Euskara ingurune digitalean

Pasahitz seguruak aukeratzen badakizu? Zer izan behar da kontutan?

Uda honetan asko hitz egin izan da gailuetan gordeta ditugun edukien lapurketa eta gure pasahitzen segurtasunaren inguruan. Gero eta gailu elektroniko gehiago erabiltzen ditugu, plataforma eta sare sozialetan presentzia handia daukagu eta orokorrean mundu digitalean jarduera nabarmena dugu.

Eta bai gailu eta bai baliabide hauek pasahitzak eskatzen dituzte. Baina askotan pasahitz hauek ezartzerakoan ez ditugu gutxienezko segurtasun neurri batzuk zaintzen eta ez diogu dagokion arreta jartzen pasahitza erabakitzearen gaiari.

Denbora falta dela edo gure erosotasuna eta gogoratzeko erraztasuna beste baldintzen gainetik jartzen dugula, nahitanahiezko arau batzuk ez ditugu zaintzen. Pasahitzak ezartzerakoan kontutan izan behar diren ezaugarri batzuk azalduko dizkizugu.

 

 

Zein da pasahitz seguru baten gakoa?

Lau oinarrizko baldintza zaindu behar dira: sekretua, sendoa, ez errepikatua eta aldatzea.

SEKRETUA

Txotxolokeria badirudi ere, pasahitza sekretua izatea da segurtasunaren bermea. Pasahitza partekatuta den unetik, arriskua hasten da.

Hau haur eta gazteen artean azpimarratzea garrantzitsua da, askotan lagunekin partekatzen bai dituzte; eta lagune horiekin harremana apurtzekotan, pasahitza ez da segurua izango eta arazoak suerta daitezke: beste hirugarren bati esatea, datuak erakustea eta baimenik gabe beste bati ematea edo sarean partekatzea…

 

SENDOA

Honi sarri ez diogu erreparatzen; kontu bat sortu eta une horretan edozein hitz sartzen dugu pasahitz gisa, arin bukatzeko asmotan.
Zein da pasahitz sendoa osatzeko formularik sendo eta osatuena?

  • 8 karaktere
  • Letra handi, txiki eta zenbaki edo sinboloak agertzen dituena

Ez erabili:

  • Hitz errazak eta ohikoak
  • Izen propioak
  • Zenbaki errenkadak: 12345…
  • Teklatuaren letrak errenkadan: qwerty, asdfg…
  • Leku izenak: auzoa, hiria, mendia…
  • Konbinazio laburregiak: izena eta zenbaki gogokoena, adibidez
  • Sakelako telefonoaren zenbakia
  • Jaiotze datak…

Badaude minutuero milaka pasahitzekin froga editen duten programa informatikoak eta oso azkar atera dezakete zurea. Adibidez, letra txikiz soilik osatutako 3 karakteretako pasahitz bat asmatzeko 0,02 segundu behar izaten dute eta 0,86 segundu, ostera, konbinazioa zuzen egin denean, letra guztiak erabiltzeko. Ondo osatutako 8 karakteretako bat igartzeko beharrezko denboraren media, 2,1 mendetakoa izan zitekeen.

Taula honetan ikus daiteke:

Luzeera Karaktereen konbinazio zuzena eginez Letra txikiz
3 karaktere 0,86 segundu 0,02 segundu
4 karaktere 1,36 minutu 0,46 segundu
5 karaktere 2,15 ordu 11,9 segundu
6 karaktere 8,51 días 5,15 minutu
7 karaktere 2,21 urte 2,23 ordu
8 karaktere 2,10 mende 2,42 egun
9 karaktere 20 milaurteko 2,07 hile
10 karaktere 1.899 milaurteko 4,48 urte
11 karaktere 180.365 milaurteko 1,16 mende
12 karaktere 17.184.705 milaurteko 3,03 milaurteko
13 karaktere 1.627.797.068 milaurteko 78,7 milaurteko
14 karaktere 154.640.721.434 milaurteko 2.046 milaurteko

Argi dago, ezta?

 

EZ ERREPIKATUA

Hau batzutan zaila izaten da betetzeko ere, baina segurua izateko, aplikazio, zerbitzu edo behar bakoitzak bere pasahitz propioa izan beharko luke. Zergatik? Bestela, bat urratua izatekotan, beste guztiak ere arriskuan jarriko liratekeelako.

Baina zaila izaten da bakoitzaren gakoa gogoratzea. Zer egin?

  • Bokalak zenbakietaz ordezkatuz: adibidez, etxe polita – 3tx3 p0l1t4
  • Arau mnemoteknikoak jarraitu: adibidez, dakigun esaldi baten hitzen lehenengo letrak aukeratuz: Maite ditut maite nire bazterrak – mdmnb
  • Modelo edo eredu berdintsuak erabili zerbitzu ezberdinetarako: adibidez, aurreko adibideak hartuta, bukaeran zenbaki edo letra handi bat gehituz eta hasiera berdina erabiliz: posta elektronikoan, adibidez, mdmnbA; Facebooken, mdmnbB; Twitterren, mdmnbD…

 

ALDATZEA

Noizean behin pasahitzak aldatzea komenigarria da.

Segurtasun galderak direla eta

Zerbitzu batzuetan segurtasun galderak ezartzeko aukera ematen digute. Pasahitza ahaztu egiten badugu, galdera hauei erantzunez sartuko ginateke. Baina galdera hauek maiz errezegiak eta nabarmenegiak dira, edozeinek asmatzeko modukoak.

Kasu hauetan, edo galderak aldatu edo soilik guk jakingo ditugun gezurrezko erantzunak asmatzea da onena.

 

Pasahitzak kudeatzeko tresnak

Badaude pasahitzak kudeatzen dituzten tresnak. Hauek erabiltzekotan, horren pasahitza ahalik eta sendoen osatzen esfortzu berezia jarri behar da, beste guztiak hor egongo direlako gordeta baita ere.

Eta kontutan izan pasahitz hau ahaztekotan, ez genukeela besteetara jotzeko aukerarik izango.

Hauek dira pasahitzak osatu eta kudeatzeko tresna batzuk:

KeePassX 

Plataforma ezberdinetarako, zifratu eta kode zabaleko (Open Source) tresna da.

 

1Password

Plataforma ezberdinetarako eta Google Chrome nabigatzailerako luzapena eskaintzen du.

Frogetarako bertsioa 30 egunez erabil daiteke.

 

LastPass

Plataforma ezberdinetarako eta zenbait nabigatzaileentzako luzapena ere eskaintzen ditu. Doako bertsioa dauka ere.

 

DashLane

Plataforma ezberdinetarako baita ere. Honen berezitasuna, pasahitzetaz gain, banketxetako kontu korronteen zenbakiak gordetzen dituela.

Doako bertsioa dauka.

 

Beraz, badakizu, zaindu itzazu arau hauek zure pasahitz eta gakoak askoz seguruagoak izateko.

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

3 iruzkin

Iruzkina idatzi nahi baduzu