Euskal egitasmoak

Zortzi hiztegi terminologiko berri

hiztegia1

Gaur aurkeztu diren 8 hiztegi berriekin, 49 dira dagoeneko argitaraturiko hiztegi terminologikoak

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, euskal euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko argitaratu diren azken zortzi hiztegi terminologiko berriak aurkeztu ditu gaur goizez Donostian.

Definiziozko hiztegiak dira, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko baliokidez osatuak. Kasuan kasuko eremuari egokitutako aurkibide sistematikoaren arabera antolatuta daude, baina badituzte hizkuntza bakoitzaren araberako aurkibideak ere. Zuzenbideari lotutako hiru hiztegiek, aldiz, euskarazko eta gaztelaniazko hiztegi-sarrerak dituzte (Zigor-arloa eta espetxe-zaintza Hiztegia, Erregistro Zibila Hiztegia eta Prozedura Zibila Hiztegia).

 Hiru hiztegi Lanbide Heziketa eta Enpresaren arloan

  1. Elektronika eta mikroelektronika Hiztegia: 361 hiztegi-sarrera jasotzen ditu. Hiru eremutan sailkatzen ditu sarrera guztiak: Termino orokorrak, Elektronika analogikoa (osagai pasiboak, osagai aktiboak, erregulazioa eta transduktoreak, zirkuituak, bestelako osagai eta tresnak), eta Elektronika digitala.
  2. Energia berriztagarriak Hiztegia: 204 hiztegi-sarrera ditu, zazpi eremutan sailkatuak eta jasoak: Termino orokorrak, Eguzki-energia, Eguzki-energia fotoboltaikoa, Eguzki-energia termikoa, Arkitektura bioklimatikoa, Haize-energia, Energia geotermikoa, Energia hidroelektrikoa, Itsas energia eta azkenik, Biomasa-energia.
  3. Zeramika Hiztegia: 311 hiztegi-sarrera honako bi eremu hauetan: Zeramikagintza (materialak, prozesuak, apaintze-teknikak eta dekorazio-motak,tresnak) eta Zeramika-objektuak (euskal zeramikagintzako ontziak)

Bost hiztegi Herri Administrazioa eta Zuzenbide arloan

  1. Bibliotekonomia Hiztegia: 313 hiztegi-sarrera jaso dira, Biblitekonomiari dagozkion eremu hauetan: Liburutegi-motak; Dokumentu-motak eta dokumentu-euskarri motak; Bildumaren kudeaketa; Prozesu teknikoa; Liburutegi-zerbitzuak; Erabilera eta hedapena.
  2. Museologia eta Museografia Hiztegia: 191 hiztegi-sarrera bildu dira, sei eremutan sailkatuta: Kontzeptu orokorrak, Museoen administrazioa (eraikina, langileak eta organigrama, museo-motak, segurtasuna), Bildumen kudeaketa, Zabalkundea, Erakusketa eta Kontserbazioa.
  3. Zigor-arloa eta espetxe-zaintza Hiztegia: 232 hiztegi-sarrera ditu, eremu hauetan: Zigor-arloa (delituak eta faltak, zigorrak eta segurtasun-neurriak) eta Espetxe-zaintza (komunikazioak eta bisitak, espetxe-erregimena eta barneratze bereziak, espetxeratuen sailkapena, irteteko baimenak, askatasun-motak eta espetxe-onurak, diziplina-erregimena eta zehapenak).
  4. Erregistro Zibila Hiztegia: 151 hiztegi-sarrera jaso dira, sei atal hauetan: Atal orokorra, Erregistro Zibilaren antolaketa, Erregistro-tituluak, Idazpenak oro har, Organoak eta pertsonal eskuduna eta Erregistro-prozedura.
  5. Prozedura Zibila Hiztegia: 107 hiztegi-sarrera, bost ataletan: Atal orokorrra, Deklarazio-prozesu arruntak, Deklarazio-prozesu bereziak, Errekurtsoak, Betearazpen-prozesua eta kautela-prozesua.

Terminologia Batzordeak onarturiko hiztegi guztiak Euskalterm Terminologia Banku Publikoan daude integratuta, eta bertan kontsulta daitezke on-line eta paperean argitaratzearekin batera, PDF formatuan ere jartzen dira eskuragarri Euskara webgunean, Hiztegiak atalean

Gaur aurkeztu diren zortzi hiztegi terminologiko berri hauekin, guztira 49 hiztegi daude dagoeneko argitaratuta, eta beste batzuk argitalpena prestatzeko fasean daude, Terminologia Batzordeak onartu ondoren. Horiez gain, lan berezi bat ere argitaratua da: “Hizketa-ereduak”. Lan honek hainbat egoeratarako elkarrizketa-ereduak eskaintzen ditu eta euskaratik nahiz gaztelaniatik kontsulta daiteke. Argitalpen erabilgarria euskara ikasten ari direnentzat.

Lan terminologiko hauek Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatzen eta planifikatzen ditu, eta baita finantzatu ere. Finantziazioaren parte bat IVAP Herri Arduralaritzarako Euskal Erakundeak hartzen du bere gain (%30), bien arteko hitzarmenaren bidez.

2001en Eusko Jaurlaritzak terminologia lan-plangintza martxan jarri zuenetik argitaratu diren hiztegi terminologiko guztiak Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordearen jarduketa-planaren baitan egin dira. Lehenengo eta behin, hiztegiok UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak eginak dira, segidan hizkuntzalariz eta arloko adituz osatutako batzorde teknikoak aztertuak, eta bukatzeko, Terminologia Batzordeak onartuak.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu