Euskarazko bideoen batzaile izan nahi du TBX (te-be-ixa ahoskatua) proiektuak. Gure hizkuntzan eginiko bideoei ikusgarritasuna ematea eta, orokorrean, euskaldunok sarean ikusten ditugun bideoen sailkapen automatiko eta jarraitu bat eskaintzea du helburu.
CodeSyntax-ek sortu du TBX. Algoritmo propioa garatu dute bideoak eta kanalak detektatzen dituena eta, hala, haien ikusgarritasuna edo arrakasta erlatiboaren arabera ranking ezberdinetan antolatzen ditu. Kanal zehatzen bat detektatzen duenean, ordea, ez du betiko hartuko. Hizkuntzaren araberako bideoz bideoko errepasoa egiten du.
Sortzaileek adierazi dute programak hizkuntzari soilik erreparatzen diola, eta ez geokokapenari. Hau da, Euskal Herritik kanpo grabatutakoa edo geokokatutakoa baldin eta euskaraz bada, TBXren iragazkietan sartuko da. Hala ere, euskarazko bideoak sailkatzeko prest dagoen arren, euskaldunok sare sozialetan iruzkinduriko erdarazko bideoak ere sartu daitezke sailkapenean.
Momentuz, Youtube-koak dira zerrendetan sartzen diren bideo guztiak, zerbitzu honen API-a delako automatikoki ustiatzeko aukera ematen duena. Sortzaileek diote, oraingoz, ez dagoela erraztasun teknikorik Vimeo edo Facebook gisako plataformetako bideoak gehitzeko. Hala ere, garatzen eta berrituz joanen den plataforma dugu honakoa.
Lehen bertsioak eguneko, asteko, hilabeteko eta urteko sailkapen aldakorrak eskaintzen ditu.