Euskara teknologian eta IKTak euskaraz

Euskal Mitologian girotutako 3D bideo-jokoa!

sorginen kondaira

‘Sorginen Kondaira’ izeneko bideo-jokoa aurkeztu du Binary Soul kooperatibak. Bertan ezagutu ahal izango dituzu Euskal Mitologiako pertsonaiak; sorginak, basajaun, Mari, lamiak, tartalo…

 

Apirilaren 21ean aurkeztu zen proiektua, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso duena. Urtebete eman dute Binary Soul kooperatibako langileek jokoa burutzen. Euskara eta euskal kultura sustatzea da beraien helburua, horretarako erreferentzia historikoak erabiliz. Hortaz, hezkuntza ere txertatuta dago bertan, umeak dibertitzen dauden bitartean ezagutu eta ikas dezaten.

Jokoaren ezaugarriak

Haur eta nerabeei zuzendutako bideo-jokoa da, bereziki 8 eta 14 urte bitarteko gazteentzat. Euskaraz eta gaztelaniaz jokatu daiteke, eta kolore eta forma erakargarriak ditu, landu eta zainduak.

Sorgina izateko ikasten ari den neska gazte bat da jokoaren protagonista. Partidan aurrera egin ahala, mezu ezberdinak agertuko zaizkio. Horien bidez, toki eta pertsonaien inguruko historia eta mitologia azalduko da. Izan ere, Euskal Herriko geografiako eszenatoki esanguratsuetan kokatuta dago istorioa.

 

sorginen kondaira 2

Dinamikari dagokionez, hiru atal nagusi ditu. Lehenengoan puzzleak osatu behar dira, bigarrenean Euskal Mitologiaren pertsonaiak eta lekuak ezagutzeko aukera dago (Zugarramurdiko sorginak, esaterako). Eta hirugarrenean, pertsonaia horiek lagundu beharko dira, eurekin batera jolastuz. Horretaz gain, ‘Historia’ izeneko atal bat ere azalduko da, non bilduta dagoen jokoan zehar agertutako elementu, toki eta pertsonaien inguruko informazioa.

Beraz, aisialdia eta hezkuntza uztartzen dituen bideo-jokoa da ‘Sorginen Kondaira’,  euskara eta euskal kultura sustatzen dituena. Erakargarria, ezta? Dagoeneko salgai dago Elkar Argitaletxeko dendetan, eta trailerra ere ikusgai dago jokoaren webgunean.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu