Etxeko txiki eta nerabeen artean gogoko produktuen artean izar nagusiak dudarik gabe telefono mugikorrak eta tabletak izaten dira azken urtetan.
Guraso askorentzat gaia buruhaustea bilakatu da: zertarako behar du 11 urtetako ume batek sakelako telefonoa? zer egiten du 8 urtetako batek tabletarekin?
Hasteko argi izan behar ditugu ezaugarri batzuk: egia da ez direlako lehen mailako beharrak; garaiak asko aldatu dira eta aisia gaur egun beste era baten disfrutatzen da; eta telefonoen erabilpen nagusia ez da egun deiak egitea.
Smartphonea, argazki eta bideo-kamara da, musika deskargatu eta entzuteko gailua da, jolasteko makina, lagunekin harremanetan egoteko tresna da eta interneterako sarbidea dauka eta, horri esker, informazioa bilatu, posta elektronikoa kontsultatu, sare sozialetan aritzeko aukera eta hainbat gauza gehiagorako baliabidea da.
Beraz, eskaintzen dien guztia ikusita, zeinek ez du nahi izango bat?
Gailu hauek hiru gauza eskaintzen dizkie nerabeei: aisia, harremana eta informazioa. Beraiek aukeratuta gainera noiz jaso nahi duten hauetako bakoitza. Hiru aukerak onak dira, ezta? Nerabeak harremana izatea ondo dago; informazioa bilatzeko eta eskuratzeko aukera izatea primerakoa da; eta ona da dibertitzeko aukera izatea.
Orduan, zein da arazoa? Non dago “baina” bat sartu beharra?
Gailu hauen erabilpen desegokiak ondorio txarrak ekar ditzake eta adingabekoen jarduera bere buruarentzako kaltegarria bilakatu daiteke.
Beraz, nola ekiditu arazoak? Zer egin eta nola lortu erabiltzearen eta kontrolaren arteko oreka?
Honen inguruko gomendio batzuk emango dizkizuegu.
Hasteko, kontutan hartu beharreko lehenengo baldintza bat: 14 urte baino gutxiagoko gazte batek gailua inolako arau eta kontrolik gabe erabiliko badu, hobeto da ez erostea. Gurasoek adi egon eta bere jardueren berri izatearen ardura hartuko ez balute, hobeto da gailurik ez eskuratzea.
Nerabetasunera heldu aurretik umeak normalean prestuago agertzen dira gailuekin egiten duten jarduera erakusteko eta gurasoei kontatzeko; batzuetan gailua erabiltzeko baimena izatearen motibazioak ere partekatzearen gogoa ematen die. Beraz, nerabetasuna heldu baino lehenagoko epea izaten da praktika hauetan hasteko garairik onena.
Nola lortu horrelako gailuak erabili eta nerabeen arteko binomio horretan bizikidetza bermatzeko oinarrizko baldintzak? Urrezko arau batzuk finkatuko ditugu:
- Gailuen bidez erosketak edo aplikazioen deskargak egin ahal izateko pasahitz bat ezarri. Pasahitz hori ezin gu gazteak ezagutu.
- Pribatutasuna zaintzeko oinarrizko baldintza batzuk irakatsi: pantailak desblokeatzeko gakoak ezartzea.
- Antibirusak jarri ordenagailu, tablet eta sakelako telefonoetan.
- Mugikorra edo tabletaren erabiltzeko denbora arautu eta mugatu: ordutegiak eta tarteak adostu. Egokia izaten da aste bitarteko eta asteburuetako tarteak ezberdinak izatea.
- Gailuak inolaz ere erabili ezin izango diren tarte eta uneak finkatu eta zehaztu: jatorduetan, famili bileretan…, adibidez.
- Gailuen erabilpena etxeko leku amankomunetan egitea eta ateak zabalik daudela. Gazteen isolamendua gailua erabiltzen duenean ekidin.
- Sare sozialetan profilak izanez gero, noizean behin ezarritako pribatutasun maila eta baldintzak elkarrekin berrikusi eta doitu. Baita sare horietan onartu dituzten erabiltzaile berriekiko harremanak eta abar.
- Partekatzen dituzten edukiei arreta jarri, batez ere argazki eta bideoen kasuan. Ohitura batzuk hartu horrelako edukiak argitaratu nahi dituztenean: edukia erakustea argitaratu aurretik eta baimena eskatzea.
- Aplikazio berriak deskargatzerakoan, bakoitzaren erabilpen baldintzei buruzko ardura izatea sustatu: elkarrekin birpasatu baldintzak, datu pertsonalen babesaren inguruko ardura …
- WiFi seinale eta sare ezezagunetara konektatu baino lehen segurtasuna bermatzeari buruzko ardura izatea azaldu.
- Gurasoen kontrola ezarri gailuen ezarpenetan posible denean, eduki desegokietara jotzeko aukera saihestuz.
Azken finean, helburua da gazteek erreferentzi-puntua izatea etxean eta eredua jarraitzea. Konfidantzaz jokatzea, informazioa eta heziketa eskainiz, beraiek aske senti daitezen arduratzen zaizkien gauzetaz galdetu eta laguntza eskatzeko.
EKIDITU ez, EKIDIN da zuzena, baina egokiena SAIHESTU
Mila esker Aitor zure ekarpenagatik. Zuzenduta.