Berrikuntza teknologikoak

Smartphoneko bateria aurreztu nahian bazabiltza, ekiditzeko 10 aplikazio

Bateria bukatu zait!!!

Smartphonetako bateria aurreztu nahian eta ezin?

Gaur egun, teknologiak hainbat eta hainbat gauza eskaini dizkigu: internet edonon, telefonotik edozein kudeaketa egin ahal izatea, entretenimendua, eta abar. Baina, egunero gauza bera gertatzen zaigu,  gure sakelako smartphoneak bateriarik gabe gelditzea.

Hori ekiditeko asko dira erabiltzen ditugun trikimailuak: gau osoa kargatzen utzi, batzuek bateria kargatzeko aparatua beraiekin soinean eramaten dute egunero, beste batzuek bi bateria eramaten dituzte, beste batzuek bateria kargatzeko jadanik kargatuta dagoen aparailu bat, eta abar.

Zerbait egin behar, bestela egun osoa bateria aguantatzea gero eta zailagoa suertatzen ari da eta.

Antzinako sakelako telefonoen bateriak hainbat egun behar zituen amaitzeko, eta gaur egun hori da eskatzen dieguna gure Smartphone maiteei, ohartu gabe, oraingo telefonoek pantaila askoz handiagoa dutela, hainbat aplikazio instalatuta, interneteko konexio etengabea, eta abar. Horrek baliabide asko behar ditu eta orduan….ez digute egun osoa behar dugun erritmora aguantatzen, eta horrek haserretzen gaitu. Jadanik lanean daude teknologia enpresa handiak hau hobetzeko, baina ez da hain erreza. Bateriak gero eta meheagoak eta pisu txikikoak izan behar dutelako.

Beraz hori lortzen duten arte, egin dezakeguna zera da, jakin zer den bateria gehien kontsumitzen duena. Android sistema eragileak, iOS-ak eta Windows Phonek baino energia gehiago behar du makina birtual baten kontra lan egiten duelako.

Jokoak dira bateria gehien kontsumitzen dutenak potentzia grafiko handia behar dutelako, eta nahiz eta ez jolastu telefonoan instalatuta izateagatik bakarrik baliabideak kontsumitzen ari dira etengabe, Candy Crash, esaterako.

Eta ondoren aplikazioak dira bateria gehien kontsumitzen dutenak, eta hauek dira guztien artean baliabide gehien behar dituztenak:

 

Gero eta aplikazio gehiago ditugu gure smartphonetan.

Gero eta aplikazio gehiago ditugu gure smartphonetan.

Facebook

Etengabe ari da eguneraketak egiten, eta nahiz eta ez zabaldu bateria gastatzen du, baina batez ere sartzen garenean eta berrabiarazten dugunean gure lagunen egoera berriak ikusteko.

Waze

Kotxez ibiltzen direnek erabiltzen duten aplikazioa, TomTom bezalakoa baina smartphonarentzat eta gainera, errepideetan geratzen diren gorabeheraz informatzeko aukerarekin. Geolokalizazioa behar duenez, baliabide asko kontsumitzen duen aplikazioa da hauxe. Alternatiba Google Maps izan daiteke, edo Here, baina hauekin ere baterian beherakada nabarituko duzue.

Spotify

Egia da historiako musika guztia entzuteko aukera izatea gure smartphonean guztiz desiragarria dela, baina oso kaltegarria gure bateriaren iraupenerako. Abestiak telefonoan deskargatzea alternatiba ona izan daiteke bateriak gehiago irauteko.

Amazon

Online dendarik handienaren aplikazioak ez du ematen, baina bateria jale amorratua da, bideojoko bat izango balitz bezala. Ezin bazara bizi Amazonera egunero sartu gabe alternatiba bat webgunetik sartzea izango litzateke, egia da bisualki ez dela hain erosoa baina behintzat bateria asko aurreztuko dugu.

Posta elektronikoa

Kasu honetan garrantziak ez du zein posta zerbitzu erabiltzen dugun (Gmail, Yahoo, Hotmail, eta abar…) ia guztiek baliabide berdintsuak erabiltzen dituztelako, zenbat email kontu ditugun mugikorrean sinkronizatuta baizik. Hau da, bi kontu pertsonal eta laneko beste bat baldin badugu eta gainera posta asko jasotzen baditugu orduan bai nabarituko dugu bateria jaitsiera nabarmena egunean zehar.

Ezberdintasun handia dago ere pull edota push sistema erabiltzen badugu, bateria gehiago aurreztuko dugu baldin eta emailak agertzen badira gu postontzian sartzen garenean. Ostera, email berri bat bidaltzen digutenean une horretan bertan jasotzea nahi badugu, baterian eragina izango du, gure telefonoa etengabe egongo delako zerbitzariarekin kontaktuan email berriak dauden edo ez jakiteko.

Line eta Whatsapp

Linen, mezuez gain sticker izeneko irudi handi batzuk bidali daitezke, eta oso politak badira ere ezin ditugu asko erabili gure baterian eraginik izan gabe.

Ez bazara Line erabiltzailea baina bai Whatsapp erabiltzailea ez poztu, aplikazio horrek ere deskalabru izugarria sor dezake zure baterian, adibidez talde askotan sartuta egoteak eta etengabe mezuak jasotzen egoteak bateria jaten du ordu gutxitan. Ziurrenik konturatuko zinen, baina nor ausartzen da gaur egun bat-bateko mezuen aplikazio horretatik at bizitzen?

Instagram

Argazki eta bideoak partekatzeko aplikazio honek ere energia dezente gastatzen du, batez ere bideoekin. Baina benetan sare sozial hau atsegin dutenek ez dute alternatiba askorik, Pinterest esaterako, baina ez da gauza bera ere ez.

Path

Facebook bezalako sare soziala baina lagun minentzat bakarrik, argazkiak, bideoak, mezuak eta abar igo daitezkeenez baterian ere eragin izugarria du.

YouTube

Ezin dugu zerrenda bukatu Youtube aipatu gabe, izan ere, bideoak beti dira baliabide gehien kontsumitzen dituztenak. Gainera ezin dugu ahaztu bideoek bateriaz gain datu asko kontsumitzen dituztela eta ondorioz, gure Interneteko tarifan kontratatuta ditugun mega asko jan ere. Wifiari konektatuta gaudenean erabiltzea gomendatzen dugu.

Twitter

Beste sare sozial batzuekin alderatuz nahiko optimizatuta dela esan genezake baina hala ere beraien baterian eragina izango dute tuiteroek, batez ere aplikazioak duen jakinarazpen sistemagatik. Eta oso aktiboa eta jarraitzaile asko baduzu gehiago, horregatik gomendagarria da jakinarazpenen ezarpenetan sartzea eta benetan interesatzen zaizkizunak bakarrik uztea, jarraitzaileen mezu zuzenak, aipamenak eta bertxioak esaterako.

Eta zuk, zein da erabiltzen duzun trikimailua bateriarik gabe ez geratzeko? Wifia edo Bluetootha itzali, pantailaren distira eta argitasuna jaitsi… Partekatu zure trikimailuak gurekin eta horrela beste post baten gai honen inguruan informazio gehiago eskaini ahal izango dugu.

Animatu!

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu