Wikipedia informazio iturri kolektiboa da eta erabiltzaileon parte hartzea beharrezkoa da elikatzeko; editore hauek dira haren kalitatea bermatzen dutenak. Baina arazo bat dago maila honetan: editoreen %13a soilik dira emakumeak. Honek genero ikuspegitik jauzi handia suposatzen du. Wikipediako komunitatea arazoaz ohartu eta ekimen ezberdinak jarri ditu martxan; mundu mailan emakume talde ugarik ere egoera honi aurre egin nahi dio eta zenbait proiektu abiatu dituzte.
Wikipedia interneteko informazio-iturri erabilienetakoa da. Alexa sailkapenaren arabera, bisita kopuru aldetik 5.en postuan dago eta hilean 450 milioi erabiltzailetik gora jasotzen ditu. Egun ia 6 milioi orriz osatuta dago, 237 hizkuntza ezberdinetan. Egun bakar batean Wikipediak jasotzen dituen datuak ikaragarriak dira: 15.000 artikulu baino gehiago argitaratzen dira; Wikimedia guneek 390.000 edizio jasotzen dituzte; eta 520 milioi orri ikustaratze izaten dira.
Bere ekarpenik garrantzitsuena, entziklopedia une oro eguneratua dela eta editoreak mundu osoan zehar zabaltzen direla. Eta ezaugarri nagusiak, kolaboratiboa dela, irekia eta zabala; edukiak modu erraz eta azkarrean sortu eta editatzeko baliabide aproposa da. Gune hau adimen kolektiboaren sustatze eta edukien sortze kolaboratiboaren eredua da.
Baina apur bat sakonago aztertuta, genero ikuspegiaren ikuspuntutik kasu honetan, zer gertatzen da?
Genero ikuspegitik jauzia dago Wikipedian?
Generoaren ikuspegitik aztertuta, arazo larria dago: emakume editoreak soilik %13a dira, Wikimedia Fundazioaren 2016ko txostenaren arabera.
Txosten honek beste datu esanguratsu ugari eskaintzen ditu, edukiei eta emakumeen presentziari buruzkoak:
- Wikipedian jasotzen diren biografia guztien artean %17a da soilik emakumeena.
- WikiProject Women Scientists ekimena sortu zen eta argitaratutako edukien ebaluazioa egiteko sistema sortu da eta emaitzen ondorioak atera dituzte. WikiProject Women Scientists egitasmoaren helburua emakume zientzialarien inguruko edukiak sortzea zen. Eduki hauen kalitatea neurtzeko sistema bikoitza ezarri zuten: alde batetik, eskuzko ebaluazioa egiten da (wikilariek edukien balorazioa egin eta irizpide batzuen arabera puntuak eskaintzen dituzte); bestalde, edukien kalitatea neurtzeko sistema automatizatua sortu zuten (Wikipediako kalitate mailaren joerak aztertu eta hauek WikiProject Women Scientists egitasmoaren baitan sortutako eta etiketatutako edukien kalitatearekin alderatu zituzten. Zein izan zen ondorioa? 2013ra arte emakume zientzialariei buruzko artikuluek Wikipediako beste artikuluena baino maila eta kalitate txikiagoa zituztela. Aldiz, une honetatik aurrera sortutako edukiak kalitate maila handiagokoak izan dira.
Emakumeek zergatik ez dute Wikipedian parte hartzen?
Arrazoi asko eman izan dira, gehienak, hori bai, gizonen eskutik: ez dute editatzen nahi ez dutelako, emakumeak ez dira gai serioez aritzeko… Horrelako iritzi matxistak badaude, azken finean Wikipedia gizartearen isla badelako.
2010ean egindako ikerketa batean adierazten zen Wikipediako parte hartzaileen %13a direla emakumeak, lidergoaren beste foro batzuetan %15era heltzen zela. Hala ere, ikertzaileek adierazi zuten oso ohikoa dela parte hartzaileek euren generoa ezkutatzea.
Urtetan aipatu den beste argumentu baten arabera, emakumeek ez zuten Wikipedian parte hartzen gehiengo handi batek beste ardura batzuk zituelako, familia eta etxea zaintzea, adibidez. Baina 2014an Andreas Kolbek Wikipediocracyn argitaratu zuenez, hau gezur hutsa da: alde batetik, Wikipediako demografian nagusi diren adin tarteetan emakumeek oraindik ez dute osatu euren familia eta beraz, ardura hauek ez dira arrazoia; beste alde batetik, emakumeak oso aktiboak dira sare sozialetan: gizonezkoak baino denbora gehiago ematen dute Facebooken eta Twitter, Pinterest eta Instagramen gehiengoa dira.
Beraz, parte hartzeko denborarik ez daukatela eta hori dela Wikipedian ez sartzeko arrazoia ezin da baieztatu. Interneten edukiak sortzeko astirik ez daukatela ez da arrazoia. Aldiz, ez dute eduki hori Wikipedian sortu nahi.
2013an egindako beste ikerketa batean, Wikipedian parte hartzearen generoen arteko alde kuantitatiboa bera, emakumeak erakarri eta mantentzeko eragozpena bilakatu zela ondorioztatu zen. Garai hartan Wikimedia Fundazioaren zuzendaria zen Sue Gardnerek, emakumeek Wikipedian zergatik parte hartzen ez duten azaltzeko bederatzi arrazoi ekaini zituen:
- Wikipedia editatzeko interfazea ez da erabiltzailearentzat atsegina.
- Denbora falta.
- Autokonfiantza eza.
- Gatazkarako gogo eza eta edizioetarako lehietan ibiltzeko gogorik ez izatea.
- Ekarpenak atzera bota edo ezabatuko direlakoaren susmoa.
- Wikipediako giroan orokorrean misoginia nabaria da.
- Wikipediaren kultura sexuala da, modu ez atseginetan.
- Emakumeen hizkuntzak genero gramatikala daukanean, gizonak balira bezala mintzatzen zaie.
- Emakumeek harreman sozialak lotzeko Wikipedian beste leku batzuetan baino aukera gutxiago dituzte.
Zein da sare sozial eta Wikipediaren arteko aldea emakumeek ez parte hartzeko?
2014an sortutako ikerketa baten arabera (The Handbook of Language, Gender, and Sexuality – Amazon) gakoa hiru ezaugarri dira: konfiantza, pribatutasuna eta harreman sozialak. Ikerketa honek emakumeen jarrera interneten aztertu zuen eta ondorio hauek atera zituen:
- Emakumeek ardura handiagoa jartzen dute euren nortasuna eta pribatutasuna zaintzeko interneten. Ondorioz, nahiago dute ezagutzen duten edo behintzat nolabaiteko erlazioa daukaten erabiltzaileekin jardutea.
- Wikipediaren kasuan, ez dago lagun edo kontakturik (beste sareetan sortzen diren mailan). Kalitatearen mesedetan, Wikipedian editoreen arteko lotura sozialik ez da ezartzen: anonimotasuna balore bilakatzen da. Helburua ez da sare honetan lagunak egitea.
- Wikipedian gatazka badago, maila batean: parte hartzeak beste kontrako iritzi bati aurre egitea suposatu dezake eta, maila berdinean, gure ikuspuntua zalantzan jartzea ere jasateko prest egon behar gara. Beraz, parte hartzeak estresa sor dezake.
Beraz, Wikipedian aritzea ez da Facebook edo Twitterren kontua izatea bezala. Batzuetan oso esperientzia gogorra bilakatu daiteke eta emakumeek matxismoa jasan izan dute eta sarritan hau salatu da. Emakumeek irainak, ezespenak eta iruzkinak jasotzen dituzte etengabe, gaur egun ere. Adibide gisa, Amanda Filipacchik bere esperientzia salatu zuen artikulu honetan.
Ikertzaile hauek ondorioztatutakoaren arabera, emakume askok ez daude prest egoera hauek jasateko, esfortzu handia eskatzen duen ekintza bat aurrera eramateko. Nahiago dute beste mota batzuetako ekintzetan parte hartu, erosoago sentitzen diren beste plataforma batzuetan edukiak partekatuz.
Jacqueline Mabeyk, Wikipedian emakumeen parte hartzea sustatzeko edizio maratoien antolatzailea dena, ildo hau jarraituz beste arrazoi bat eskaintzen du: heziketa arazoa dago baita ere honen guztiaren atzetik. Neskak ez ditugu hezitzen gai edo arloren batean euren buruak nagusi bezala ikusteko. Neskak ez ditugu ahaldundutzen. Ondorioz, nahiz eta gai batean adituak izan, zalantzan jartzen dute euren ezagutza eta ahalmena, ez dira parte hartzen ausartzen.
Emakumeen parte hartzea sustatzeko martxan jarritako ekimenak
Wikipediako komunitatea egoeraz jabetu eta soslaia txikitzeko ekimenak jarri ditu martxan.
2014ko udan, Wikipediako sortzaileetariko bat den Jimmy Walesek, komunitatean bi generoen arteko parte hartze orekatua sustatzeko ekimenak bideratuko zituztela iragarri zuen. Horretarako, inbertsioak bideratuko zituztela eta emakumeen parte hartzea handitzeko softwarean aldaketak egingo zirela iragarri zuen.
Mundu osoan ematen den arazoa izanda, arlo eta maila ezberdinetan egoera honi aurre egiteko ekimenak burutu dira.
Women in Red da ezagutuenetarikoa. Honen helburu nagusia da emakumezkoen biografia kopurua handitzea Wikipedian.
Proiektu honen bertsioa estatuan Wikimujeres ekimena da. Lau emakumek gidatuta, Wikipediako emakume erabiltzaileak biltzen ditu. Euren helburua Wikipedian dagoen genero eta kultura aldea txikitzea da eta horretarako lau arlo lantzen ditu:
- Wikipediako edizioan emakumeen kopurua handitzea.
- Eduki aldetik, emakumeen biografien kopurua handitzea, hauek gizarteari egindako ekarpena ez delako behar den mailan islatzen.
- Genero ikuspegia lantzea, edukien sorkuntzan nabarmena den soslai androzentrikoa ezabatu eta neutraltasuna nagusitzeko.
- Hegoaldetik sortutako edukiak sustatu eta hedatzea.
Euskal Herrian bideratutako ekimenak
Wikimujeres talde honetatik, Euskal Herri mailan Wikiemakumeak sortu da. Honen bitartez, zenbait egitasmo garatu dira eta martxan daude gure inguruan:
- Wikikedadak hiri ezberdinetan (Gasteiz, Leioa, Etxebarrin …):
- Arlo ezberdinetan erreferenteak izan diren edo diren emakumeen biografiak argitaratzeko proiektuak: Idazle eta Zientzialari Emakumeak, Maistrak, WikiPikara.
Wikikedada hauek zabalik daude eta leku gehiagotan sortzeko aukera dago.
Nola txikitu daiteke genero jauzia?
Emakumeen kopurua handitu beharra dago Wikipedian; bai parte hartzaile aldetik, erabiltzaile aktibo eta editoreena; eta bai Wikipediak jasotzen dituen eduki kopuru aldetik, emakumearen presentzia horietan ere handitzeko. Horregatik Wikimujeres bezalako ekimenak baliozkoak bilakatzen dira.
Bestalde, arlo akademikoak garrantzi handia izan dezake honetan: ezagutza sortzen den guneetara jo behar da, edukien hobetze eta kopurua handitzeko lan hau bermatzeko. Gune akademikoetan edukiak askatu eta argitaratzen badituzte, edukiaren kalitatea hobetuko da.
Edukien arloari dagokionez, genero ikuspegia landu behar da Wikipedian. Genero ikuspegia kontuan izanda edukiak lantzea, baina baita jada sortuta dauden edukietan ikuspegi hau ikertu eta irakurketan sumatzea.
Gaur egungo ikasleentzat Wikipedia erreferentziazko gunea bilakatu da jada. Orain erronka neutraltasun eta objetibotasuna bermatzea da.
Informazio osagarria
- Diversity and Inclusion in Wikipedia. Noreen Whysel.
- Women and Wikipedia: Perspectives on the gender gap, harassment, and the Gamergate controversy. Su-Laine Yeo Brodsky.
- Participation of women in Wikipedia editing. Kuhuk Jain.