Euskararen Etxea

Pop Pilulak fanzinea eta Xabier Montoia Euskararen Etxean

Captura

Pop-kulturaz mintzo den Pop Pilulak fanzinearen laugarren alea aurkeztuko dute maiatzaren 21ean Bilboko San Inazio auzoko Euskararen Etxean 19:00etatik aurrera. Pasa den urteko abenduan atera zuten lehen alea, eta Durangoko Azokan izandako harrera onak aldizkariarekin jarraitzeko indarra eman zien egileei.

Musika, zinema, literatura edo arteari buruz irakurtzeko aukera edukiko dugu idazle ezberdinek idatzitako testuetan, eta beti ere, “XX. mendean mendebaldean gertaturiko pop leherketaren prismatik begiratuta”. Euskal kultura ez dute bazterrera uzten eta horri buruzko idatziak ere badaude, baina Pop Pilulak fanzineak gure mugetatik kanpo jarrita du fokua.

Laugarren alea zenbait dendatan zabaldu dute honezkero, eta bere edukietan bost kolaboratzaile berriren testuak jasotzen dira. Aritz Galarraga, Gotzon Hermosilla, Txerra Rodriguez, Giorgio Bassmati eta Gorka Erostarbe izan dira kolaboratzaile berriak. Aurreko aleetan  aldizkarian idatzi dutenak ere lanean jarraitu dute, eta besteak beste, Goizalde Landabasok jazz atmosferadun Jack Vettriano pintorea izan du hizpide eta Julen Azpitartek Agrimensor K 80ko urteetako post-punk talde donostiarrean aritutako Ignacio Valencia elkarrizketa du.

Bilbon La Casa de Atrás dendan, Muga tabernan, Anti Liburudendan eta Mongolia gunean egongo da salgai fanzinea. Bermeoko Luma liburudendan, Iruñako Katakrak-en, Gasteizko Zuloa Irudia dendan, Donostiako Kaxildan eta Zarauzko Zuloa Irudia dendan ere salduko da.

Maiatzaren 21eko Euskararen Etxeko aurkezpenean Julen Azpitarte argitalpenaren arduradunak eta Yurre Ugarte kolaboratzaileak parte hartuko dute, eta Ane Zalaba kazetariak solasaldia gidatuko du. Hizketaldiaren ostean Xabier Montoiak kontzertua eskainiko du.

Era berean, ekainaren 6an Urretxun ere aurkeztuko da fanzine berria, Kalegorrian jaialdia sustatzeko egingo diren ekitaldien barruan.

5287541

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu