Teknologia egitasmoak

“Pac-Man” tripontzia, lau hamarkada jan eta jan

“Pac-Man” bideo-jokoak lau hamarkadako ibilbidea burutu du  hil honetan; halere, indarrean jarraitzen du, bai jatorrizko bertsioan, bai erabat berreginda. Merkaturatu zenean, sekulako harrera ona izan zuen zaleen artean, bere erraztasuna tarteko. Horretaz gainera, ordura arte erabat gizonezkoa zen bideo-jokoen unibertsoa hankaz gora jarri zuen.

1980ko uztailean merkaturatu  zen ofizialki jokoa  Japoniako jolas-aretoetan, baina sortzaileek uste dute maiatzaren 22an sortu zela Pac-Man, orduan jarri baitzen lehen makina kokapen-test batean, Tokioko Shibuyako auzo ezagunean, ikusle guztien aurrean erakusteko.

Puck-Man izenarekin kaleratu zen, baina izenaren grafia aldatu zuten, estatubatuarrek Puc hitzaren “p” hizkiaren ordez “f” erabili ez zezaten. Puck/Pac, japonieraz “paku” ahoskatua (hizkuntza horretan “mokadu bat emateko” ekintza deskribatzeko erabiltzen den onomatopeia da), jatearen kontzeptu soil eta unibertsalean zentratu zen, orduan jolas-eremuetatik oso urrun zegoen jendea erakartzeko asmoz, batez ere, emakumeak.

“Emakumeak eta bikoteak erakartzeko zerbait bururatu zitzaidan. Emakumeak pastel eta postreekin gozatzen zutela imajinatu nuen, eta irudi hori etorri zitzaidan burura, emakumeak pastelak eta postreak jaten; beraz, ‘jan’ erabili nuen hitz gako gisa”, azaldu zuen Toru Iwatani Pac-Man-en sortzaileak, 2010ean. Iwatanik pizza bat jaten ari zela osatu zuen jokoaren kontzeptu osoa.

Jokoaren bidez, ahalik eta jende gehien (emakumeak, haurrak, bikoteak)  erakarri nahi zuen jolas-aretoetara; gehienak gizonak ziren, eta “Space Invaders” arrakastatsuaren zale amorratuak ziren: martetarrak txikitzea helburu duen joko klasikoa.

Iwatani gaztea (Tokio, 1955eko urtarrilaren 25a) 1977an hasi zen lanean Namco konpainian, pinball makinak garatzeko asmoz. Enpresari erakutsi zion bere joko berria, bai eta garatu ere, baina konpainiak ez zuen interes handirik erakutsi, ezta kritikak ere.

Baina jokoak publiko orokorra bereganatu zuen, batez ere AEBetan: 1980an merkaturatu zen, eta 100.000 makina baino gehiago saldu zituen. Time aldizkariaren azalean ere agertu zen, eta Guinnes marka bat ere lortu zuen.  Jokoak industria irauli zuen, eta antzeko proposamen berrien inspirazio bilakatu zen, tartean, “Mappy” (1983) jokoa. 1990eko hamarkadan, 2.500 milioi dolarreko (2.300 milioi euro) mozkinak eragin zituen “Pac-Man”-ek.

Indarrean

Agertu eta lau hamarkada eta gero, “Pac-Man”-ek kontsoletan jarraitzen du: dozenaka bertsio ditu eta frankiziaren 21 titulu baino gehiago daude, besteak beste, “Ms. Pac-Man”, 1981ean Midway estatubatuarrak argitaratua, eta “Pac-Man 256”, berriena.

Azken joko hori Hipster Whale bideojoko independenteen editore australiarrak sortu zuen Namcorentzat, eta 2015. urtean argitaratu zen. Industriako glitch (aurreikusi gabeko akats bat) mitikoenetako baten interpretazio dibertigarria da.

“Pac-Man”-ek gaindi daitezkeen 255 maila ditu. Haatik, 256. maila infinitua eta aurreikusi gabea da, zortzi digituko sistema bitarrean zenbakiak idazteko muga teknikoen ondorioz. 8 biteko datu-kopuru izugarriak pantailan distortsioa eragiten zuen, eta horrek maila infinitu bihurtu zuen.

Hipster Whalek akats tekniko horrekin jokatu zuen eta amaierarik gabeko joko bat sortu zuen, garaiarekin bat datorrena, eta hainbat jokalarirekin jokatzeko aukera ematen duena.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu