Euskararen Etxea

Raketistak Lehen eta Orain dokumentala ikusgai, Euskararen Etxean

emakumea-eta-pilota2-300x286

Ainhoa Palomok eta Jon Juanesek aurkeztuko dute RAKETISTAK: (1917-1980) dokumentala, irailaren 13an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan, Euskararen Etxean

 

Frontoian jokatzen zuten emakume hauek mundu mailako lehen kirolari profesionalak izan zirela uste da. Aurretik emakumeak pilotan jartzeko saiakerak egon ziren arren, 1917an Ildefonso Anabitarte enpresari donostiarrak neska gazteak eraman zituen Madrila eta han jokoan jarri zituen. Egurrezko raketa sendoekin eta teniseko pilotarekin hasi baziren ere, berehala hartu zuten larruzko pilota. Frontoi txikietan abiadura ikaragarrian jokatzen zuten batere babesik gabe; espektakulua ziurra zen.

Arrakasta lagun, frontoiak hedatuz joan ziren Espainiar Estatuan nahiz Ameriketan. Zabalkuntza honek pilotariak eskatzen zituen, eta horrela sortu ziren raketa eskolak.

Etxetik 15 urte ingururekin  joan eta pilotan trebatutakoan dirua etxera bidaltzeko modua egiten zuten gehienek. Emakume aitzindari hauek Euskal Herrian gaizki ikusiak  izan ziren, oro har, garaiko emakume moldearekin bat egiten ez zutelako; kanpoan ordea, arrakasta dastatu zuten askok.

Horregatik, “Raketistak Lehen eta Orain Kultur Kirol Elkarte”-tik isiltasunean iraun duen pilotari hauen istorioa agerian jarri nahi dugu.

Dokumentalaren izena; “Raketistak Lehen eta Orain” da eta ordu eta 13minutu irauten ditu. Honekin, emakume pilotari profesionalak ezagutzeko bidaia aurkezten dizuegu. Ez bat eta ez bi, ehunka emakume izan ziren raketista profesional Espainiar Estatuan nahiz Ameriketan propio zabaldutako frontoietan. Eta gu erabat ezjakin izan gara. Raketisten gaia gordea egon da, sekretua bailitzan.

Egiaztatzea lortu dugun informazioarekin 1917tik 1980ra bitarte iraun zuen modalitatearen berri ematen dugu, ikuspegi orokorra izan dezazuen. Argazki, agiri, ilustrazio eta egunkariez gain, “Agustina”, “Ramonita”, “Asteasu”, “Emili”, “Soroa” eta “Larramendi I” ezagutzeko aukera izango duzue. Emakume aurrerakoi hauek frontoi barruan nahiz kanpoan izandako bizipenen berri emango digute, norberak bere larruan bizitakotik. Gezurra dirudi, “Soroa” salbu, gainerako bost lagunek 90 urteren buelta dutenik. Bidai on.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu