Gurekin parte hartu nahi?

Sabeletik euskaraz zaintzen ikasteko aukera zure esku

Haurra, gabi menasheren irudia

Urte berriko lehen hitzaldi – ikastaroari buruz arituko gara gaurkoan.

Metaforikoa ematen badu ere, urte berria eta mundura heltzear edo heldu berri diren haurren inguruko jarduera batekin hasiko dugu urtea Euskararen Etxean.

Hilaren 23an Sabeletik mundura egitasmoko Nahia izango dugu gurekin, hitzaldi bat eskaintzen:
Sabeletik euskaraz zaintzen ikasten izenburu pean, haurdunaldi, erditze, edoskitze, zaintza eta abarrei buruz ikasi eta partekatzeko aukera izango duzue.

Haurdun bazaude edo oraintsu ama edo aita izan bazara, primerako aukera da hau. Ezagutzen al duzu euskaraz haurdunaldiaren inguruko informazio iturririk? Zein materiala dago sarean zaintzari buruz euskaraz? Harremana duzu arlo honetako profesional euskaldunekin?

Agian galdera eta zalantza ugari izango dituzu haurdunaldi edo gurasotasunari buruz. Informazio ugari dago gaur egun, baina euskaraz gutxi. Horregatik otu zitzaigun hitzaldi hau antolatzea: heziketa euskaraz eta euskaraz bizi ahal izateko bidea haurdunalditik hasi behar delako.

Haurra. Thomasen argazkia: https://www.flickr.com/photos/_-o-_/

Hitzaldi honetan haurtxoaren elikadura, higienea – bainua eta pixoihalak-, eta haurtxo eta gurasoen beharrak bateratzeko eta lehen hilabeteak elkarrekin euskaraz gozatzen ikasteko gako praktikoak emango dizkigu.

Alde praktikoaz gain, euskaraz zein baliabide dauden ere azalduko ditu Nahiak (aldizkariak, webguneak…).
Ohiko hitzaldi bat baino, helburua entzuleen parte hartzea sustatzea da, guraso izatera doazenen edo izan berri direnen beldur eta galderei erantzuna emango zaielako.

Haurdunalditik 2 urteko haurra dutenen bitartekoei zuzenduta dago eta doakoa izango da. Entzule kopurua egoki kudeatu ahal izateko izena aurretik ematea eskatzen dizuegu bakarrik. Hemen sakatu eta zuzenean egin ahal izango duzu.
SabeletikMundura_logotraspSabeletik mundura egitasmoaren nondik norakoak hobeto ezagutu nahi badituzu, hemen sakatu. Proiektu benetan polita eta beharrezkoa da.

Gurasotasunari aurre egiteko bidelagun euskaldunak dira egitasmoa osatzen duten Nahia, Asier eta Aner.

2011an eman zituen lehenengo pausuak eta egun webguneaz gain, online denda eta beste zenbait zerbitzu ere eskaintzen dituzte: fomazioa, aholkularitza, besteak beste.

Ama-haurren akonpainamenduan, edoskitze aholkularitzan, haurdunaldiko eta jaiotzeko galeretan sakondua, soinean eramate eta continuumean aholkularia da Nahia.

Beraz, sabeletik euskaraz zaintzen ikasteko aukera zure esku duzu. Ez galdu!

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkin bat

Iruzkina idatzi nahi baduzu