Euskara ingurune digitalean

Txillardegiren lan guztiak digitalizatu ditu Jakin aldizkariak

Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» zenaren idazlan guztiak katalogatu eta digitalizatu egin ditu Jakinek.
Hiru urte eman ditu Jakinek Txillardegiren lan osoa digitalizatzen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmenari esker gauzatu ahal izan da digitalizazioa. Guztira, 1.984 idazlan eta 23.591 orrialde digitalizatu dira. Horietatik, 1.634 idazlan dira Txillardegik berak 55 urtez idatzi eta argitaratutakoak.
Aurreneko dokumentu digitalizatuak 1956koak dira, Egan, Euskera eta Euzko Gogoa aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Dokumenturik berrienak, aldiz, 2010-11koak dira, Hizpide eta Argia aldizkarietan idatzitako artikuluak. Gainerako 350 argitalpen digitalizatuak Txillardegiri egindako elkarrizketak, edota bere obraren inguruko azterlanak, erreseinak eta bestelako idazlanak dira.
Liburuei dagokionean, Txillardegiren 40 lan katalogatu dira. Tartean dira, besteak beste, batetik, Txillardegiren literatur lan nagusiak (eleberriak, ipuin bildumak, saiakerak eta artikulu bildumak) eta, bestetik, euskararen eta hizkuntzalaritzaren inguruan idatzitako lan nagusiak. Honekin batera, Txillardegiren 1.352 artikulu katalogatu dira, 44 egunkari eta aldizkarietan idatzitakoak. Egindako 46 itzulpen lanak katalogatu dira ere, itzulpenak, berredizioak eta bereziekin batera.
Egitasmo hau Txillardegiren lan argitaratuak biltzera bideratuta egon arren, egilearekin lotutako beste material garrantzitsu batzuk ere katalogatu eta digitalizatu dira: Txillardegiri buruz beste egileek idatzitako lanak, hain zuzen ere. Atal honetan ez dute exhaustibitatea bilatu, mamitsu eta interesgarrienak inguratzea baino. Alor honetan 350 lan katalogatu dira.

Euskal pentsalari, eragile eta idazlearen  obra oparoa,  kopuruz [orotara 2.000 lan] eta edukiz. Euskara, soziolinguistika, hizkuntza minorizatuak, sozialismoa, existentzialismoa, nazio arazoa eta beste hainbat gai lantzen baitira Txillardegiren obran. Guztiak, denon eskura, sareko atari honetan: http://www.jakin.eus/txillardegi

Txillardegiren obra jasotzen duen ataria Jakinen proiektu zabalago baten baitan kokatzen da: XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa proiektuan. 60ko hamarkadatik gaur egun arte Euskal Herriko pentsamenduan eta kulturaren garapenean eragin duten euskal autoreen lana berreskuratu eta dibulgatzeko egitasmoa da. Ezinbesteko lana, Jakinen iritziz, transmisioan ditugun hutsuneei erantzuteko.

Gainera, sareko atariaz gain, Txillardegiren obra hedatzeko liburu bilduma eta ikus-entzunezkoak osatuko ditu Jakinek datozen hilabeteotan, ahalik eta modu dibulgatibo eta erakargarrienean.

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu