Bloga bat sortu duzu eta lehenengo artikulua idazteari ekingo diozu. Une berezia da, ilusioz beterikoa, baina beldurgarria izan daiteke aldi berean. Eta irakurlerik lortzen ez badut? Eta inork ez badu klik egiten? Zelan lortu lehenengo eduki hori arrakasta izatea? Ez dago formula magikorik. Hasierako eduki horri buruz arituko gara eta orain arte sustatutako ideia batzuk zalantzan jarriko ditugu.
Aurreko artikulu batean blog bat sortzeko zenbait arrazoi eskaini genizkizun. Ederto, bloga sortu duzu eta prest zaude teklatuaren aurrean jartzeko.
Nola lortu lehenengo artikuluak behintzat irakurleren baten atentzioa ematea eta jarraitzea? Ez dago formula magikorik, baina bai aholku batzuk jarrai zenezake.
Gehienetan, eduki mota jakin batzuk erabili izan dira blog baten hasierako artikulu horren gai gisa. Baina benetan baliozkoak dira? Zer eskaintzen diote irakurleari? Hurrengo batean ere zure blogera jotzeko erakargarria suertatuko zaio? Oraingoan zalantzan jarriko ditugu ideia horietako batzuk. Ados zaude?
Ba al dago eduki mota edo eredurik artikulu arrakastatsua idaztea lortzeko? Ez, lagun!
Ez dago arrakasta bermatuko duen artikulua egiteko oinarri edo eredurik. Zeri buruz idazten dute blogariek euren blogetako hasierako artikuluan? Denetarik dago:
- Aurkezpen pertsonala, egileak bere burua aurkezten du.
- Blogaren aurkezpena, egileak blogaren helburua azaltzen du, gaia eta abar.
- Asmoen aitorpena, bloga zergatik sortzen duenaren azalpena eta hau aurrerantzean irauteko hartuko dituen arduren azalpena.
- Hurrengo artikuluei buruzko zerrenda, gaiak, argitalpen egutegia…
- Beste artikulu bat besterik ez, besteengandik ezberdintzen ez dena.
Beraz, batzuetan dena da lehenengo artikulua eta beste batzuetan kopuruan beste bat besterik ez da.
Baina lehenengo artikuluak badauka bere garrantzi berezia:
- Aurretik ez duzu jarraitzaile ez bisitarik izan, beraz, ez daukazu oinarririk.
- Lehenengo artikulua hau, nolabait, zure erakusleihoa izango da: lehen inpaktua. Honetara heltzen dena, beste eduki batzuen artean ezin izango duenez kuxkuxeatu, bakar honekin erakarri beharko zenuke.
- Lehenengo eduki hau idazteko seguruenik gogo, ilusio eta pasio handiago jarriko duzu. Ahaleginduko zara. Beraz, etekina ateratzea ere ondo legoke…
Irakurlea erakarri nahi baduzu, lotura bat sortu behar duzu bera eta zure artean. Bigarren artikuluan ere klik egitea bilatu nahi duzu.
Orduan, nondik eta nola hasi? Buelta emango diogu gaiari eta beste zentzuan landuko dugu: zeri buruz ez duzu idatzi behar blogeko lehen artikuluan?
Ba al dago lehenengo artikuluan landu behar ez diren gairik?
Ikusi dugunaren arabera, izan daiteke: ez duzu uste gai hauek sobera daudela ?
Ez aurkeztu zure burua.
Benetan, oso ezagun edo aditua ez bazara, irakurlea ez da zure blogera helduko nor zaren interesatzen zaiolako. Eta gainera, horretarako blogean eduki finko bat izan beharko zenuke, beti ikusgai egon behar duena: aurkezpena, nitaz, blog honi buruz … edo horrelako izenburu bat izan beharko lukeena.
Ez azaldu zergatik idazten duzun bloga.
Irakurleak ez du jakin nahi zerk motibatzen zaizun; jakin nahi duena da zer eskainiko diozun, zein izango den zure ekarpena. Beraz, artikulua interesgarri eta erabilgarriagoa izatea nahiago du. Motibazioak, gogoak eta abar, lehenago esan dugun orri horretan landu.
Ez azaldu zure bloga zeri buruz den edo zer idatziko duzun.
Gauza bera, horretarako badaukazu finko geratuko den beste orri hori. Ez duzu zertan errepikatu behar azalpen berdina artikulu batean, eta gutxiago lehenengoa izanda! Bloga estreinatzen duzu artikulu horrekin, emaiozu egurra!
Ez egin asmoen aitorpen bat.
Benetan beharrezkoa ikusten duzu? Blog bat sortu baduzu, printzipioz jarraipena izateko intentzioarekin egin duzu, ezta? Zer egingo duzun kontatu eta azaltzea baino… ekin eta egizu!
Ez iragarri zure hurrengo artikuluen zerrenda eta egutegia.
Zertarako?
Zerrenda bat bota baino, baliozko artikuluak idatzi eta irakurlearen interesa piztu modu zuzenean. Gainera, artikuluen zerrenda aurretik aurkezteak arriskuak baditu: gai izango zinateke esandakoa betetzeko? gaiak zehazten badituzu, sormena eta ideia berriak alde batera uzteko arriskua badago, ezta? zuk uste duzu zerrenda hori ikusita norbaitek kontuan izango duela faltarik gabe zure bloga zabaltzeko esandako egunean? Benetan, gaur egun hori oso zaila da.
Hainbat artikulu aldi berean argitaratzeko beharrik ez duzu.
Bloga hasieran erdi hutsik agertzearen beldur bazara, agian hau ez da jokabiderik egokiena: eduki gutxi izango du hala ere eta hainbat artikulu data berdinean argitaratzeak ez du itxura ona ematen. Apurka-apurka eduki interesgarriz janztea egokiagoa izan daiteke.
Zure estiloa ezarri.
Zure blogak izaera propioa izan behar du, zure ukitu pertsonala eman ahal diozu. Estilo hau idazkeran izan daiteke, edo idazteko moduan ere: zerrendak egitea, azpitituluak modu berezian…
Beraz, beldurrik ez eta ekin!
Blogeko lehenengo artikulua ez du zertan berezia izan beharrik, baina nolabait bada ere, erakargarria izan behar duelako irakurlea bereganatzeko.
Bisita gutxi izango ditu artikuluak, baina ez zara larritu behar. Horregatik helburua irakurlearekin lotura eta harremana estutzera bideratu beharko zenuke.
Bilatu eta landu zure blogaren izaera eta aurrera!