Zu, ikasketak bukatu berri dituzun hori; edo lanez aldatu nahi duzun beste hori… LinkedIn lana internet bidez bilatzeko baliabide paregabea da, zure arloko kontaktuak egiteko, aukeren berri izateko… Baina horretarako guztirako ezinbestekoa da zure profila ondo osatuta eta txukun erakustea. Horrela da edo galduta zabiltza? Kontatuko dizkizugun aholku eta ideia hauek jarraituz, zure profila erakargarria bilakatuko da eta lan eskaintzen zaparrada izango duzu!
Egun, esan genezake LinkedIn profilik ez badaukazu ez zaudela lan arloko ingurunean kokatuta. Lan bila bazaude are gehiago. Gaur egun, hautaketa prozesuak bideratzen direnean enpresa eta lantokietan, kurrikulumak jaso eta hautagai horien LinkedIneko profilak bilatzen dituzte. Hautatzaile askok zure inguruko informazioa bilatuko dute plataforma honetan; eta sarritan horren arabera erabakiko dute hautaketa prozesuan aurrera jarraitzen duzun edo ez.
Beraz, LinkedIneko profilak lan eskaintza eta elkarrizketetarako aukeren atea zabaltzen dizkizu. Bestalde, zure arloko kontaktuen sarea sortzeko oso baliabide azkarra eta egokia da. Eta zeresanik ez zure marka pertsonala sortu eta indartzeko. Aukera handiak eskaintzen dizkizu LinkedInek.
Baina horretarako zuzen osatuta eta doituta izan behar duzu. Nola?
LinkedIneko profila egokitzeko aholkuak
Zure profileko argazkia zaindu
Kontuan izan urrezko arau hau: sare sozial profesionala da, ez da Instagram. Beraz, kontu handiz aukeratu zein izango den zure profileko argazkia.
Egokia izateko ideia batzuk:
- Noski, kalitatezko argazkia izatea eta ondo enfokatuta.
- Zure aurpegia ondo ikustea.
- Zu bakarrik agertzea irudian. Kasu honetan ahaztu bikotea, lagunak, txakurra…
- Argazkian zu zaren moduan agertu behar zara, kontuan izanda zein motatako lanpostua bilatzen duzun. Adibidez, surf irakaslea baldin bazara hobeto trajea baino beste mota bateko alkandora edo elastikoa janztea; baina abokatua baldin bazara, argazkian ez zara agertuko eguzkitako betaurrekoekin, ezta?
Zein motatako argazkiak ekidin behar dituzu?
Hemen doaz gomendio zehatz batzuk. Horrelakoak ekidin, benetan zure profila interesgarria bilakatu nahi baduzu:
- Ispiluaren aurrean egindako selfieak. Hori ez, arren! Mota hauetako argazkiak beste sare sozial batzuetarako egokiagoak dira.
- Filtroen bidez moldatutako argazkiak. Hauek Instagramen erabiltzeko ondo daude, baina ez zure profila profesionalean agertzeko. Ondo dago argazkiaren kalitatea hobetzea (argia, kontrastea…) baina sormen aldetik hobeto aurpegia ondo ikusten zaizun irudia izatea.
- Argazki pixelatuta. Ondo ikusi behar zaizu aurpegia eta zure karantza.
- Moztutako argazkiak. Agian lagunekin azken parrandan ateratako argazki horretan nola atera zinen atsegin duzu, baina gehienetan taldeko argazki bat mozten denean asko nabaritzen da eta emaitza ez da ona izaten. Hobeto zu bakarrik agertzea, agiri ofizialetarako egiten ditugun argazkien antzera.
- Zure aurpegiaren adierazpena astuna izatea. Ez zara barreka agertu behar, baina irribarretxo batek beti laguntzen du adierazpena leundu eta hurbiltasuna eta jarrera transmititzeko. Aurpegi astuna agertzea ez da komeni.
- Gorputz osoko argazkiak baino, hobeto aurpegikoak. LinkedIneko profilerako hobeto argazkiaren protagonista zure aurpegia izatea, besterik ez.
- Maskotak, hobeto ez. Albaitaria edo biologoa bazara, adibidez, ondo legoke. Baina beste motatako ogibide edo arlo profesionaletan, hobeto zu bakarrik agertzea. Asko maite duzu zure txakurra edo katutxoa, baina LinkedIneko profila ez da Facebook edo Instagram bezalakoa.
- Argazkirik gabeko profila? Akats potoloa! LinkedIneko profilak argazkia behar du, nahi ta nahi ez. Hau izaten da akatsik larrienetakoa plataforma honetan. Kontuan izan hori, mesedez!
Lorpen eta interesetako atala
Atal hau zure esperientziaren arabera aldatuko da eta deskribatzeko erabiliko dituzun hitzak garrantzi handia izango dute. Adibidez, ikasketak bukatu berri badituzu, lidergoarekin lotutako agiriak jasotzeak garrantzia izan dezake; aldiz, 10 urteko esperientzia baduzu, datu honek agian ez du ekarpenik egingo.
Beste erabiltzaile batzuen gomendatzeak izatea erabakigarria izan daiteke, besteek zure lana eta izaeraren azterketa zuzena egiten dutelako eta horrek balio erantsia izan dezakeelako hautatzailearentzako. Beraz, gomendatzeko eskaerak bota zure sarean dituzun beste baliozko erabiltzaile eta zure arloan adituak diren horiei.
Zenbat informazio jaso behar da LinkedInen?
Argi izan baldintza hau: LinkedIn zure buruaren aurkezpenerako tresna da, aukerak zabaldu behar dizkizuna. Lan arloan daukazun esperientzia guztia jaso behar duzu, baina saiatu deskribapen luzeegiak ez sortzen. Hobeto esaldi laburrak eta zehatzak, informazioa eskaintzen dutenak.
Profila aldi ezberdinetan eguneratzeko gakoak
Profila etengabe eguneratua izateak posizionamendua hobetzen lagunduko dizu. Zelan lortu daiteke hori? Eta are gehiago, zelan eguneratu zure bizitza profesionalaren aldi ezberdinetan zehar? Hauek dira gakoak:
- Ikasketak bukatu berri edo lan merkatuan zure burua eskaintzen duzunean, hasieran profilean lorpen handiak jaso ezin badituzu, aditua ez bazara arlo zehatz batean edo esperientzia handirik ez baduzu, beste gaitasun batzuk azpimarratu behar dituzu: zure arloko edukiak partekatu, harremanak lotu enpresa eta beste profesionalekin.
- Erdi mailako eskarmentua (3-6 urte). Orain aukera duzu zure profila sendotzeko eta aurretik jasotzen zenituzten esperientzia batzuk profiletik ezabatzeko (adibidez, eskola partikularrak eskaini dituzula). Azken aldian lortutako eskarmentua azpimarratzea oso inportantea da une honetan. Zure indarguneak agertu eta biografian zure alorreko hitz gakoak aipatu: esaldi batean zure jarduera laburtu eta azaldu. Zure gaitasunak bizpahiru puntutan agertu, bakoitzean bi esalditan.
- Erdi bidean, 7-15 urteko eskarmentua. Epe honetan baduzu esperientzia eta lan aukera hobeak lortzeko posizionatuta egongo zara, baina hautatzaileen arreta piztu behar duzu. Aurreko urtetan landutako kontaktu sareak lagundu ahal zaitu: lan eskaintza berriez ohartarazteko, lan batean interesa daukazunean kontaktuei mezua bidaliz, beste lanpostu baterako aukeretara zabalik zaudela adierazteko…
- 15 urte edo gehiagoko eskarmentua baduzu, adituen taldean zaude. Honek aukerak eta arriskuak dauzka: aukeren artean, balio erantsi handiko lanpostuetara zure burua aurkezteko gai zarela eta gaitasun ugari eskuratzeko aukera izan duzula urtetan zehar; baduzu zer azaltzerik eta lan ezberdinetan izandako lorpenak eta eskarmentua jasotzeko aukera.
Arrisku edo ahulguneak ere badaude, ostera: adinaren ikuspegitik nagusiagoa izango zarela eta agian honek lan eskaintza batzuetarako muga bat izan daitekeela; zure eskaera maila altuagoa izan daitekeela; zure gaitasunak eta aldaketarako prestakuntza erakutsi behar dituzula; lan berriei aurre egiteko prest zaudela frogatu behar duzula…
Aldi honetan lidergorako gaitasuna baduzula erakutsi behar duzu eta guzti hori azpimarratu: lortutako gaitasunak, eskarmentua, lanerako prestakuntza. Hau guztia zure profilean edukiak partekatzen froga zenezake, bai beste egile batzuenak eta bai zure eduki propioak sortuz.
Zukua atera LinkedInen baliabideei!
Hemen aditu eta ausardientzako tartea zabaltzen dugu. Bonus track bat da!
Badaude hainbat aukera LinkedIneko profila oraindik baliotsuagoa bilakatu dezaketenak eta posizionamenduan postuak igotzeko lagundu dezaketenak. Baliabide hauei zukua ateratzea ez da zaila, ez duzu zertan programatzen jakin behar. Bost minutuko lana da baina etekin handia aterako diozuna. Beraz, animatu eta saiatu!
Hemen aukeran dituzun hiru ekintza aipatzen dizkizugu.
Animatzen zara? Tarte bat hartu honetarako eta irizpide hauek jarraituta, zure profila txukun izango duzu eta ez duzu ez kontaktu, ezta eskaintzarik galduko!