Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuarekin eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariarekin batera, VI. Inkesta Soziologikoaren EAEko emaitza nagusiak aurkeztu ditu, Bizkaiko datuak azpimarratuz, gaur goizez, Euskararen Etxean.
Bost urtetik behin egiten da inkesta soziolinguistikoak, lau ikerketa-eremu jasotzen ditu: herritarren hizkuntza-gaitasuna; hizkuntzaren transmisioa, euskararen erabilera hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, lanean eta eremu formaletan); eta euskararen sustapenari buruzko jarrera. 1991n egin zen lehen aldiz Inkesta Soziolinguistikoa, beraz, 2016ko edizio honetan 25.urteurrenera iritsi da, eta hortik ere badator inkesta honen garrantzi berezia: euskararen gaur egungo egoeraren berri emateaz gain, azken 25 urteetako bilakaera ere erakusten baitigu.
16 urte edo gehiagoko EAEko biztanleak: 4.200 inkesta
Inkesta Soziolinguistikoak 16 urte edo gehiagoko biztanleen unibertsoa hartzen du kontuan. Adin horretatik beherako gazte eta haurrak inkestatik kanpora gelditzen dira. Gaur egun, ahaztu ezinezko datua da 16 urtetik beherakoen adin tartea dela pisu handiena duena euskararentzat: EAEko 16 urtetik beherako biztanleen %81 euskalduna da (240.000 herritar inguru).
2016ko Inkesta Soziolinguistikoak 8.200 inkesta jasotzen ditu, orain arte egin den inkesta-kopururik altuena. Horietatik 4.200 EAEn, 2.000 Nafarroan, eta 2.000 Iparraldean. EAEko landa-lana Siadeco enpresak egin ditu, 2016ko apirila eta maiatza bitartean.
Eskerrak gizarteari hazkundeagatik; erronkei heldu autoatseginkerian erori gabe
Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak ezagutarazi ondoren, Patxi Baztarrika sailburuordeak azpimarratu du “25 urtez luzatu den hazkunde jarraitua eta konstantea” erakusten duela inkestak. “Gainbehera zihoan hizkuntza biziberritze bidean jarri eta bide hori etenik gabe egin dela ikusten da, argi eta garbi”.
Hazkunde hori faktore askori zor zaiola azaldu du sailburuordeak. Baina guztien gainetik bat nabarmendu du, “guztien gainetik dagoena: herritarren gogoa. Gizarte honen proiektu kolektiboa delako egin du euskarak aurrera. Gizarte osoaren meritua da”. esan du. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren izenean zorionak eta eskerrak eman nahi izan dizkio euskal gizarte guztiari, “bera delako hizkuntza aldaketa honen protagonista nagusia”.
Baina inkestak, hazkundearekin batera, erronka berriak eta hobekuntzarako arloak ere bistaratu ditu, Baztarrikaren esanetan. “Arriskutsua da gizarte honen ahaleginarekin euskarak 25 urteotan egin duen aurrerakada ikaragarria bere neurrian ez onartzea eta ez baloratzea. Gizarte honek badu pozik eta harro egoteko eskubide eta motiborik euskararekin egin duena ikusita. Baina arriskutsua da egindakoaren handitasunak eginkizun duguna estaltzea edo lausotzea ere. Arriskutsua genuke euskararena egina dagoela sinestea. Urteotako energia sozialari eta konpromiso politikoari eutsi behar zaie, politika positiboak bultzatzen jarraitu, errazena ez baita aurrera egitea: errazena gaur egungo euskara eta gaztelaniaren arteko desoreka kronifikatzea eta atzera egitea da”, azaldu du.
Horregatik, amaitzeko, autoatseginkerian erortzearen arriskuaz ohartarazi du Baztarrikak. “Erne jarraitu behar dugu, eta ezin dugu autoatseginkerian erori, beti antzua baita. Behar dugu kontsolidatu egindako aurrerakada eta aurrera jarraitu erronka berriei erantzun berriak emanez. Eta hori ere denok egin behar dugu”.