Ingurune adimendun kontrolatzeko, ibilgailu-gidaria identifikatzeko eta gidatzeko modua kontrolatzeko gai den sistema autonomo eta kontsumo txikiko bat lortu dute UPV-EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Elektrizitatea eta Elektronika Saileko ikertzaileak.
Adimen artifiziala giza portaera kopiatzeko gai diren programa informatikoak dira hauek. Hainbat dira aplikazioak: gidaririk gabeko ibilgailuak, diagnostiko medikoak, Interneteko bilatzaileak, hizketaren interpretazioa, spam-irazkiak, etab.
Neurona-sare artifizial bat eta haren ikaskuntza-algoritmoak ingurune adimendunetan integratzeko zirkuitu integratu txiki batean ezartzea lortu dute UPV/EHUko ikertzaileak. Adimen konputazionalean gehien erabiltzen diren tekniketako bat dira neurona-sareak: gizakien garunetan oinarritzen dira, eta ikasteko eta inguruneko aldaketei egokitzeko gaitasuna dute, ikaskuntza-algoritmoak erabiliz.
Horretarako, zirkuitu logiko programagarriak erabili ditu, behar den sistema osoa txip bakarrean ezarri ahal izateko, hardware/software arkitektura jakin bat erabiliz: neurona-sarea hardwarean ezarri du eta ikaskuntza-algoritmoak softwarean.
Hala, datuak ohi baino askoz ere azkarrago prozesatzea lortu dute; azkar ezar daitezke ingurumen-adimeneko inguruneetan —pertsonak ingurune elektroniko batez inguratuta aurkitzen diren interakzio-eredua, pertsonaren beraren presentzia detektatzen duena, testuinguruarekiko sentikorra dena eta erabiltzaileen behar eta ohiturei era moldakor eta ez-instrusibo batean erantzuten diena—, eta ez dute toki handirik behar.
Ibilgailu-gidaria identifikatzeko erreportaia [eitb]
Ingurumen-adimeneko gailu bat garatu dute automobil baten ingurunerako aplikatua, gidariak denbora errealean identifikatzeko. Aplikazioa garatzeko erabili dituzten datuak Istanbuleko Sabanci Unibertsitateak eman dizkie, Uyanik izeneko sedan motako auto bat erabiliz lortutako datuak. Autoak berak ematen dituen datuak erabiliz, gidatzeko moduan oinarrituta gidaria identifikatzeko gai den sistema bat diseinatu dute. Beste identifikazio-sistema batzuekin alderatuta, honek duen alde nagusia da ez duela behar autoak ez duen bestelako elementurik, hala nola kamerarik edo hatz-aztarnen irakurgailurik. Autoko azelerometroen datuak erabiliz edo gidariak azeleragailuaren edo balaztaren pedaletan egiten dituen presioen datuak erabiliz, gidariak identifikatzeko gai da sistema.
Aplikazio horrek batetik, gidariaren segurtasun-sistema gisa erabil daiteke; izan ere, sistemak detekta lezake gidaria ez dela ohi bezala gidatzen ari, arrazoi bat edo beste dela-eta. Bestetik, autoaren beraren segurtasun-sistema gisa; izan ere, detekta lezake gidatzen ari den pertsona ez dela normalean ibilgailua erabiltzen duen pertsonetako bat.