Ekainaren 30etik aurrera WhatsApp aplikazioa ez da erabilgarri izango marka ezberdinetako zenbait telefonotan. Zergatia? WhatsAppen ustez zaharregiak direlako eta aplikazioa modelo horietarako egokitzeari ez diolako etekinik ateratzen. Obsoleszentzia programatuaren beste biktima batzuk bilakatuko dira gailu hauek, baina egia esan egun merkatuan dauden %0,5a dira soilik. Jakizu ea zure telefonoa zerrenda honetan badago eta zer egin behar duzun.
WhatsAppek aurreko urteko martxoan iragarri zuen oharra: aurrerantzean zaharregiak iruditzen zitzaizkion telefono modelo batzuetarako ez zuela aplikazioaren egokitzerik egingo eta ez zuela zerbitzu teknikorik eskainiko ere ez. Hauen artean BlackBerry, Nokia S40, Nokia Symbian S60, Android 2.1 eta 2.2 eta Windows Phone 7.1 zeuden. 2016ko bukaeran hauetako batzuentzat esandakoa bete zuen eta BlackBerry OS, Nokia S40 eta Nokia S60ak dituztenek orain arte izan dute zerbitzuaren luzapena.
Baina orain garaia heldu da eta ekainaren 30etik aurrera WhatsAppa sistema eragile horietan guztietan ezgaituta egongo da. Horrezkero, aplikazioak ez ditu mezuak bidali ezta jasoko telefono hauetan. Eta beraz, telefono modelo hauek dituztenek bi aukera daukate hemendik aurrera: edo gailu berria erabili edo berehalako mezularitzarako beste aplikazio bat erabili.
Zeintzuk dira WhatsAppa erabili ezin izango duten telefonoak?
Hemen zerrenda osoa:
- BlackBerry, BlackBerry 10a barne.
- Nokia S40.
- Nokia Symbian S60.
- Android 2.1.
- Android 2.2.
- Windows Phone 7.1.
Zure telefonoa zerrendan badago, elkarrizketak gorde
Zure telefonoa zerrenda honetan badago, beste gailu batean WhatsAppeko elkarrizketa guztiak berreskuratzeko aukera izango duzu. Baina horretarako aldez aurretik gorde beharko dituzu.
Elkarrizketak gordetzeko, aplikazioaren ezarpenetan esportazioa egiteko aukera bilatu eta sakatu beharko duzu. Kasu batzuetan aukerak modu ezberdinean agertuko zaizkizu:
- Blackberrya erabiltzen baduzu, txatak banan-banan aukeratu beharko dituzu eta postaz bidaltzeko aukera hautatu, gorde ahal izateko.
- Nokia S40ren kasuan, badago txatak esportatzeko aukera bat, txataren ezarpenen barruan. Hor sakatu eta telefonoaren memorian informazioa gordeko du.
- Nokia S60n antzeko lana egin beharko duzu, baina kasu honetan aukeraren izena txataren historia da eta txataren historia bidali agertuko zaizu.
Zein aukera dituzu orain?
Egia esan zerrenda honetan agertzen diren telefonoak egun merkaturatu eta erabiltzen diren %0,5a dira soilik. Beraz, zuri suertatu bazaizu zorte txarra izan duzu, baina bestalde, kontuan izan behar duzu zure gailua egungo programatutako zaharkitze ohituren arabera zaharra dela eta hau egiteak ez duela adierazten WhatsAppak milioika erabiltzaile zerbitzurik gabe uzten dituela.
Zuk horrelako gailu bat badaukazu, oraingoan bi aukera argi dituzu:
- Beste gailu bat erabiltzen hastea eta elkarrizketak bertan berreskuratzea.
- WhatsApparen ordez beste aplikazio bat erabiltzea, Telegram, esaterako. Baina kasu honetan bi baldintzen inguruan hausnartu beharko duzu: lehenengoa, ia Telegram edo ordezko beste aplikazioak beste gailu horretan erabil daitekeen (gailu zaharra bada antzeko egoeran egon zaitezke; erosi berria bada ez duzu inolako arazorik izango). Eta bigarrena, zure kontaktuek beste aplikazio hori erabiltzen duten jakitea.
Eta hirugarren bat eskura duzu beti, noski: horrelako aplikazioak erabiltzeari uztea. Baina agina inkomunikatuta geratuko zinateke edo zer uste duzu?
Obsoleszentzia programatuaren kalteak!