Haur, nerabe eta gazteek inoiz baino gehiago erabiltzen dituzte teknologia baliabide berriak eta, sarritan esaten dugun bezala, euren eguneroko bizitzaren beste atal bat bilakatu dira.
Horrek baita ere positiboak ez diren ondorioak dakartza. Horien artean larriena, ciberbullying deitutakoa. Zelan egin aurre horrelako egoera bati? Arazo honen aurrean guraso edo tutore, irakasle eta ikaskideek rol aktiboa daukate.
Artikulu honetan nerabeei jakinarazi behar zaizkien oinarrizko arau batzuk partekatzen ditugu.
Zer da ziberbullying-a?
Ziberbullying edo ziberjazarpena modu iraunkor eta eta errepikatuan gertatzen den berdinen arteko tratu txarra da. Gehienetan pertsona helduen ikusteeremutik urrun, eta pertsonari min emateko asmoz gauzatua.
Beraz, mota honetako erasoetan rol ezberdinak izaten dira: biktima, erasoa jasotzen duen pertsona; eta erasotzailea edo erasotzaileak, bakarra edo taldea. Bi rol hauen artean normalean botere desoreka ematen da eta erasotua ahulena izaten da. Gainera, errepikatzen den egoera izaten denez, eta denboran luzatzen direnez, ahula den hori gero eta egoera tamalgarrian sentituko da.
Bullying mota ezberdinak
Erasoak mota ezberdinetakoak izan daitezke:
- Fisikoa: kolpe, ostikada, bultzadak eta abarretik hasita eta zeharkakoak baita ere: lapurtzea, biktimaren gauzak apurtzea eta abar.
- Ahozkoa: ezizenak maiz horrelako arazo baten hastapenak izaten dira eta irainak, gutxiestea eta abar eman daitezke.
- Soziala: biktima taldetik baztertzen saiatzen da erasotzailea eta hori lortzeko tarteko bideak erabiltzen dituzte baita ere: informazioa ezkutatzea, hitzik ez esatea edo ez erantzutea, partaidetza ukatzea, gezurrak esatea edo besteei pertsona horri buruzko gezurrak zabaltzea…
- Psikologikoa: irainak biktimaren autoestima kaltetzera heltzen dira batzutan eta sentimendu ezkorrak sortzen dituzte edo umiliatuta sentitzen dira eta ez dira gai egoerari aurre egiteko.
- Arrazismoa
- Sexu-erasoak
- Ziberbullying-a: teknologiaren erabilpenaren bidez sortzen denean.
Azken mota honi aurre egiteko eta gertatu baino lehen prebenitzeko, nerabeei hainbat oinarrizko arau batzuk jakinarazi behar zaizkie eta betetzeko konpromisoa hartu behar dute.
Gizartean gero eta sarriago suertatzen ari den arazo honi aurre egiteko nerabe edo gazte, guraso, irakasle eta ikaskideek erantzunkizun eta arduraz jokatzea beharrezkoa da. Oraingoan nerabeek euren jokaeran kontutan izan beharreko oinarrizko hamabi arau zerrendatzen ditugu.
Nerabe eta gazteek zaindu beharreko arauak ziberbullying-ari aurrea hartzeko
1. Sarean edukazioz jokatu. Oinarrizko lema: aurrez aurre egingo ez zenukena, sarean ez egin.
2. Pantailaren beste aldean egoteak ez dizu segurtasun osoa ematen.
3. Ez zabaldu ezta partekatu ere inoiz zure datu pertsonalik. Argazkiak partekatzerakoan, ez adierazi non bizi edo ikasten duzun. Zure burua babesteko neurria da.
4. Probokazio edo zirikatzeei ez erantzun. Jaramonik ez egin eta ez berotu. Erantzun bat eman baino lehen lasaitzeko astia hartu. Guraso edo irakasleak jakinaren gainean jarri.
5. Zirikatu edo iraunduta sentitzen bazara, konexioa eten eta laguntza eskatu.
6. Eraso bat jasaten duzunean, horren frogak gorde. Beharrezkoak izango dira salaketa jarri behar izanez gero.
7. Erasotzaileari jakinarazi delitua dela egiten duena.
8. Edozein unetan nirekin hitz egin zenezake. Nerabeak lagunduta sentitu behar dira, norbait dagoela beraiei entzun eta laguntzeko prest. Hemen helduen jokaera ere erabakiorra da: alde batetik, adi egon behar da gaztearen jarrera eta gora beherei (umore aldaketak, haserreak, urduritasuna, tristetasuna, lagunik ez badauka edo ikastetxera joan nahi ez badu, txarto sentitzen dela adierazten badu…); bestetik, hitz egiteko prest daudenean eta arazoa kontatzen hasterakoan, helduek konfidantza trasmititu behar dizkiete eta lasaitasunez hartu, haserrea erakutsi gabe eta errurik bota gabe. Hau bai guraso eta bai irakasleen kasuan aplikagarria da.
9. Ez zara inor baino gutxiago. Biktimari argi jakinarazi behar zaio bera ez dela inor baino gutxiago. Mehatxu, irain eta tratu txarrei aurre egiteko neurriak hartu behar dira, egoera aurre ikusi eta gaztea prest egotea.
10. Ez zaude bakarrik. Aurrekoan esan bezala, guraso, irakasle eta, beharrezkoa balitz, erakunde edo poliziaren laguntza izango duela senti arazi behar zaio.
11. Beste bati egindako eraso baten testigua bazara, ez izan konplitze. Lekukoa bada eta isilik geratzen bada erasotzailearen boterea indartzen duela ulertu behar du. Lekukoen inplikazioa eta salaketa beharrezkoak dira.
12. Beste bat kaltetzen edo iraintzen duten fitxategi, argazki, bideoak eta abar jasotzekotan, ez lagundu hauek zabaltzen. Gauza bera eduki intimo edo pribatukoak badira. Hau izaten da sarritan eraso baten abiapuntua. Nerabeek ulertu behar dute horrelako kasuetan edukia ez zabaldu eta salatu behar dutela.
Arazo benetan kezkagarria bilakatu da ciberbullying-a egungo gizartean. Gainera, gero eta gazteago dira hau sufritzen duten nerabeak.
Sarritan aipatu izan dugun moduan, aurre egitea eta prebentzioa dira neurririk egokienak eta, batez ere, gazte eta nerabeek hezitzea eta teknologiaren erabilpen egokiaz jabetzea.
Gai hau etorkizun labur batean berriro berreskuratuko dugu eta nerabeek zuzenean hartu beharreko neurriez mintzatuko gara.
[…] buruz artikulua idatzi genuen blog honetan, ziberbullying-ari aurre egiteko seme-alabei jakinarazteko zenbait arau azaldu […]
[…] Ziberbullying-ari aurre egiteko seme-alabei jakinarazteko 12 arau […]