Txikonek bihar botako du Nuptserako erasoa, Tamayo eta Madariaga lagun dituela Nepaleko tontorrik ederrenaren euskal ‘premiere’-aren bila abiatuko da.
Iritsi da ‘Bizkaia gailurretan-Bilbotik Lhotsera Euskaraz’ espedizioaren egiazko unea, Alex Txikon, Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayo mendizaleen ordua. Abenturaren hastapenetan jasandako osasun arazoak ahaztuta, aklimatazio fasea arrakastatsu amaituta eta aurreko astean alturako kanpoak behin ekipatuta; Txikon, Madariaga eta Tamayo gaur ostirala, abiatuko dira Nuptse (7.861 metro) gailurrerantz, Lhotse eta Everest tontorrekin batera hirukote handientsuenetakoa.
Bertan ez du sekula euskaldunen oinik zapaldu. Gaur goizeko lauetatik aurrera Txikon, Madariaga eta Tamayo lehenak izaten saiatuko dira, une horretan bigarren kanpora abiatuko dira (6.400 metro). Bertan gaua igaro ondoren, larunbatean hirugarren kanpora heltzeko (6.800 metro). Bertako kanpamentua janariz, ekipoz eta materialez hornitu zuten pasa den astean.
Eta igandean iritsiko da erasoaren ordua, beti ere alpino estiloan, oso arin eta garaierako Sherpen laguntzarik gabe. Parte metereologikoaren arabera, gaurko, lainoa eta elurra aurreikusten da, baina egoera hoberuntz joko du larunbaterako, igandean oskarbi egongo delarik. Astelenean haizea agertuko omen da, hori dela eta erabaki dute gailurrerako erasoa igandean egitea.
“Oso pozik gaude, tontorreraruntz jotzeko, eta batez ere oso indartsu gaude. Osasun arazoak atzean utzi ditugu. Aklimatazio lanak ederki egin ditugu eta hirurak oso indartsu gaude” adierazi zuen Alex Txikonek atzokoan.
Espedizioko partaideek une larriak bizi badituzte ere, bizkaitarrek ez dute bere eguneroko lana aldatu beharrik izan. Pasa den asteburuan liskarra sortu zen Lhotseko bigarren kanpoan bere lagun Simone Moro mendizalea buru den espedizioa eta sherpen artean. Pena handia da horrelako gauzak mendian gertatzea, eta egin dezakegun gauza bakarra egoera bere onera eramatea da, eta horixe egin dugu. Eskerrak arazoa guri ez eragitea. Guztia bigarren kanpoan gertatu zen gu kanpo basean ginela. Kontutan izan gure espedizioan ez dugula sherpen beharrik, eta horrek polemikatik kanpo egoteko bidea eman digu. Dena den, horrelakorik berriro ez gertatzea espero dugu eta gauzak lehen bait lehen konpontzea.” adierazi du Txikonek.
Eskaladarari dagokionez, Txikonen esanetan, zailtasun handiena bigarren eta hirugarren kanpoen artean agertu diren “seracs” batzuk dira. “Hirugarren kanporarte, ezagutzen dugun partean, esan dezakegu teknikoki eskalada ez dela zailtasun handiegikoa, baina arriskurik handiena “seracs” ikaragarri batzuen azpitik igaro behar dugun tramo batean dago. Eta gailurra egiteko egunean guztia nabarmen okertuko da, bai teknikoki bai eta altueragatik ere. Baina erronkarako prest gaude, indartsu eta ilusioz gainezka, mundua Nuptseko gailurretik begiratzeko desiatzen. Ziur ikusgarria izango dela”, amaitu du Amorebietan bizi den alpinista Lemoarrak.
Igandean berri gehiago… zorte on mutilak!!!