Ekainaren 22an, 14:00etan, Bai Euskarari Sarien banaketa-ekitaldia ospatuko da Donostiako Tabakaleran. Alor sozioekonomikoan euskalduntzean eragitea da Bai Euskarari Elkartearen helburua eta sari hauen bidez arlo horretan euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi ditu Bai Euskarari komunitateak.
Aurreko urteetan bezala, hiru sari banatuko dira: Bai Euskarari ziurtagiria duten bi entitatek Bai Euskarari Saria jasoko dute eta hirugarren saria Bai Euskarari Laguna izango da, Euskal Herriko pertsona batek jasoko duen saria, bereziki alor sozioekonomikoaren espazioetan euskara sustatzearen alde egindako lanagatik edo ekarpenagatik.
Sariduna publikoaren esku! Zeintzuk dira zure ustez alor sozioekonomikoan euskara sustatzearen alde egindako lanagatik edo ekarpenagatik aitortza behar duten hiru horiek?
Irabazleak aukeratzeko garaian, publikoaren proposamenak ere hartuko dira aintzat eta ondoren, Bai Euskarari Elkartearen zuzendaritzatik hiru saridunak hautatuko dituzte. Horri begira, Bai Euskarari Sarietarako hautagaiak proposatzeko epea ireki da maiatzaren30a arte. Publikoak ondorengo galdetegiaren bidez aukeratu dezake irabazle izateko hautagaia: https://goo.gl/forms/DjkQTcSmASnBUCSV2
· Bai Euskarari ziurtagiria dutenen artetik, bi proposatu behar dira Bai Euskarari Saria jasotzeko. Aukeraketa egiteko, Bai Euskarari Ziurtagiridunen mapa kontsulta daiteke esteka honetan: http://www.baieuskarari.eus/eu/ziurtagiridunak
· Pertsona bat Bai Euskarari Laguna sariarekin aitortua izateko.
Zure aukera egin baino lehen, Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateen mapa kuxkuxeatzea merezi du, informazioa jaso, baloratu eta nahiago dituzun entitate horiek aukera ditzazun: http://www.baieuskarari.eus/eu/ziurtagiridunak