Sketchcrawl izeneko egitasmoa burutuko da apirilaren 23an (larunbata) Elgetan, Intxortako erresistentzia eguna ospatzeko. Bertan egin dezake topo marrazteko gogoa duen edonork.
Ospatzen den 51. Sketchcrawl-a izango da larunbatekoa. Goizeko 10:00etan hasiko da, Elgetako plazan. Oraingoan Intxortako borroken errekreazio bat egingo da, eta emakume erresistente eta errepresaliatuei egingo zaie omenaldia. Erakusketa ikusteaz gain, hainbat ekintza izango dira egun osoan zehar: bazkaria, errekreazioaren entsaioak eta bisita gidatuak.
Zer da Sketchcrawl bat?
Enrico Casarosa italiarrak (Pixar etxeko marrazkilaria) 2004an sortutako egitasmoa da. Helburua marraztea gustuko duten pertsonak biltzea da. Lau topaketa egiten dira urtean zehar, munduko hiri eta herri desberdinetan. Bertan, milaka pertsona bildu eta batera marraztu egiten dute.
Horrela, egun horietan munduko milaka eta milaka pertsona egoten dira aldi berean margozten. Bakoitza bere inguruan antolatu den herri edo hirian. Asteburu honetan, Elgetaz aparte, beste toki askotan ere ospatuko da: Bartzelonan. San Frantsizkon, Alcala de Henaresen, Birmingham-en, Goiânian (Brasil), Gironan…
Egindako lanak www.sketchcrawl.com webgunean argitaratzen dituzte. Bertan ikusi daiteke ere zeintzuk diren planifikatuta dauden topaketak.
Sketchcrawl-ak Euskal Herrian
2004tik hona 50 Sketchcrawl antolatu izan dira, asteburukoa izango da 51.na. Hortaz, Euskal Herriko hainbat herri eta hirietan ospatu dira jadanik: Donostian, Elorrion, Bilbon, Baionan, Lekeition, Balmasedan, Amurrion, Iruñan… eta abar.
Guzti horietan egin diren lanak Edurne Iriarte iruñarrak sortutako blog batean bilduta daude. http://euskalherriasketchcrawl.blogspot.com.es/ blogean, hain zuzen ere. Beraz, marraztea gogoko baduzu apuntatu agendan hurrengo zita: apirilaren 23an (larunbata) Elgetan. Animatu!