Berrikuntza teknologikoak

Zer dira bot-ak? Makinekin hitz egiteko prest?

Onlineko denda batean produktu bati buruzko informazioa ematen dizun hori ez da gizaki bat, makina bat baizik. Ez duzula sinesten? Bot deitzen zaio mota honetako aplikazioei eta uste baino baliabide gehiagotan erabiltzen dira. Are gehiago, etorkizun hurbilean garapen izugarria izango dute. Zer diren azalduko dizugu.

bot-messenger

Zer da bot bat?

Programa informatiko edo adimen artifizialeko baliabidea da. Honen funtziorik nabarmenena gizakion portaera imitatzen duela da. Ingurunetik ikasi eta bot-ak gai dira elkarrizketa sinpleak izateko sistema edo beste erabiltzaile batzuekin. Beraz, zurekin elkarrizketa bat izan dezakete, beste aldean dagoen hori makina bat dela zuk ohartu gabe.

Erabiltzaileak ez du instalatu behar: erabiltzen duen aplikazioan barneratuta dago eta zurekin interakzionatzen du ekintza zehatz bat burutzeko.

Zer egin dezakete?

Hamaika funtzio egin ditzakete, esaterako:

  • Testuak editatu.
  • Elkarrizketak moderatu.
  • Galderak erantzun.
  • Posta elektronikoak bidali.
  • Jakinarazpenak bidali
  • Laguntza birtuala eskaini
  • Aplikazio ezberdinak lotu
  • Inkestak eta iruzkinak egin
  • Erosketak egin
  • Jokatu
  • Erabiltzaileak erakarri

 

Non erabiltzen dira?

Gaur egun hainbat plataformetan erabilgarri daude mota honetako baliabideak, sare sozialetan, adibidez: YouTube, Twitter, Facebook eta Instagramek erabiltzen dituzte. Hauei chatbot deitzen zaizkie.

Hamaika erabilera izan dezakete: onlineko salmenta egiten duten webguneetan eskaera bideratu, jatetxe batean mahaiaren erreserba hartu, hitzordu bat, hotel batetako gela bat hartzeko, gomendio bat egiteko … Esan genezake bezeroarekiko arreta zerbitzua eskaintzeko baliabide oso erabilgarria bilakatu direla eta etorkizun handia izango dutela arlo horretan.

Bot-ek erabiltzailearekin elkarrizketa bat izaten dutela ematen du; baina benetan egiten dutena, hitz edo esaldi klabeak bilatzea da, komando batean interpretatu ditzaketenak.

Telegrameko bot-a

Bot guztiak berdinak dira?

Ez, mota ezberdinak daude.
Bideo jokoetan, adibidez, jokalari baten funtzioa egiteko prestatuta daude eta lehiatu dezakete, gizaki batek egingo lukeen bezala. Jokoan irabazteko dituen gaitasunak erakusten du bot horren kalitatea zein mailakoa den.
Bezeroari arreta ematen dioten bot-ak dira egunerokoan erabiltzen ditugun beste batzuk. Kasu honetan, zalantzak argitzeko erabiltzaileekin elkarrizketan aritzeko gai dira, edo salmenta elektronikoko prozesu batean laguntza eskaintzeko.

Beste bot batzuek webgune batetan bilduta dauden edukiak argitaratzen dituzte, hedabide baten azken berriak, adibidez. Honelakoak erabiltzen dira hedabideetako webguneetan, Wikipedian…

Jarduera maltzurrak bideratzeko erabil daitezke baita ere. Esaterako, spam bidalketak egiteko, lapurretak, ziber-erasoak, edo birusak hedatzea.

 

Non bilatu bot-ak?

Horrelako zerbitzuak gero eta baliabide gehiagotan ezartzen ari dira eta berehalako mezularitzako aplikaziotan erabiltzea ohikoa bilakatuko da. Helburua, aplikazio batetik hainbat ekintza ezberdin burutu ahal izatea, oraindik egiten dugun aplikazio ezberdinen artean nabigatzen ibili beharrekotan.

Egun, hainbat chatbot daude prest, Telegram edo Facebook Messenger bezalako aplikazioetan. Edo hain ezaguna ez den Kik. Facebook-en kasuan, erraldoi honek aurkeztutako azken mintegian, Messenger-eko bot-ak eta adimen artifizialaz sortutako garapenak ugarituko dituztela adierazi dute, bot bilatzaile bat izango dela Messenger-aren baitan.

Bot-en artean kuxkuxeatu eta bateren bat instalatu nahi izatekotan, Botlist-en bilduma dago. Webgune honek atalka sailkatzen ditu bot-ak, plataforma, aplikazio, sistema eragilearen eta abarren arabera. Zerrendatuta erakusten dizkigu eta bakoitzaren helburua zein den agertzen du.

botlist

 

Telegram-en hainbat bot euskaraz

Telegram-en kasuan, bot ugari dago aplikazio honetan, eta euskaraz erabiltzaile talde edo eragileek interes ezberdinekin sortutako hamaika:

  • @EustelegramBot eta @EustelegramgarapenaBot : Telegram.eus webgunearena.
  • @wikidosiabot: Wikipediako ausazko eta nabarmendutako artikuluak entregatuko gaituen esaneko robota. Asier Iturraldek sortu du eta hemen Wikidosiari buruzko informazio osoa jaso du.
  • GEBot: Game Erauntsia komunitatearen Telegrameko taldean bot bat daukate.
  • @murgilbot: ELA sindikatuko kideek sortuta, kezka, iritzi eta hausnarketak jaso eta zabaltzeko.
  • @bizkaielizabot : Bizkaiko elizbarrutiko berriak jasotzen ditu.
  • @liberbibot : Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak.
  • @MokolokomBot: Bergarako Bergarosferako web eta blogen jarioak bildu eta zabaltzen ditu.

Gehiago izango dira; zuk besteren bat ezagutzen baduzu, esan eta zerrenda osatuko dugu.

Bot-ak erabiltzen diren beste adibide batzuk

Facebook

Esan bezala, gaur egun oso erabiliak dira sare sozialetan. Facebook-ek, Wit.ai tresna sortu du eta dagoeneko 45.000 garatzaile baino gehiago daude honekin lanean. Aplikazio honek Facebook-eko mezularitza plataformetan erabiltzeko bot-ak sortzea ahalbidetzen du. Horrela, Facebook-en integratuta egotean, erabiltzaileon hainbat datu ezagutu ditzakete: interesak, planak… elkarreragin eta gomendioak eskaintzeko informazio zehatza lor dezakete.

Lokai

Helburu sozialetarako ere sortu eta erabil daiteke horrelako teknologia. Hemen Lokai-k sortutako Yeshi bot-a. Honek helburu soziala dauka eta Etiopian bizi den ur urritasunaz sentsibilizatzea du helburu. Bot-aren protagonista Yeshi izeneko neska etiopiarra da, egunero ia hiru orduz ibiltzen dena ur edangarria lortzeko. Yeshi-k elkarrizketa bat izaten du erabiltzailearekin eta bere ibilbidea, bizimodua eta ametsak ezagutzeko aukera ematen du, testua eta bideo irudien bidez.
Honen bidez, esperientzia emozionala bilakatzen da eta bukaeran dohaintza egiteko eskaera bideratzen da.

Microsoft-en Tay-ren kasua

Adimen artifizialak aukera asko eskaintzen dizkigu, gero eta gehiago, baina arriskuak ere badaude. Horren adibide, duela gutxi Microsoft-ek sortutako Tay-ren kasua dugu. Tay Microsoft enpresak  sortutako bot-a zen. Bere funtzioen artean, erabiltzaileokin elkarrizketak izatea eta txioak botatzea. Bot-ek ikasteko ahalmena duenez, Tay-k ere horri ekin zion, baina emaitza ez zen egokia izan: erabiltzaileek egindako jarduerengatik abiatuta, Tay-k iruzkin arrazistak egin zituen. Ondorioa, ezgaitu behar izan zuen Microsoft-ek.

Nora garamatza etorkizunak? Eta etikaren baldintzak?

Bot-ak geratzeko heldu dira eta aurrerantzean adimen artifizialaren inguruan garapen ugari ezagutuko ditugu. Bilakaera bat suposatzen du industria arloan adimen artifizialak, prozesu askotan automatizazioa erakarriko du. Azken urtetan hiru aldaketa nagusi eman dira arlo honetan, mota honetako teknologia aurreratzea ahalbidetuko dutenak: alde batetik, erabiltzaileok askoz prestatuago gaude adimen artifiziala erabiltzeko; ohitzen joan gara eta makinekin erlazionatzeko lehen pausuak eman ditugu, egunerokoan erabiltzen ditugun baliabideen bitartez. Bestalde, teknologia asko aurreratu da urte gutxitan eta bot-ak sortzea errazago bilakatu da; aukera ez dago teknologia edo enpresa handiren eskutan; gainera, software libreaz garatzeko aukera ere badago. Eta azkenik, sakelako telefonoen erabilera orokortu eta masiboak datu digital kopuru handia sortzea erakarri du; honen bidez gizakiok helburu berriak ezarri ditugu.

Ikusi dugunez, arlo askotan aurrerapena eta denbora aurreztea ahalbidetuko dute eta helburu sozialetarako ere sor daitezke. Baina bi galdera nagusi sortzen dira: eskaintzen dituzten baliabideak, bezeroarekiko arretarako adibidez, gizakion lana ordezkatu eta beraz, lanpostuak galtzea erakarriko du? Eta bestalde, non dago garapen hauek erabiltzeko etika?

Lehenengo gaiari erantzuteko, esan genezake oreka izango dela gakoa: lan asko automatizatzeari esker, zerbitzuak hobetu, eraginkor eta azkarragoak bilakatu eta kostuetan aurreztea lortuko da, zalantzarik gabe. Baina lanaren arlo batzuetan horri etekina atera eta atzetik gizakiaren lana eta ikuspegia nagusitu behar da. Gizatasunaren balio erantsia areagotu behar da.

Bestalde, etikari dagokionez, bot-ei eskaini zaizkien gaitasunak ikusita, beharrezkoa da bot-en programazio, sortze eta funtzioak esleitzerakoan arau etiko batzuk jarraitzea. Horregatik kasu batzuetan bot-en erabilerari dagozkion arau oso zorrotzak ezarri dira. Adibidez, posta elektronikoko zerbitzuek saioa hasteko eskatzen dizkiguten ekintzak, makina bat ez garela ziurtatzeko.

Kriti Sharma bot garatzailea da eta Pegg bot-aren sortzailea da. Bot honek kontabilitaterako sortua izan da. Garatzaile honen ustetan, chatbot-ak egoera eta arlo ia guztietan erabiliko ditugu eta gizaki eta makinen arteko interakzioak garapena izango du, dinamika sozial berriak sortuz. Etika izango da arlo honetan kezka handienetako bat. Eta beste ezaugarri garrantzitsu bat aipatzen du: bot-aren gehiegizko feminizazioa ez emateko neurriak hartu behar izango direla baita ere.

Garatzaile honek adierazten duenez, bizpahiru urtetan bot-en erabilera guztiz ohikoa bilakatuko zaigu, datuak eta bilakaera ikusita: azken 10 hilabetetan 35.000 bot baino gehiago sortu dira. Erabiltzaileok edukietatik sartuko gara hasieran bot-en erabileran, berriak jasotzeko erabiliko ditugu; edo beste jarduera bat egiten dugun bitartean, autoa gidatzea, adibidez, chatbot-ari aginduak emango dizkiogu ordainketak egiteko, hitzordu bat hartzeko… Arlo ezberdinetan erabiliko ditugu: zerbitzu pertsonalerako, sortuko diren zerbitzu berriak eta hezkuntza arloan, interneteko sarbidea ez dagoen gune edo orokortua ez dagoen herrialdetan, baina testu bidezko mezularitza erabiltzen denean, edukiak eskaintzeko aukera bilakatuko da.

 

 

 

 

 

 

 

Guardar

Guardar

Guardar

Guardar

Guardar

Guardar

Guardar

Guardar

Guardar

Guardar

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu