Duela urte eskasa, Europar Batasuneko Justizi Auzitegiaren sententzia bati esker, interneteko bilatzaileak erabiltzaileon datu pertsonalen babesaren arduradunak dira eta horri esker, Google, Bing eta horrelako bilatzaileei plataforma horietan gure izena emaitzen zerrendetatik ezabatzea eska diezaiekegu.
Googlek berehala jarri zuen martxan eskaera hori bideratzeko inprimakia eta horri buruz ohartarazi zintugun blog honetan.
Guzti honi interneten ahaztua izateko eskubidea deritzo. Esan bezala, kontzeptu horrekin adierazten dena da, bilatzaile jakin bati guri buruzko datuak ezabatzeko eskaeraren eskubidea.
Europar Batasuna horri buruzko legea lantzen dabil eta hiru urtez eztabaidak izan dira adostutako testua osatzeko. Testu hori lege bihurtu baino lehen Europar Parlamentuak onartu behar du.
Osatutako arau honek interneteko garaietara eguneratzen du datu pertsonalen babesa eta irudi legal berriak sortzen ditu, aipatutako ahaztuak izateko eskubidea bezalakoak. Eskubide honen arabera, edozein hiritarrak eska diezaioke interneteko bilatzailea kudeatzen duen enpresari berari buruzko datuak ezabatu, blokeatu edo kentzea; bere eskubideen kaltetan egiten dutelako edo zahartuegiak direlako.
Googlek bideo honetan azaltzen du:
Zergatik eskatzen du jendeak datuak ezabatzea?
Googlek berak jaso dituzten eskaera motak zabaldu ditu, adibide gisa. Hemen horietako batzuk bilduta:
- Belgikan lagun bat hilketa baten arduraduna leporatuta kartzelan egon zen, baina Auzitegi Gorenak errugabea zela erabaki zuen. Ondoren, lagun horrek gertaeraren inguruko datuak ezabatzea eskatu zuen.
- Alemaniako irakasle bat gaztetan 10 urtez kartzelan egon zen, lapurketa txikiak egiteagatik. Urteak pasata, horren inguruko informazioetan bere izena agertzen zen orriak ezabatzea eskatu zuen.
- Suedian emakume batek bere etxeko helbidea agertzen zen orriak ezabatzea eskatu zuen.
- Italiako emakume batek bere senarraren hilketari buruzko informazioak ezabatzea eskatu zuen, horietako batzuetan bere izena agertzen zelako.
Badira beste kasu batzuk zeinetan Googlek eskaera berrikusi eta ez dituenak aintzat hartu eta ondorioz datuak oraindik bilatzaileetan ager daitezke:
- Italian negozio-gizon famatu batek berak egindako iruzurrei buruzko informazio guztiak ezabatzea eskatu du. Googlek ezetz esan dio.
- Erresuma Batuan kazetari batek berak idatzitako eduki iraingarri batzuk ezabatzea eskatu zuen baina Googlek ez dio baiezkorik eman.
- Erresuma Batuan, lantokian sexu-erasoak egiteagatik kondenatua izan zen lagun batek, horiei buruzko informazioetan bere izena agertzen zen orriak ezabatzea eskatu zuen. Googlek ez du eskaera onartu.
Hauek adibideak besterik ez dira. Googlek luzatutako datuen arabera, jasotzen dituen eskaeren %41,3a ezabatzen ditu eta, beraz, erdia baino gehiago ez ditu kentzen.
Estatu espainarraren kasuan, 25.712 eskaera jaso ditu Googlek herri honengandik; guztira 83.153 esteka ezabatzea eskatu diete eta soilik horien %36,4a ezbatu ditu, 26.000 inguru.
Zer egin behar da datuak ezabatzeko eskaera burutzeko?
Bilatzaile bakoitzak bere plataformetan eskaera bideratzeko sistema martxan jarri du. Hemen nabarmenenak:
- Google: inprimaki honen bidez; informazioa ere luzatzen du.
- Bing: orri honetan pausuz-pausu adierazten du nola bideratu behar den eskaera.
[…] Ahaztua izatearen eskubidea bideratu genezake. Gai hau dagoeneko blog honetan landu izan dugu. Hemen sakatu artikulua irakurtzeko. […]