Facebook, ia 2000 milioi erabiltzaile dituen sare soziala izugarri hazi da urte gutxitan. Plataforma honetan partekatzen diren edukiak zaindu eta kontrolatzea amaigabeko lana bilakatu da eta, ematen du, egoerak gainditu diela Facebook-eko arduradunei. Langile erregimentu bat aritzen da honetan; baina zuk uste duzu nahi duzun edukia partekatu dezakezula Facebook-en? Orain edukiak onartzeko irizpideak jasotzen dituzten dokumentuak zabaldu dira. Hauek dira Facebook-en arauak; eta zenbaitek harrituta utzi gaituzte…
1.940 milioi erabiltzaile, ia 2.000 milioi Facebook-eko kontu eta 18.700 langile mundu osoan zehar. Egunero 300 milioi irudi partekatzen dira sare sozial honetan. Hauek dira sare sozial erraldoi honen datuak. Adituen esanetan, Facebook gehiegi eta azkarregi hazi da eta sare sozialean argitaratzen diren eduki guztien gaineko kontrola eta zaintza egitea ezinezkoa bilakatu zaio.
Egoera honetan, kritika nabarmenak jaso ditu azkenaldian, batez ere Ameriketako Estatu Batuetan Donald Trump presidente izatera heldu dela neurri handi batean Facebook-ek berri faltsuen hedatzea ahalbidetu duelako salatu izan dutelako.
Beste datu bat: sare sozial honek astero 6,5 milioi kexa baino gehiago jasotzen ditu, gezurrezko kontuak direla eta; FNRP deitzen diete hauei: fake, not real person (fatsuak, benetako pertsonak ez direnak). Hauek batez ere, fake news edo gezurrezko albiste horiek zabaltzeko erabiltzen dira. Gai honen inguruan, duela gutxi 3000 moderatzaile kontratatu izan dituela hainbat herrialdetan iragarri zuen Facebook-ek, eduki eta kontuak gainbegiratu eta kudeatzeko.
Zergatik eduki batzuk ikusi ahal ditugu Facebook-en eta beste batzuk ez? Sare sozial honetan algoritmo eta gizaki batzuen lana elkartzen da, gure profiletan agertuko diren argitalpenak zeintzuk izango diren erabakitzeko. Orain The Guardian-ek erabaki horiek zehazten dituen irizpideen bilduma argitaratu du. Facebook files deitu diote eta, testu, irudi eta bideoz bidezko argitalpenetan sexu, terrorismo edo indarkeria agertzen duten edukien balorazioa zelan egiten den azaltzen da.
The Guardian-ek Facebook-eko 100 barne fitxategi baino gehiago aurkitu ditu; hauetan, eskuliburu, kalkulu-orri eta grafikoen bidez, sare sozial erraldoi honek gai batzuen inguruko edukiak zentsuratzeko ezarri dituen irizpideak aurkitu dituzte, indarkeria, sexua, irainak, terrorismoa, pornografia edo arrazakeria agertzen dituztenak, besteak beste.
Baina irizpideak oso desberdinak eta desorekatuak direla nabarmendu nahi izan du The Guardian-ek. Horrela, eta adibiderik gordinena erakusteko, emakumearenganako biolentzia argi eta garbi sustatzen duten eduki batzuk onartu izan dira, baina bestalde, Trump-en kontrako biolentzia estalita adierazten duten beste batzuk zuzenean ezabatu behar dira, gizon hau kategoria berezi baten bidez babestuta dagoelako:
Someone shoot Trump (Norbaitek tiro egin diezaiola Trump-eri) ezabatuko da.
To snap a bitch’s neck, make sure to apply all your pressure to the middle of her throat (Emagaldu bati sama apurtzeko, ziurtatu ezazu eztarriaren erdian indar nahikoa egiten duzula), edo fuck off and die (izorratu zaitez eta hil zaitez) bezalako adierazpenak onartuta daude.
Sexua, terrorismoa eta indarkeria Facebook-en
Hiru atal hauei garrantzi berezia eskaintzen dio Facebook-ek, onartuko dituen edukiak zehazteko orduan. Horrela hilketa bortitzak erakusten dituzten bideoen artean erabakia hartzeko, batzuetan eduki horiek buruko gaixotasunez sentsibilizatzeko balio dutela adierazten da, harrigarria badirudi ere.
Are gehiago, adingabekoenganako bortxaketak agertzen dituzten irudi mota batzuk onartzen dira. Bai, ondo irakurri duzu. Beti osagai sadiko edo ospakizunik agertzen ez badituzte.
Abortuari buruzko bideoak onartuta daude baita ere, gorputz biluziak agertzen ez badira, hori bai. Auto-erasoei buruzko bideoak onartuta daude, Facebook-ek ez duelako egoera larritan dauden erabiltzaileak zigortu nahi.
Eta zer da pornografia Facebook-entzat?
Irizpide hauek ere arraro xamarrak dira: gorputz biluziak ager daitezke, edo harreman sexualak erakusten dituzten irudiak, betiere artistikoak badira eta eskuz eginda badaude. Beraz, larrua jotzen dauden pertsonen marrazki edo margoak argitaratzea onartzen du, baina ez formatu digitalekoak badira, nahiz eta, adibidez, argazki artistikoak izan.