaztatzeko baldintzak
Kontuaren egiaztatzea Twitterreri bideratzen zaion eskaeraren bidez egiten da. Eskaera honi erantzuna eman dezaten, kontuak baldintza batzuk bete behar ditu:
- Profileko argazkia izatea.
- Biografiako atala beteta egotea.
- Egiaztatutako telefono zenbaki bati lotuta egotea.
- Webgune bat agertzea.
- Posta elektroniko bati lotuta egotea.
- Urtebetetze data.
- Txio publikoak izatea.
Twitterrek kontua egiaztatzea lortzeko aholkuak
- Egiaztatu behar duzun kontuaren profila gizaki bati badagokio, benetazko izena edo izen artistikoa agertzea.
- Profila enpresakoa bada, enpresaren izena osorik agertzea.
- Profilaren irudia eta burukoa enpresa edo pertsonarenarekin identifikagarria izatea komeni da.
- Enpresako profila bada, posta elektronikoaren helbideak enpresaren domeinu berdina izan behar du.
Eta… nola egiaztatzen da Twitterreko kontua?
Arestian adierazitako informazio guztia zuzen dagoela baieztatzen duzunean,hiru pausutan eskaera bideratuko duzu. Oso erraza da:
- Twitterreko kontuen egiaztatzea eskatzeko inprimakia bete
- Egiaztatu nahi duzun erabiltzaile izena idatzi. Kontuz! Enpresa edo erakunde bati dagokion profila bada egiaztatu nahi duzun hori, klik egin dagokion aukeran hori adierazteko.
- Pausu honetan Twitterrek egiaztapena egiteko gutxienez bi webgunetako erreferentzia luzatzea eskatzen du. Adi honetara: pertsona edo enpresaren profilak egiaztatzeko balio izango diren webguneak izan beharko lirateke, noski.
Eta galdera bati erantzun, profila egiaztatuta izan dadila eskatzearen arrazoia azalduz.
Eta honekin listo! Egun batzuk igaro ondoren, Twitterrek zure kontua egiaztatu izan dela baieztatzeko mezua bidaliko dizu.