Sarritan esaten dugu interneten partekatzen ditugun eduki guztiak ziberespazioan iraungo dutela betirako eta praktika honek arriskuak dituela eta kontuz ibili behar garela.
Egun, gure bizitzako une asko eta asko, batzuetan gehiegi, publikoki zabaltzen ditugu eta sare sozialetan partekatzen ditugu. Argazkiak argitaratzen ditugu, egoera ezberdinetan, gure lagun, ezagun eta jarraitzaileei erakusteko non eta zer egiten gauden. Eta askotan, eduki horietan gure seme-alabak agertzen dira baita ere. Facebook, Instagram eta YouTube antzinean erabiltzen genituen argazki bilduma modernoak bilakatu dira, baina ez gara konturatzen partekatzen ditugun guzti horiek milioi lagunetara hel daitekeela.
Batzuetan ospea bilatzen gaudenean sarean egiten ditugun ekintzen bidez, ahaztu egiten dugu pribatutasuna zaintzeko neurriak; jende guztia gure umeen argazkiekin liluratzea bilatzen dugu. Eta, zoritxarrez, jarrera horrek arazoak ekar ditzake.
Sare sozialen garaien aurretik partekatzen genituen edukiak talde murriztu eta itxi batean geratzen ziren. Egun, ostera, ez gara konturatzen argazki edo bideo horiek interneten gure profiletara hel daitekeen edozeinek har ditzakela eta gure seme-alabentzako ondorio kaltegarriak ekarri.
Hau guztia dela eta, kontzientzia sortu eta lau ohar edo gomendio partekatu nahi ditugu sare sozialetan euren seme-alaben argazki eta bideoak partekatzen dituzten guraso horiekin.
Profila publikoa ez izan
Facebook, YouTube edo Instagramen zure profila publikoa bada, interneterako sarbidea duen edozeini zure edukiak ikusteko gonbidapena luzatzen ari zatzaizkio.
Hau ekiditzeko, zure edukietara heltzeko aukera bakarrik zure zuzeneko kontaktuetara mugatu beharko zenuke. Argitalpen bakoitzaren pribatutasun ezaugarriak ere molda ditzakezu eta baita beste erabiltzaileek ikusi ahal izango dutena doitu ere. Aholku oso gomendagarria, batez ere edukian adin gabekoak agertzen direnean.
Inoiz ez partekatu beste batzuen seme-alaben argazkirik
Sarritan taldeen argazki edo bideoak partekatzen dira sare sozialetan. Baina, horietan agertzen diren lagun guztiek baimena eman izan dute euren irudia partekatua izateko? Eta adin gabekoak direnean, euren guraso edo tutoreei ohartu zaie eta baimena eskatu?
Ume horien guraso edo arduradunen eskubidea da jakitea nork, non eta nola ikusi ahal izango diren adin gabeko horien irudiak sarean, partekatuko direla eta zelan egingo den.
Bideoak partekatu baino lehen, ondorioetan pentsatu
Zure seme-alaben bideoak argitaratzen badituzu, uneren batean trollak izango dituzu atzetik. Hauek edukiak aztertu eta komentario maltzurrak botatzen dituzte, edo edukiak hartu eta erabilpen desegokia egin.
Zure seme-alaben pribatutasuna ez jarri arriskuan
Familia edo etxeko giroan ematen diren egoera asko intimitatean gordetzekoak dira; dibertigarriak, hunkigarriak, politak… izan daitezke, zalantzarik gabe, baina eremu pribatuan zaindu eta gordetzekoak.
Adibidez, bainuontzian une bitxiak suertatzen dira, baina umeak direlako euren gorputzen irudia partekatu behar duzu? Jarrera desegokia eta horrelako argazkien bila dabilen jende asko dago sarean. Ez ahaztu.
Gure bizitza internetera eraman dugu eta horrekin gure pribatutasuna arriskuan jarri dugu. Adin gabekoen kasuan, gurasoak dira haur horien pribatutasuna zaindu eta bermatzearen arduradunak. Eta gainera, euren ardura da baita ere eredu izatea.
Kontutan izan guzti hau hurrengo batean argazki edo bideo bat partekatzen duzunean.
[…] horrela, Azkue fundazioaren post batek lau gomendio jaso […]
[…] Sarritan komentatu izan dugu blog honetan: adingabekoek badituzte eskubideak eta ez dute zertan euren irudia beste hirugarren baten eskutik sarean argitaratuta dagoela jasan beharrik. […]