Sare sozialak

Sare sozialetan ematen diren iruzurrak? Ez jausi horietan!

Sare sozialak, komunikaziorako ez ezik, ziber-erasotzaile askorentzat eremu zabal ere badira. Egunero interneteko zenbait guneren bitartez biktima bila dabiltzate, engainu eta amu ezberdinak erabiliz. Zeintzuk dira ohikoenak eta zein neurri hartu behar ditugu horietan ez jausteko?

Ez zaitez fidatu!

Gehienetan eskaintza berezi edo oparien ilusioa erabiltzen omen dute azpijokoa izkutatzeko: produktu bereziren bat lortuko dugula, zerbitzu bereziren bat jasoko dugula…

Jakitunek arreta jartzea gomendatzen dute, batez ere sare sozialen bitartez heltzen zaizkigun eskaintza berezien itxurarekin.

Zer izan behar da kontutan horrelako eskaintza bat jasotzen dugunean? Hasteko, iturria fidagarria dela bermatzea, azatarna batzuetan arreta jarriz:

  • Eskaintza egiten duen enpresa ezaguna da eta zerbitzua berak eskaintzen duenarekin bat dator?
  • Eskaintza egiten duen enpresa edo markaren izena argi agertzen da eta bere logo edo izaera korporatiboa ondo ikus daiteke?
  • Edukian klik egiterakoan, bideratuko gaituen url-ari arreta jarri: enpresarena da? helbide arraroa da?
  • Erantsitako fitxategirik deskargatzea eskatzen badigute, printzipioz ez fidatu.

Ardura jartzea beharrezkoa da eta ondo legoke ere sarrien ematen diren engainu horiek ezagutzea.

cibererasotzailea

Iruzurrik ohikoenak

Merkatal gune eta jantzi dendetako deskontutarako kupoiak

Zertan datza:

Merkatal gune eta marka handiek (mercadona, IKEA, El Corte Inglés, Zara…) inkesta bat erantzuteagatik 500€tako deskontutarako kupoiak eskaintzea.

Gezurrezko inkesta hori bete behar duzu eta azken puntuan zure kontaktuekin partekatzeko eskatuko dizute, ondoren txeke, kupoi edo horrelakoren bat deskargatzeko esteka agertuko zaizulakoaren hitzarekin.

Batzuetan, marka horien irudiarekin gezurrezko webgune edo orriak agertzen zaizkigu baita ere.

Zer egiten dute: inkesta horretako eremuetan betetako datuak eskuratzeko trikimailua da. Pentsatu zenbat datu lortzen dituzten horrelako maniobrarekin: izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, posta elektronikoa…

Sarritan ordainpeko SMS zerbitzutan izena emateko ezkutuko baimena lortzen dute eta gure datu guzti horiek saldu egiten dituzte.

Eta maiz, iruzurrak maila gorenekoa lortzen du, ordainpeko telefono batetara deitzea eskatzen digutela, kode berezi bat lortu ahal izateko.

iruzurra-ikea-inkesta

WhatssAppeko edizio berezia

Iruzur hau ohikoa da eta urtean zehar zenbaitetan errepikatzen da.

Zertan datza:

Internet bidez edo telefonoan zuzenean, WhatssApp aplikazioaren edizio berezi bat doan deskargatu ahal izango duzula esaten du. Zure telefono zenbakia eskatzen dizute.

Zer egiten dute: zure telefono zenbakia ordainpeko SMS berezietako zerbitzutara gehitzen dute. SMSak jasotzen hasiko zara eta zuk ordaindu beharko duzu horietako bakoitza, prezio oso altuan, gainera.

whatsapp-iruzurra

WhatssAppeko ahots-mezua jaso duzula esaten duen posta elektronikoa jaso

Zertan datza:

Posta elektroniko baten bidez zure kontaktu batek WhatassAppeko ahots-mezu bat utzi dizula eta hau deskargatu behar duzula adierazten dizute erasotzaileek.

Zer egiten dute: Play edo deskargatzeko botoia sakatuz gero, malwarez kutsatuko dizute ordenagailua.

WhatssApp aplikazioko arduradunek argi uzten dute bere webgunean beraiek ez dituztela posta elektroniko edo testu mezurik bidaltzen.

whatsapp-ahotsmezua-iruzurra

Facebooken itxurazko kolorea aldatzea

Hau ere iruzur zaharra da baina aldiro berriro agertzen dena.

Zertan datza:

Facebookeko itxura eta koloreak aldatzeko gonbidapena jasotzen duen mezu elektronikoa jasotzen duzu. Hau egin ahal izateko, aplikazio bat erabili beharko duzula esaten dizute eta hau eskuratzeko, webgune baterako esteka luzatzen dizute.

Zer egiten dute: webgune horretan sartzen zarenean, aplikazio horretako deskargarako esteka agertzen zaizu eta zure kontaktu guztiekin partekatzera behartzen dizute. Deskarga egiteko telefono zenbaki bat eskatzen dizute. Ez dago deskargarik, baina ordainpeko SMS zerbitzu berezi batetan izena emango duzu eta aurreko kasuan bezala, SMSak jasoko dituzu eta zuk ordaindu beharko dituzu.

Facebook-kolorea-iruzurra

Paketeen bidalketa egiten duten enpresen jakinarazpenak

Azkenaldian oso erabilia izaten ari da iruzur hau.

Zertan datza:

Ustezko mezularitza enpresa ezagun baten posta elektronikoa jasotzen duzu (MRW, DHL…). Bidalketa baten jakinarazpenari dagokion gezurrezko mezua da eta erantsitako fitxategi bat dakar, sakatu behar duzuna.

Zer egiten dute: esteka edo botoia sakatzen duzunean, zure ordenagailua malwarez kutsatzen dizute.

Gehienetan, mezu horren igorlearen posta elektronikoa berrikusten baduzu, enpresa horretakoa ez dela baieztatuko duzu.

dhl-iruzurra

Iruzur hauetan ez jausteko aholkuak

  • Arduratsua eta arretatsua izan. Ez fidatu eskaintza eta lehiaketaz.
  • Sare sozialetan eskaintza berezi bat ikusten baduzu eta parte hartu nahi baduzu, bilatu lehenengo enpresa horren profila ofizialetan (Facebook, Twitter, bloga, webgunea…) eta hor agertzen ote den ikertu edo zuzenean galdetu.
  • Eskaintzak bideratzen zaituen webgunearen url-a arretaz ikertu.
  • Posta elektronikoen kasuan, arreta handia jarri baita ere: ikertu posta horren igorlearen izena eta helbidea (enpresaren izena agertzen den, luzapena zuzena den…); ortografia akatsak dauden berrikusi; eta erantsitako fitxategirik balego, ondo pentsatu deskargatu baino lehen (gogoratu malwarea izan daitekeela).
  • Ordain peko SMS zerbitzuetan baja eman. Zure telefono konpainiarekin kontaktuan jarri eta horrelako zerbitzuetara inoiz ez gehitzeko edo izena emateko aukerarik ez egotea ezarri. Horrela arazo hauek ekidituko dituzu.

 

Kontutan izan guzti hauek eta gogoratu… birritan pentsatu sakatu baino lehen eta ez zaitez hasieratik fidatu!

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu