Teknologia egitasmoak

Teklatuekin osatutako artelanak

Erik Jensen ordenagailuen teklatuekin koadro harrigarriak sortzen dituen artista. Prozesu berezi bat erabiltzen du koloreak lortzeko, eta ondoren koadroak saltzen ditu bere web orrian.

Photoshoparen garaian artista askok egin zuten bezala, Erik Jensenek ordenagailua erabiltzen du koadroak sortzeko. Edizio-programak oinarrizko tresna bihurtu dira argazkigintzarako, zinemarako eta, oro har, diseinurako. Hala ere, Jensen ekipamendu informatikoen atal fisiko batean oinarritzen ditu bere artelanak: teklatuetan. Zehazki, tekletan edo giltzetan.

Jensenek bere webgunean azaltzen duenez, birziklatze-enpresek ez diete ordenagailuen teklatuei etekinik ateratzen. Berak, ordea, bai, tekla horiekin artelanak sortzen baititu. Horretarako, lehenik teklatuak garbitu behar ditu. Gero, tekla guztiak atera, eta tinta bereziekin tindatu. Eskuz egiten du prozesu hori, eta behar dituen kolore guztiak lortzen ditu. Artistak baina, ez du prozesu osoa ezagutarazi nahi, baina azken emaitzan ikus daitekeenez, prozesuak teklaren kolorea aldatzen du, eta, aldi berean, dagokion letra, zenbakia edo karakterea gordetzen du.

Horrela, mota guztietako koloreen tonuak lortzen ditu, teklatuetako berezko tonuekin konbinatuta: beltza, zuria, grisa eta beixa. Jensenek, halaber, teklatu-dohaintzak onartzen ditu, baina kopuru handiak direnean baino ez, 20tik gora, arazo logistikoak, bidaltze-arazoak eta ingurumen-arazoak tarteko.

2013an hasi zen Jensen koadroak egiten metodo horri jarraiki, baina 2017an merkaturatu zituen bere artelanak estreinakoz. Koadro bat bizpahiru hilabete behar ditu, batez ere eskaera-bolumenagatik, sortze-prozesua, antza, ez baita hain astuna. Prezioari dagokionez, tekla bakoitzeko 1,20 dolar kobratzen ditu, eta koadroek gutxienez 1.000 pieza dituzte. Jensenek klasiko ezagun asko erreproduzitzen ditu; esaterako, Katsushika Hokusai margolari japoniarraren Kanagawaren olatu handia 4.400 teklarekin osatu du, eta 7.100 dolar balio du.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu