Gazteizko Emaize Sexologia Zentroak irabazi zuen Euskararen Ginkana lehiaketa eta 3.000 eskuratu zituen euskaraz proiektu bat sustatzeko. Kutxa Ekoguneak eta Azkue Fundazioak antolatu eta Euskaltzaleen Topaguneak koordinatutako ekimena izan zen Ginkana. Bi hilabetez, euskara, ekologia eta teknologia berriei lotutako probak gainditu behar izan zituzten taldeek finalera iritsi ahal izateko.
Apirilak 21eko larunbatean ospatu zen finala Kutxa Ekogunean, ordura arteko probetan puntu gehien batu zituzten lau taldeekin. Itziar Ituño aktoreak gidatuta, aurtengo edizioko azken bost probak burutu behar izan zituzten taldeek. Emaizek lortu zuen sari potoloa, baina beste taldeak ere ez ziren esku hutsik joan. Guztiek produktu ekologikoz osaturiko saski bana eta beste hainbat opari jaso zituzten.
Arabako ordezkari bakarrak parte hartu zuen lehiaketan eta beraiek izan ziren irabazleak. Emaize Sexologia Zentroa euskararen erabilera bultzatzen duen eragile bat izan ez arren, Ginkanan aritu izanak herritarrei euskara eta sexualitatea hurbilarazten lagundu die, eta hori “sexualitatea bezain aberasgarria eta atsegina” izan zela deritzote taldeko kideek.
Sexualitatea lantzeko euskarazko bideoak
Saria sexu hezkuntzarako euskarazko ikus-entzunezkoak sortzeko erabiliko dutela azaldu dute irabazleek, horien gabezia handia dagoelako gaur egun. Emaizekoek egunero Euskal Herriko eskola desberdinetan aritzen dira, eta askotan, ikasleen aurrean biluzik sentitzen dira sexualitatea lantzeko euskarazko materialak oso urriak direlako: “sexualitatea identitatearen parte bada eta euskara beste bat, sexualitatez euskara ez den beste hizkuntza baten hitz egitea arrotza izan daiteke, eta ez dizu beharrezkoa den hurbiltasuna eskaintzen.”
Proiektua guztiz zehaztuta ez duten arren, sexualitatearen lotura duten gai desberdinen (erlazio erotikoak, identitate sexuala, desioaren orientazioa, tratu onetan oinarritutako harremanak edo aniztasun funtzionala duten pertsonen sexualitatea) inguruko laburmetrai sorta bat egitea dute buruan. Gainera, Gasteiz edo inguruetako elkarte, kolektibo eta taldeekin lan egitea gustatuko litzaieke, beraiek ere proiektuaren parte senti daitezen.
Sexualitatearen inguruan dauden erreferentzia gehienak, bai sarean, liburuetan edo telesailetan, ez ditugu euskaraz aurkitzen. Emaizekoek gazteentzako zuzendutako euskarazko astekari batean hainbat urtez artikuluak idatzi zituzten, eta horiekin Sexualitatean Xirikatuz liburua osatu zuten. Hurrengo proiektuarekin sexualitatea euskaraz lantzeko baliabide gehiago egotea da helburua.
Emaize Eukararen Ginkana