Gero eta gehiago dira mugikorra erabiltzen dutenak ordainketak egiteko. Eta adituak banketxeen iraungitze-datari buruz hitz egiten hasi dira. Zer dakar etorkizunak?
Diru fisikoaren erabilera gero eta murritzagoa da. Eta Euskal Herriko biztanleriaren %84ak oraindik eskuz ordaintzen badu ere, munduan gero eta zabalagoa da mugikor bidezko ordainketa. Egungo munduko biztanleriaren %60ak ez dauka banku-konturik. Eta adituen ustez, kreditu txartelen gainbehera heldu dela esan genezake. Izan ere, Forrester Resarch enpresak egindako ikerketa baten arabera, mugikor diru-zorroak izango dira etorkizuneko plataforma nagusia.
Brett King-ek (Moven negozioaren sortzailea) iragarri duenez, 1980-2000 urteen bitartean jaiotakoek (millennails deituriko generazioak) ez dute inoiz baketxeko bulego bat zapalduko. Izan ere, ez du uste etorkizunean beharrezkoa izango denik bezeroen presentzia fisikoa bulegoetan. Bankuen etorkizuna mugikorreko zerbitzu bat izango dela adierazi baitu.
Nola funtzionatzen du mugikor bidezko ordainketak?
Mugikorretik ordaindu ahal izateko beharrezkoa da bai mugikorrak eta bai salmenta tokiko gailuak NFC (Near Field Communication) teknologia erabiltzea. Teknologia horrek ahalbidetu egiten du bi objektuen arteko datu transmizioa. Horretarako, beharrezkoa da bi objektu horien arteko distantzia txikia izatea.
Hortaz, diru-zorro aplikazioa ireki eta mugikorra txartelak irakurtzeko gailura hurbiltzearekin nahikoa izango litzateke. Modu horretan, bankuko datuak irakurriko ditu gailuak, eta ordainketa burutuko da.
Izan ditzakeen kalteak
Segurtasuna da jendearen kezka nagusietako bat, bai bezero eta bai dendariena. Izan ere, zenbaiten ustez ez da guztiz segurua. Phil Liebermanek adierazi du (Lieberman Software enpresako buruak) ordainketa burutzeko beharrezkoa den txip-a programagarria izatea arriskutsua dela. Horrek bidea irekita uzten baitie hackerrei.
Horretaz gain, ordainketa txikiak egiterakoan ez da beharrezkoa pin kodea sartzea. Horregatik, mugikorra lapurtzerakoan ordainketa txikiak egiteko erabili dezakete, inolako trabarik gabe.
Onurak
Onura garrantzitsuak izan ditzakeela uste dute beste hainbestek. Alde batetik, dendariak ez dira diru kantitate handiekin ibili behar, eta hori seguruagoa eta erosoagoa da beraientzat.
Horretaz gain, transakzio kostuak txikiagoak dira, eta ordainketa mugikor bidez burutzea, diru fisiko edo txartelarekin egitea baino arinagoa da. Horrek dendetako ilarak ekidin ditzake.