Euskara ingurune digitalean

Zein da LibreOffice eta OpenOfficearen arteko aldea?

kodea

OpenOffice eta LibreOffice software libreko aukerak dira. Biak zabalak, biak doakoak, baina aldea badago bata eta bestearen artean. Gai horren inguruan gehiago sakonduko dugu eta ezberdintasunak azaldu eta OpenOffice-aren iragarritako desagertzearen arrazoiak azalduko ditugu. Ematen du laster OpenOffice-a desagertu egingo dela. Baina hor dugu LibreOffice-a eta euskaraz!

openoffice-vs-libreoffice

OpenOffice-aren jaiotza

1985an sortutako programa da, hasiera batean StarWriter izena bazuen ere. Handik gutxira, StarOffice izena jarri zioten. Enpresa txiki batek garatu zuen, baina Sun Microsystems-ek erosi zuen. 1995.etik aurrera, 3.0 bertsioarekin, historiako lehen suite ofimatikoa bilakatu zen, plataforma desberdinetan erabilgarri.

2000. urtean Sun Microsystems-ek StarOffice-aren kodea askatu zuen eta handik jaio zen OpenOffice izena jarri zioten suite ofimatiko zabala. Horrela, Microsoft Office-aren doako alternatiba bilakatu zen eta hiru urte eskasetan milioi bat deskarga egin ziren. 2003an 20 milioi deskargatara heldu zen.

OpenOffice-aren urrezko garaia izan zen: komunitateak elikatu eta hobetzen zuen. Baina arazoak sortu ziren: komunitatea ez zegoen ados Sun Microsystems-en jarrera eta kudeaketarekin, aplikazioak kritikak jaso zituen, aukera berriak sortu ziren… Gainera, 2009an Oracle enpresak Sun Microsystems erosi zuen eta jabe berriak software librearen aldeko ekimen batzuk itxi zituen.

OpenOffice

Eta LibreOffice sortu zen…

2010eko irailaren 28an Sun Microsystems-ekin harremanik ez zeukan garatzaile talde batek LibreOffice aurkeztu zuten: OpenOffice-ko bertsio bat zen, baina Sun Microsystems eta Oracle-tik kanpo eta Windows, Mac eta Linux sistema eragiletarako bertsioak aurkezten zituen.

Hau bilakatu zen OpenOffice gainbeheraren hasiera: Oracle garatzailerik gabe geratu zen, denek LibreOffice egitasmoarekin bat egin zutelako; Oracle-k OpenOffice-aren dohaintza egin zion Apache fundazioari, garapenarekin jarraitu zuela.

Eta hortik aurrera gainbehera nabarmenagoa egin zen: Ubuntun LibreOffice-ak OpenOffice-a ordezkatu zuen eta gero eta erabiltzaile gehiago irabazi zituen lehenengoak.

libre-office

OpenOffice egitasmoaren bukaeraren aurrean gaude?

Duela aste bat, Dennis Hamilton-ek, Apache OpenOffice egitasmoaren presidenteak, publikoki iragarri zuen hausnarketan, OpenOffice-aren azken garaia heldu dela ematen du.

Komunitatea LibreOffice-aren alde dago eta azken urtetan OpenOffice-ak indarra galdu du: gero eta eguneratze gutxiago dago; LibreOffice-k, ostera, ziztu bizian dabil bitartean.

OpenOffice-a hiltzen uzten bada ere, horrek ez du esan nahi software libreak galdu egingo duela: LibreOffice-aren garatzaileak bertsio berrietan lanean dabiltzate eta hodeiara jauzi egitea izango da ere hurrengo erronka, Android eta iOSeko bertsioetan lan egiten duten bitartean.

LibreOffice euskaraz!

Librezale taldearen lanari esker, LibreOffice pakete osoa euskaraz dago.

Librezale euskara informatikaren munduan bultzatzea helburu duen lantalde irekia da. Librezalek ez dauka egitura finkorik, eta edozeinek har dezake parte nahi duen modura eta nahi dion denbora eskainiz. Hainbat egitasmo burutu ditu urtetan zehar.

LibreofficeEuskaraz

 

LibreOfficen euskarazko itzulpenaren zati handi bat OpenOffice.org euskaratzeko proiektutik dator. LibreOfficen interfazea osorik euskaratuta dago, laguntza fitxategiak ordea ez.

The Document Foundation (TDF) izeneko erakundeak, Pootle zerbitzari baten bidez, kudeatzen ditu LibreOffice-eko itzulpenak. Euskal lokalizazioa Librezale taldeko boluntarioek eguneratzen dute.

Euskarazko LibreOffice bertsioak sei baliabide desberdin biltzen dituen pakete osoa eskaintzen du:

  • LibreOffice Writer

Writer testu-prozesatzaile moderno bat da, testu azkar bat idazteko zein edukiak, diagramak eta aurkibideak dituen liburu oso bat diseinatzeko tresnak dituena.

  • LibreOffice Calc

Kalkulu-orri indartsua da Calc. Ikasteko erraza eta aldi berean profesionala, funtzio aurreratu ugari ditu. Morroien bidez modu errazean egin daitezke eragiketa esanguratsuak.

  • LibreOffice Impress

Impress aurkezpenak sortzeko tresna eraginkorra da. Diapositibak azkar sor daitezke editatzeko eta bistaratzeko hainbat modu erabiliz: bistaratze normala, oharrekin, inprimatzekoa, antolatzekoa, etab.

  • LibreOffice Base

Base, datu-baseak kudeatzeko funtzio anitzeko aplikazioa da. Hedatuen dauden formatuak ireki eta edita daitezke Baserekin, besteak beste, MySQL/MariaDB, Adabas D, MS Access eta PostgreSQL.

  • LibreOffice Draw

Draw marrazkiak egiteko tresna da. Zirriborro azkar batetik hasi, eta plano konplexuak sortzeraino irits daiteke erabiltzailea. Liburuxkak, horma-irudiak eta beste hainbat dokumentu sor daitezke Drawekin.

  • LibreOffice Math

Math formulak editatzeko tresna da, eta LibreOfficeko beste edozein aplikaziotik dei daiteke, formateatutako formula matematiko eta zientifikoak dokumentuetan, kalkulu-orrietan, aurkezpenetan eta marrazkietan txertatu ahal izateko.

 

Xuxen 5 zuzentzailea LibreOfficen

Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikala da.

Duela 20 urte sortua, egun hainbat sistema eragiletarako bertsioak sareratu eta hobekuntza nabarmenak izan ditu. Horrela, gaur egungo Xuxenek ortografia akatsak detektatzeaz gain, proposamen gramatikalak eskaintzen ditu baita ere.

Uztailean bertan aurkeztu da azken bertsioa, Xuxen 5. Hemen duzu esteka, doan deskargatzeko.

Bertsio berri honetan, datu-basean Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko eta Elhuyar hiztegietako azken aldaketak txertatu dira; honetaz gain, eta erregela gramatikalak berritu dituzte.

LibreOfficen hedapenen webgunetik XUXEN 5 ortografia-egiaztatzailea deskarga daiteke OXT formatuan. Hedapena instalatzeko, joan LibreOffice Writer-en “Tresnak -> Hedapenen kudeatzailea…” atalera eta gehitu hedapena bertan.

Librezalen parte hartu nahi duzu?

Esan bezala, Librezale talde irekia da. Edozeinek parte har dezake eta modu desberdinen bidez, aukera eta denboraren arabera.

Parte hartu nahi baduzu, hemen sakatu informazioa eskuratu eta posta zerrendara gehitzeko.

librezale-logoa

 

Oraindik zalantzan? Zergatik erabili software librea?

Sarritan mintzatu gara software librearen oinarri eta ondasunetaz. Oraindik argi ez badaukazu zertan datzan, hemen duzu berriro ere ezaugarriak azaltzen dituen irudia.

PosterSoftwareLibre_eus

 

Deskargarako prest?

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu