Egun, telefono modernoek, smartphoneek, daukaten arazotariko bat, bateriaren iraupenarekin batera, edukierarena da. Txartela digitalaren bidezko aparteko memoriarako baliabidea izan ezean, bi aukera izango dituzu egoerari aurre egiteko: diru gehiago inbertitzea, gailuak gigabyte gehiago izateko, edo edukiera txikiarekin moldatu eta kudeatzen ikasi.
Gaurkoan, memoria gutxirekin bizirauteko aholkuak eskainiko dizkizugu.
Gaur egun erabiltzen ditugun telefono adimentsuek bi muga dituzte, fabrikatzaileei burutik eragiten dizkienak: bata, bateriaren iraupena luzatzearena; bestea, gailuek memoria edukiera handiagoa eskaintzearena. Biek eragina handia daukate gailuaren diseinu, tamaina eta pisuan. Eta horregatik gainditu beharreko bi arazo dira.
Neurrizko prezioan eros genezakeen telefonoak 8 GBeko barne-memoria izaten du; 16 GBko bat erosteko ia bikoitza ordaindu behar dugu; eta 32 GBko bat eskuratzekotan oso argi izan beharko dugu inbertsio handia egingo dugula, 600€ inguru; hortik gora, 64 GBeko modelo oso gutxi daude eta luxuzko artikuluak dira, 800€tako kostuarekin.
Gailuak aparteko microSD txartela sartu ahal izateko aukera eskaintzen badizu, arazo gutxiago izango dituzu. Baina horrela ez balitz, sarritan edukierarik gabe geratuko zara eta, gertatzen oi den moduan, unerik txarrenean izango duzu telefonoaren memoria beteta.
Zelan biziraun egoera horretan? Hemen aholku batzuk:
Benetan erabiltzen dituzu instalatuta dituzun aplikazio guztiak?
Gure telefonoak edukiera gutxi badauka, kontutan izan behar dugu aurretik instalatutako zenbait aplikazio dituela. Sistema eragilea berak eta fabrikazioz dakartzan beste aplikazio hauen artean baliteke 3-5 GB arteko edukiera beteta egotea.
Lehenengo aholkua, ahal dugun eta aplikazio gehien kentzea: behin instalatu eta berriro erabili ez dituzun horiek, norbaitek komentatutakoak baina frogatu ez dituzunak…
Ezabatu ezin dituzun beste aplikazioen kasuan, aprobetxa ezazu instalatuta dauzkazula eta horiek erabili, funtzio berdineko beste berri batzuk instalatu beharrekotan.
Webgune bidezko aplikazioak erabili
Aplikazioak eguneratu eta berritzen diren heinean, sarritan pisu gehiago izaten dute. Sare sozialetakoak, adibidez, gero eta edukiera gehiago betetzen dute.
Aplikazio askok badaukate web bertsioa, beste edozein webgune bezala kontsulta daitezke. Kasu honetan, egokiagoa da horrela nabigatzea horietan zehar. Lekua egingo dugu telefonoaren memorian eta, gainera, webgune horien mugikorretarako bertsioak gero eta aurreratuagoak dira eta erabiltzeko errazagoak.
Deskargak ataleko zerrenda ezabatu
Hau Android sistema eragileko telefonoetarako trikimailua da.
“Deskargak” atalera joan (Aplikazioak > Deskargak – karratu eta geziaren ikonoa duena-) eta bertan “Interneteko deskargak” zein “Bestelako deskargak” ataletan dauden fitxategiak aukeratu eta ezabatu.
Aldi baterako fitxategiak ezabatu
Aplikazio batzuek katxe memoria erabiltzen dute, gure telefonoan aldi baterako gordeko diren fitxategi txikiak, baina lekua betetzen dutenak. Hauek ezabatzean, edukieraz gain azkartasuna irabaziko dugu baita ere.
Androiden: Ezarpenak > Gehiago > Aplikazio kudeatzailea > eta bertan instalatuta ditugun aplikazio guztiak ikusiko ditugu eta banan-banan sakatuta, horien datuak ikusiko ditugu; “Garbitu katxea” izeneko botoia dago eta hau sakatuz, denbora baterako fitxategi horiek ezabatuko ditugu.
Kontuz! Badago beste botoi bat “Garbitu datuak” jartzen duena; hau sakatuta, aplikazioan ezarri eta doitutako datuak ezabatuko genituzke.
iOSen: Ezarpenak > Orokorra > Memoria eta iCloud > hor aplikazioen zerrenda agertuko zaigu. Bertan, katxea garbitzea ahalbidetzen duten aplikazioetan aukera eskainiko digu; besteetan, aplikazioa ezabatzeko aukera izango dugu.
Aplikazioen datuak ezabatu
Aplikazio askok aldi baterako datuak gordetzen dituzte baita ere: nabigazioaren jarduera, cookieak eta beste zenbait fitxategi.
Datu hauek eskuz ezabatu daitezke behar izanez gero.
Androiden: Ezarpenak > Aplikazioak > Gehiago > Aplikazio kudeatzailea eta honetan, banan-banan sartu eta “Garbitu datuak” botoia sakatu.
Esandakoa: aukera honen bidez aplikazioari buruzko informazioa galtzeko arriskua daukagu.
Musika, bideoak eta jokoak
Mugikorra sarritan aisialdian ere erabiltzen dugu: argazkiak egiteko, musika entzuteko, jokoak… Zure telefonoa 8 GBetakoa bada, aurreztu behar duzu.
Jokoen kasuan, denetarik dago behar duten edukiera aldetik; zuk jakin beharko duzu ea joko potolo bat izan nahi duzun edo sinpleagoak diren batzuk nahiago dituzun.
Musikaren kasuan, kontutan izan telefonoaren memorian abestien pistak gorde beharrekotan, egun streaming edo zuzenean erreproduzitzen duten aplikazioak daudela. Musika sarean dago, ez zure telefonoaren memorian eta zuk aplikazioaren bidez pizten duzu.
Bideoak beste kontu bat dira. Ez dizu pena merezi bideoz betetzea daukazun edukiera eskasa. Leku asko behar dute bideoek. Filma edo serieen kasuan, musika bezala, streaming bidezko aukerak dituzu.
Argazkien kopia egin eta telefonotik hustu
Multimedia fitxategiek edukiera asko betetzen dute.
Egun, telefono adimentsuak izanda, argazki kamara ordezkatu dute askotan eta edozein aukera aprobetxatzen dugu argazkia ateratzeko. Bestalde, argazkiei buruzko sare sozialak gero eta erabiliagoak dira.
Kasu honetan, noizean behin telefonoa ordenagailura konektatu eta argazkiak deskargatzea komeni da. Ordenagailuaren aukeraz gain, ba daude beste baliabide batzuk baita ere: hodeian deskargatzea argazkiak. Gaur egun badaude hainbat zerbitzu eskaintza honen inguruan.
Aplikazio batzuek, berehalako mezularitzakoak batez ere (WhatsApp, Telegram, Line…) argazkiak telefonoan automatikoki deskargatzeko aukera izaten dute. Hau ezgaitzea komeni da, bestela, berehala beteko zaigu telefonoaren memoria, mezuetan jasotzen ditugun argazki eta bideoekin.
Aparteko memoria, salbamendua!
Zorionez, zenbait baliabide sortu dira azkenaldian, aparteko memoria izateko aukera ematen dizkigutenak.
SSD Diskoak oso erabilgarriak dira eta aukera paregabea. Magnetikoak baino azkarragoak dira, baina edukiera txikiagoa izaten dute.
Hauek telefonora konektatu eta segurtasun kopiak egin ahal izango ditugu, edukiak deskargatu.
USB OnTheGo izenekoak eta PenDriveak dira beste aukera bat. Telefonora lotu eta fitxategiak bertan gordetzeko aukera emango digute. Androiden kasuan USB konexioaren bidez lotuko dira; iOSeko gailuek, ostera, USB eta Lightning konexio bikoitza izango dute.
Beraz, telefono berria eskuratu behar baduzu, aholkurik onena litzateke behintzat 16 GBkoa izatea. Eta bestela, badakizu, kudeatzen ikasi eta arretaz ibili!