Ez dugu gure burua egoera honetan aurkitzea inoiz, inolaz ere. Baina noizbait gerta daiteke: gure telefono mugikorra ahaztu edo galdu, edo txarragoa oraindik… norbaitek lapurtzea. Zorionez, gaur eguneko mundu konektatu honek horretarako ere baliabideak ditu eta telefonoa aurkitzeko edo behintzat barruan dagoen edukia babesteko aukerak baditugu.
Gaurkoan, sakelako telefonoa lapurtzen digutenean zer egin behar dugun jakiteko oinarrizko pausuak aztertuko ditugu.
Onena, aurrea hartzea
Beste arlo guztietan bezala, babesa eta aurrea hartzea da egokiena. Gure datuak babesteko lehenengo pausua, eta oinarrizkoena bada ere, telefonoa desblokeatzeko unetik hasten da.
Telefonoaren ezarpenak doitzen ditugunean desblokeatzeko patroia ezartzearena izaten da lehenengo pausuetako bat. Hau telefonoetan daukagun oinarrizko babesa da eta baliogarrienetakoa da; honen bidez baimenik ez daukan inork ezin izango du gure telefonoan dagoen edukia eta datuetara heldu.
Androiden kasuan pantaila desblokeatzeko jarraitu behar izango dugun mugimendua da patroia; iOS gailuetan, zenbakiz osatutako pasahitza.
Kontutan izan behar dugun lehenengo araua pasahitz edo patroi ahula ez jartzea da, segurua ez den gakoa aukeratzea. Zenbakien kasuan, 0000, 1234… eta horrelako formulak ezeztatu behar ditugu; patroiarenean ere, gauza bera.
Hala ere, pantaila desblokeatzeko sistema hau ez da akats bakoa ehuneko ehunean eta badaude hauek apurtzeko baliabideak.
Telefonoa lapurtu didate. Zer egin?
Telefonoa lapurtzen badizute, lehenengo pausua salaketa jartzea da. Udaltzain, ertzain edo dagokion erakundeko agenteei telefonoari buruzko informazioa eman behar zaie: zer, non eta zelan gertatu den azaldu; telefonoaren deskribapena: modeloa, eta abar; eta ahal izanez gero, gailuaren IMEI zenbakia. Zenbaki honekin poliziak gure gailuaren aztarna jarraitzeko aukera izango du.
Bestalde, telefono-konpainiari ere abixua eman behar diogu eta IMEI bidezko blokeoa egitea eskatu beharko genieke. Honen bidez, gailua baliogabetu egingo dute eta ez ditu bere funtzioak beteko. Formula hau ez da akats bakoa, baina lapurrak blokeo hau gainditzen badu, tipifikatuta dagoen delitua egotzi ahal izango zaio.
Zelan lortzen da IMEI zenbaki hori?
Gailua iOS sistemakoa bada, gure erabiltzaile kontuan besterik ez gara sartu behar, beste euskarri baten bidez eta hor dago IMEI zenbakia gordeta.
Androiden kasuan, zure gailuaren IMEI zenbakia lotzeko badago modua ere: telefonoaren markatzailean karaketere hauek idatzi: *#060#. Deia egiteko botoia sakatu eta mezu bat jasoko dugu gure IMEI zenbakiarekin. Esan bezala, zenbaki hau ondo gordetzea erabakiorra da, bai salaketa eta bai konpainiari lapurtutako telefonoa ezgaitzea eskatu ahal izateko.
Ba al dago modurik telefonoa urrunetik blokeatzeko?
Bai, zorionez, baliabide nahiko dago galdu edo lapurtutako telefonoa urrunetik geolokalizatu edo blokeatzeko.
iOS sistemakoa bada, gailuak badauka baliabide oso erabilgarri bat, “Buscar mi Iphone” deritzona. Hau aktibatuta egonez gero, beste telefono, gailu edo ordenagailu baten bidez aplikazioa edo webgunea zabaltzeko aukera dago eta galdutako telefonoa mapa batean kokatu eta non dagoen adieraziko digu eta beste baliabide asko eskainiko digu: soinua edo mezu bat botatzea, blokeatzea, ezgaitzea, informazioa ezabatzea…
Androiden kasuan, aplikazio ezberdinen bidez antzeko baliabideak izango ditugu. Ezagun eta onenak Android Device Manager edo Cerberus aplikazioak dira.
Edozein kasutan, esan bezala prebentzioa eta datuen babesa da egin behar dugun lehenengo gauza.