Euskara ingurune digitalean

Seme-alabak teknologia berrietan hezitzeko gida bat argitaratu du Eusko Jaurlaritzak

zeuk_esan

‘Internet eta teknologia berriak, hitz egingo dugu familian’ izeneko eskuliburu berria elebitan egongo da eskura, eta hilabete barru aholkularitza zerbitzu berri bat eskainiko da.

 

Gaur, otsailak 9, internet seguruaren nazioarteko eguna da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak gaur proiektu hau kaleratu du: Zeuk Esan. 

Eusko Jaurlaritzak gida berri bat argitaratu du gurasoei zuzendua, euren seme-alabak teknologia berrien erabilera arduratsu eta seguruan hezi ditzaten. ‘Internet eta teknologia berriak, hitz egingo dugu familian’ izeneko eskuliburu berria elebitan egongo da eskura webgunean. Gainera, hilabete barru Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak aholkularitza zerbitzu berri bat eskainiko du, gurasoek familientzako gida horren eta irakasleek DBHko ikasleentzako ‘egON LINE’ gidaren erabileraren gainean izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

Zeuk esan proiektua

Zeuk esan proiektua

Eusko Jaurlaritzak teknologia berrien erabilera arduratsu eta segurua sustatzeko baliabideak eskaini nahi dizkie adin txikikoei, irakasleei eta gurasoei, eta helburu horrekin bat dator gidaliburu berria, Europako Batzordeak sustatu eta Internet Seguruaren aldeko Europako Sareak (INSAFE) astearterako antolatu dituen Internet Seguruagoaren aldeko Eguneko ospakizunen barne. Sustatzaileek -aurten Eusko Jaurlaritza ere- teknologia berrien erabilera seguruagoa sustatu nahi dute mundu osoan, bereziki, adin txikikoen eta gazteen artean.

Legegintzaldiaren hasieratik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak hainbat ekimen bultzatu ditu adingabeak babesteko Interneteko mehatxuen aurrean. Esaterako, 2015eko Internet Seguruagoaren aldeko Egunean (otsaileko bigarren asteartean izan ohi da), DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak teknologia berrietan hezteko gida pedagogikoa argitaratu zuen. Ikasmaterial hori, ‘egON LINE’ deritzona, Zeuk Esan ekimenaren webgunean dago eskura.

Safer Internet Day 2016 lehiaketa

Bestalde, teknologia berrien erabilera segurua bultzatzeko, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak lehiaketa bat antolatu du Lehen Hezkuntzako 3. mailako eta DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta.

Parte-hartzaileek apirilaren 25era arteko epea izango dute teknologia berrien eta Interneten erabilera arduratsua sustatzeari buruzko ikus-entzunezko proiektuak aurkezteko. Bi adin-kategoria bereiziko dira, eta epaimahaiak bosna finalista hautatuko ditu. Edonork bozkatu ahal izango du, eta kategoria bakoitzean boz gehien dituena aterako da garaile.

Bihartik aurrera, ikastetxeek eta aisialdi-taldeek lehiaketaren gaineko informazioa jasoko dute, Zeuk Esan webgunean ere eskura egongo dena.

Iturriak: Eitb.eus, elcorreo.com, euskadi.eus 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu