Euskara ingurune digitalean Sare sozialak

Twitterren enpresarako profila sortu behar duzu? Oinarrizko 10 gomendio

Zure enpresa, elkarte, erakundea… Twitterren presentzia izan behar duela erabaki baduzu, hasieratik lana modu egokian egitea beharrezkoa da, estrategia bat izatea eta hau aurrera eraman ahal izateko ekintzak martxan jartzea. Baina sarritan honi ekiten diogunean akats eta hanka sartzeak egiten ditugu. Hau ez gertatzeko hemen dituzu oinarrizko 10 aholkuak.

Twitter enpresako kontuak

 

Enpresa baterako Twitter kontua kudeatu eta elikatu behar duzula? Ez larritu. Zerrenda honetan kontuan izateko 10 gomendio zehaztu ditugu, ohiko jardueretan suertatzen diren egoeretatik abiatuta.

1. Erabiltzaile izena erabakitzea, pausu garrantzitsua

Agian uste duzun baino erabaki garrantzitsuagoa da erabiltzaile izena aukeratzea. Zuk erabaki behar duzu hau eta kontuan izan behar duzu sare sozial honetan izen honekin emango duzula ezagutzera zure enpresa, elkarte edo erakundea.

Beraz, identifikagarria izan behar du, zure erakundea nabarmendu behar da. Baina 15 karaktere, besterik ez, dituzu honetarako. Hau da bigarren baldintza, luzera. Gainera, izen laburrak hobeto gogoratzen dira eta birtxiokatzeko aukera handiagoak emango dizkizu.

 

2. Biografiaren atala osatu

Twitterrek bio izeneko atala eskaintzen dizu, 160 karaktere kopuru mugatua duen eremua bete eta erakundeari buruzko informazioa osatzeko. Idazteko aukera txikia duzun honetan, negozio edo jarduerarekin bat datozen hitz gakoak agertu behar dituzu. Pentsa ezazu profilak jarraitzaileak lortzeko helburua daukala honek.

Enpresa, elkarte edo erakundearen kokapen geografikoa aipatu baita ere.

 

3. Profilaren irudia aukeratzen arreta jarri

Twitterrek defektuz eskaintzen dituen arrautza horien irudiak ahaztu mesedez!

Erakunde, enpresak… profesionaltasuna erakutsi nahi du eta irudizko eremu honekin aukera paregabea duzu logoa jartzeko.

Irudia eta erabiltzailearen izena izango dira beste erabiltzaileek ikusiko duten lehenengo edukia. Beraz, arreta eskaini hau doitzeko.

 

4. Atzeko irudia eta goiburua

Izaera propioa agertu. Erabil ezazu enpresaren irudi korporatiboa edo haren koloreak agertzen dituen irudi bat. Baina saia zaitez enpresaren izaera islatzen eta bakarra izaten.

Twitter enpresako kontuak

5. Jarraitzaileak bilatu bai, baina irizpide batzuen arabera

Jarraitzaileak lortu behar dituzu enpresaren konturako, bai. Baina ez hasi beste erabiltzaile batzuk jarraitzen inolako irizpiderik gabe eta guztiei zure kontua jarraitzea eskatzen.

Estrategia bat sortu eta garatu behar duzu eta, horren arabera, mota batetako jarraitzailea definitu beharko zenuke eta horietara jo.

Milaka erabiltzaile zure jarraitzaileak bilakatzeak ez du inolako zentzunik izango hauek zure estrategian markatutako irizpideak betetzen ez badituzte. Hobeto astiroago jokatu eta bilakaera apurka apurka ematea.

 

6. Eduki propioak sortu

Beste erabiltzaile batzuen edukiak partekatu eta birtxiokatzea ondo dago, baina hau ez da Twitterren egotearen helburu nagusia bilakatu behar. Oso inportantea da zuk ere enpresaren izenean eduki propioak sortzea eta sare hau aprobetxatzea hori hedatzeko. Erreputazioan hazi, edukiak ezagutarazi eta hauen bitartez zure enpresako webgune edo bloga, zure jarduerari buruz mintzatu, ikuspuntua eta ekarpenak eskaini… Hainbat alor landu ditzakezu eduki propioak sortzearen bidez.

 

7. Beste erabiltzaileei erantzun

Sare sozialak, beste ezaugarri batzuen artean, elkarrizketa dira. Zuk argitaratutako txioek birtxio, erantzun, aipamenak… jasotzen badituzte, hauei erantzun. Interakzioa bermatu behar duzu, konfiantza sustatu eta komunitatea sortu nahi baduzu.

 

8. Mezuen automatizazioa dela eta

Sare sozialak pertsonak gara; eta gizakion artean mintzatzea atsegin dugu, ez makinekin.

Badaude mezu automatikoak sortzen dituzten aplikazioak eta behar batzuk asetzeko oso egokiak dira: jarraitzaile berri bati eskerrak emateko, berehalako erantzun bat bideratzeko…

Baina inpertsonalak izatearen arriskua badago eta, beraz, mota hauetako programazioak tentuz erabili behar dira. Funtzio guztietarako programatutako mezuak martxan jarri eta gizaki baten kudeaketa atzetik ez badago, kontua desegokia eta inpertsonala bilakatuko da.

 

9. Kontuz ortografia akatsekin

Denei gertatzen zaigu noizbait, batez ere Twitterrek eskatu eta eskaintzen duen berehalakotasun eta azkartasuna bultzatuta. Baina arreta jarri ortografiari, seriotasuna eta profesionaltasuna golokan jar dezakeen akatsa izan daiteke.

 

10. Mezuen argitalpenean jarraitutasuna zaindu

Jarraitutasuna eta oreka mantendu. Tarte batean txio zaparrada itzela argitaratzea inoiz ez argitaratzea bezain kaltegarria suerta daiteke zure enpresako profilerako. Islatzen duena ez da egokia. Berriro ere, estrategia baten garrantzia azpimarratu behar dugu. Ondo zehaztu eta kudeatu noiz eta zelan argitaratuko dituzun txioak: gaiak, tarteak eta abar.

Jarraitutasun bat izateak zure jarraitzaileekin lotura estutzen lagunduko zaitu.

 

Argiago duzu orain zelan kudeatu enpresarako Twitter kontua? Zalantzarik baduzu, esan!

 

Save

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu