Berrikuntza teknologikoak

WhatsApp doakoa, baina betiko? Eta zer da datorrena?

Aste honetan bertan WhatsApp aplikazioko arduradunek iragarri dute hemendik aurrera aplikazioa doakoa izango dela. Baina betiko kasu guztietan? Zelan jakin ea neurri horrek zure kasuan aplikatuko den?

Eta honek beste zalantza bat dakar: zelan aterako dio etekin ekonomikoa Facebookek (WhatsAppeko jabeak) aplikazioari?

 

WhatsApp aplikazioak berak iragarri zuen aste honen hasieran laster, behin betiko eta erabiltzaile guztiontzat, doakoa izango dela telefonoan instalatzea eta erabiltzea. Batzuei ez zaie (ez zaigu) inoiz ordaindu behar izatea egokitu, baina urtero euro batetako kuota hori kendu eta monetizaziorako bide berriak bilatuko dituztela baieztatu dute.

Baina… kasu guztietan horrela izango da? Nola adieraziko dizute zure kasuan aplikatuko dela?

whatsaap2

Nola jakinaraziko dizute

Hasteko, aplikazioan bertan, jakinarazpen baten bidez jakinaraziko dizute WhatsApp doan izango duzula betiko.

Baina, kontuz! Jakinarazpen hau bitxia da eta zerbitzuaren iraungitze-data berria daukazula adieraziko dizu, “Bizitza osorako” agertuz. Baina “Bizitza osorako” hau sakatuz gero, desagertu egingo da eta aplikazioak ohartuta zaudela ulertuko du.

Beste erabiltzaile batzuek aurreko egunetan mezu ezberdin bat jaso izan dute, WhatssAppean aurretik zeukaten harpidetza denbora murriztu dela adieraziz.

Nola jakin nire kontuan doakotasuna ezarri den?

Jakinarazpen hori jaso ez baduzu edo nahigabe ezabatu duzula uste baduzu, lasai. Badago zure kontuaren ordainketen egoera berrikusteko modurik.

Aplikazioan bertan, menuan, pausu hauek jarraitu: Ezarpenak > Kontua > Ordainketari buruzko informazioa atalera jo.

Hor agertuko zaizu doako bertsioan zauden jada edo oraindik ordain peko baldintzak mantentzen zaizkizun eta, horrela balitz, ordainketa epeak agertuko lirateke: urtekoa, hiru edo bost urtetakoa.

WhatsAppek, ordea, ez du oraindik iragarri orain dela gutxi ordaindu izan duten erabiltzaileen kasuan zer gertatuko den.

whatsapp1

Buruari eragiten… zergatik orain doakotasuna?

WhatssApp dohan betiko. Zergatik orain eta ez duela urte bat? WhatsApp Facebookek erosi zuen orain dela gutxi, zer galtzen du doakoa bihurtzen? Eta zer irabazten du? Zein asmo dago guzti honen atzetik?
Galdera eta zalantza asko sortu ditu erabaki berri honek. Honi buruz gure zalantzak adierazi genituen ere aplikazioaren ordenagailurako bertsioa aurkeztu zutenean, eta blog honen artikulu batean landu genuen orduan.
Facebookek WhatssApp erosi zuen 2014an, 19.000 milioi eurotan. Zergatik? Erabiltzaile kopuru handiagatik edo publizitatearen bidez etekin ekonomikoa ateratzeko aukera ikusi zutelako?
whatsapp_facebook
Arlo honetan aditu askoren iritzia da, une honetan, Facebookeko nagusiek WhatsAppean aurreikusten dutela sare sozialaren ordezkoa bilakatu daitekeela.
Eta egia esan, zentzua dauka: egun, harreman eta elkarrizketa asko Facebooketik WhatsApp eta Telegramera pasatu dira: ingurukoekin harremana daukagu, edukiak partekatzen ditugu, aldarrikapenak egiten ditugu eta kateetan zabaldu, kanpaina sozialak…
Pentsatu une batez: zer partekatzen duzu gaur egun Facebooken eta zenbat WhatsApp eta berehalako mezularitzako aplikazioen bidez? Asko, ezta? Beraz, WhatsApp erosiz baliteke badaezpadako eragiketa egin izatea: erosketak aukera honen arriskua ezabatu zuen.

Kontutan izan errealitate gordina: Facebooken esku daude gaur egun, jokoak kenduta, munduan erabilienak diren lau aplikazioak: WhatsApp, Facebook, Facebook Messenger eta Instagram.

Ematen du publizitatea ez dela izango aplikatu nahi duten negozio eredua. Aplikazioaren arduradunen esanetan, helburua beste bat da: enpresak erabiltzaile eta bezeroekin harremanetan jarri ahal izateko komunikaziorako kanala bilakatu nahi dute aplikazioa.

Prest egongo zinatekeen zerbitzuak eskaintzen dizkizuten enpresekin harremana izateko WhatsApparen bidez? Pentsatu une batez. Egun, denda, ostalaritzan… aplikatzen hasi da. Baina hau beste zerbitzu mota batzuetara zabalduko balitz… Demagun bankuarekin eguneroko harremanak WhatsAppez bideratzen hasten garela, adibidez.

Bestalde, Facebookeko negozioari WhatsAppak eskaintzen dion ekarpenik handiena, dudarik gabe, informazio pertsonala da. Publizitate egoki baterako beharrezko ezaugarria: eraginkorra eta dagokion moduan zatituta eta beharretara moldatuta eskaini ahal izateko.

Erosteko beste arrazoi bat, beraz: munduan zehar milioika erabiltzaileen datuak eskuratzeko, alde batetik; eta beste erraldoia den Googlen esku ez jausteko, bestetik.

Atera kontuak…

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkin bat

Iruzkina idatzi nahi baduzu