Haur eta nerabeak gero eta lehenago hasten dira telefono mugikorra erabiltzen. Eta gero eta lehenago izaten du norbereak bere gailua; behintzat eskatu egiten dute. Berehalako mezularitzarako aplikazioak, YouTube, Instagram edo Snapchat, beste batzuen artean, beraien eguneroko tresnak bilakatzen dira. Egoera horretan, gurasoek telefonoaren erabilpena kontrolatu behar dute, bai edo ez? Zeintzuk dira alde onak eta zeintzuk txarrak? Zeintzuk dira erabilpena kontrolatzeko aplikazioak?
Haur eta nerabeak, gero eta gazteago hasten dira telefono mugikorrak erabiltzen eta norberekoak izaten. Gaur egun txiki-txikitatik ikasten dute gailua erabiltzen eta, tartean, gurasoena eskatzen. Eta nagusitzen diren einean, egoera zailagoa bilakatzen da: zazpi urtetik gorakoek norberarentzat telefonoa izatea eskatzen dute; bederatzi urtetatik aurrerakoen kasuan, kopuru handi batek lortzen du eta hamabi-hamairu urtekin norberak bere gailua izatea arruntena bilakatu da.
Telefonoa, deiak egiteko ezezik, internet bidez zerbitzu eta aplikazioetara jotzeko erabiltzen dute: sare sozialak (Instagram, Snapchat eta YouTube gehien bat), berehalako mezularitza programak (WhatsApp, Telegram…), nabigatzeko eta jolasteko.
Haurrak eta nerabeak eta interneteko erabilpena
Haur eta nerabeentzat smartphone-a bukaezinezko dibertimendua da, baina erabilpen horrek beste arazo ugari ekarri ditu, batzuk sarritan blog honetan landu izan ditugunak:
- Ziber-erasoak: beste hirugarren batek internet erabiliz haur horren irudia erabiltzen duenean edo mezuak bidaltzen dizkiotenean, iraindu eta kaltetzeko.
- Sexting-a: mezu eta irudiak eduki erotikoak direnean. Honi buruz ere blog honetan aritu gara eta Euskararen Etxera bisitan datozen ikastetxeetako taldeekin lantegian lantzen dugun gaietako bat dugu hau.
- Gossip-a: pertsona bati buruzko zurrumurru iraingarriak sare sozialen bidez zabaltzen direnean, honen irudi publikoa eta ospea kaltetuz.
- Grooming: heldu bat adingabeko baten konfiantza lortzen duenean bere onurako eta engainatu edo abusatzeko.
Gurasoek inolako kontrolik ezartzen ez dutenean adingabeko horrek gailuari ematen dion erabilpenaz, sarritan beranduegi izaten da honelako arazo batetaz ohartzen direnerako.
Eta bestalde, erabilpen eta jarduerari dagokionez, eragozpen edo jarraipenik ez jasatekotan, haurrak aukera izango du edozein motatako edukiak ikusteko: biolentzia, pornografia…
Zenbait enpresa eta zerbitzu gurasoen laguntzan
Sarean sortu diren mehatxu eta arriskuei aurre egin eta laguntza eskaintzeko, babesa eta segurtasuna eskaintzen duten baliabide eta aplikazioak sortu dira gurasoen lasaitasunerako.
2015ean, Europar Batasun eta Ameriketako Estatu Batuetako 50 milioi erabiltzailek horrelako aplikazioak erabili zituzten. Baliabide hauek gurasoen gailutan instalatu eta haurraren gailua kontrolatzeko ahalmena eskaintzen dute: kokapena ezagutzeko eta zein aplikazio erabiltzen duen jakiteko.
Berg Insight enpresak egin duen ikerketaren arabera, 2016an 70 milioi familiek erabiliko dituzte horrelako zerbitzuak.
Gobernuek ere neurriak hartu dituzte
Zenbait herrialdetan ardura gobernura heldu da baita ere eta neurriak hartzen hasi dira.
Hego Korean, adibidez, lege bilakatu da haur eta nerabeen telefonoak kontrolatzea eta 19 urtetik beherakoentzat mugikor bat erosten denean, interneten egiten duen jarduera kontrolatuko duen aplikazio bat instalatzera behartuta daude.
Aplikazioa instalatu ezean edo ezabatuta, telefonoak ez du funtzionatuko. Honetaz gain, merkatuan dauden aplikazio sortaz aparte, gobernuak bere kontrolerako aplikazio propioa sortu du.
Mendebaldeko herrialdetan, ostera, gobernuak ez dira oraindik sartu, mugikorren erabilpenak sortzen dituen guraso eta nerabeen arteko iskanbila eta arazoetan.
Gurasoen kontrolaren inguruko eztabaida
Adituen esanetan, aplikazio hauen erabilpen egoki eta desegokiaren arteko aldea, erabiltzeko beharra dagoen edo ez ezartzean datza. Kasuan-kasuko azterketa egin beharra dago: eskolara bakarrik joan behar diren haurrak, adibidez; ez-gaitasun bat daukatenek eta zuzenean heldu batekin kontaktuan egoteko beharra izatea…
Beste aditu batzuek iritzi horren kontrakoak dira:
“Tresna hauek lapurtutako telefonoak aurkitzeko sortu ziren; zure seme-alabak egiten duena fiskalizatu, atzetik joateko erabiltzea ez zen helburua; paranoia hutsa bilakatu da gaia”, dino Miquel Àngel Prats, Blanquerna-Universitat Ramon Llull-eko Tecnología Educativa ikasgaiko irakasleak.
Honen inguruan badago beste erdi bideko aukera bat: beharrezko kontrola ezarri baina hori espioitza ez bilakatzeko, nerabeek horretan gabiltzala ezagutzean egon daiteke gakoa. Adituek esaten dute oso gomendagarria dela haur/nerabeek aurretik jakitea horrelako aplikazioren bat instalatuta dagoenean euren gailuetan, zertarako balio duen, zergatik jarri den eta, bide batez, arau eta baldintzak ezartzea.
Nati Cabrera, Universitat Oberta de Catalunyako (UOC) teknologia eta hezkuntza arloan adituaren esanetan,”guraso batzuen ustetan, hezitzea, kontrolatzea eta haurrari ezer gertatuko ez zaiola bermatzea da; hauek, horrelako teknologiak erabiliko dituzte segurtasun zentsazioa izateko, azken finean, gezurrezkoa eta irreala dena”.
Sare sozialen erabilpenaren kontrola
Texaseko Baylor College of Medicineko Bryan Vartabedian pediatra, teknologia eta medikuntza alorrean AEBetako adituenetarikoa da. Honek, aurrekoen kontrako iritzia dauka eta beharrezkotzat jotzen du sare sozialen erabilpena kontrolatzeko softwarearen bat instalatzearen beharra. Gurasoen ardura dela baliabide hauen erabilpena kontrolatzea da bere argudioa.
Randi Zuckerbergek, Facebookeko sortzaileetariko baten arreba eta arlo honetan aditua dena baita ere, iritzi berdina azaltzen du: gurasoek euren seme-alaben kontu eta profilen gaineko eskubideak dauzkate, bere ustez.
Honek proposatzen duen irtenbidea, guraso eta seme-alaben arteko ituna ezartzea da: gurasoek seme-alaben kontu guztien pasahitzak ezagutuko dituzte. Hau prebentzio, kudeaketa eta arazo larriak ekiditu eta hauei aurrea ateratzeko modua dela defendatzen du.
Eta legeak zer esaten du?
Laburki adierazita, espioitza ezin da egin. Adingabekoek intimitaterako eskubidea daukate, postaren bortxaezintasuna eta baita komunikazioetarako sekretu eskubidea. Beraz, euren WhatsAppeko elkarrizketak, Facebookeko mezuak edo posta elektronikoak eurenak dira eta ezin dira kuxkuxeatu. Hau haurraren babes juridikoa ezartzen duen 1/1996 Lege Organikoan jasota dago.
Kode Zibilak ere badu zeresanik arlo honetan, 154 eta 155. artikuluen bidez eta gaiaren beste interpretazio bat egiteko zalantza sortzen du. Honetan adierazten da etxetik kanpo joan ez diren seme-alaben gaineko guraso-ahala gurasoengan dagoela eta, honetan, gurasoek betebeharreko batzuk dituztela: alde batetik, laguntzea, hezitzea, elikatzea; bestalde, euren ondasunak kudeatzea eta autoritatea ezartzea, behar izanez gero.
Beste aditu batzuen ustetan, kasu honetan beste lege batzuk aipa zitezkeen baita ere: 1/1982 Lege Organikoa, babes zibila eta ohore-eskubidea, norbera eta familiaren intimitatea eta irudia bermatzen duena; eta, batzuetan, datu pertsonalen babeserako legea baita ere.
Zein da gakoa orduan? Zentzuz erabaki eta jokatzea
Azken finean, babesa eskaintzea bada azken helburua, arauak jartzea da gomendagarriena. Eta arau horien artean, noski, pasahitza ezagutaraztearena izan daiteke bat.
Haur eta nerabeek jakin behar dute gurasoek kontrola ezarriko dietela eta bi aldeen artean bete beharreko arauak adostu behar dituzte.
Sare sozialek ere neurriak ezartzen dituzte
Sare sozial erabilienek euren arau eta segurtasun baldintzak ezartzen dituzte baita ere.
Facebookek baliabideak garatu ditu, adingabekoek edukiak norekin partekatzen dituzten ezagutarazteko eta ezezagunekin elkarremonak ekiditzeko. Sare sozial honek kontzientziazio eta sentsibilizazio lana egiten du.
Bestalde, 14 urtetik beherakoek ezin dituzte profilak sortu, eta konturen batek arau hau apurtu duela jakinarazten bazaie, kontua ezabatu egingo dute.
Twitterrek ere 13 urtetik aurrera baimentzen du profila zabaltzea. Eta arau hau ez denean betetzen, kontua ezabatzen du baita ere. Bestalde, segurtasun gune bat sortu du sare sozial honek, batez ere nerabe, guraso eta hezitzaileei zuzenduta.
Guraso-kontrola ezartzeko aplikazioak
Hauek dira guraso-kontrola delakoa ezartzeko aplikaziorik ezagunenak:
Androiderako
Android eta iOSerako
Gai honi buruz gehiago…
Esan bezala, gai hau sarritan landu izan dugu blog honetan, jakin badakigulako kexka sortzen duela, gure egunerokotasunean adibideak ikusten ditugulako eta sarritan gure ekintzetan hartzaileek komentatzen diguzuelako.
Hemen dituzu zerrendatuta gai honen inguruko beste artikulu batzuk:
- Adingabekoak eta teknologiaren erabilpena: nola kudeatu hauen jarduera eta segurtasuna?
- Haurrak teknologia erabiltzen: kontrolatzeko baliabiderik onenak
- Ziberbullying-ari aurre egiteko seme-alabei jakinarazteko 12 arau
- Eta zibererasotzailea zure seme-alaba balitz?
- Tablet eta mugikorrak eta nerabeak: bikote arriskutsua? Bizikidetzarako gomendio batzuk
- Zein adinarekin hasi behar dute seme-alabek sare sozialetan?