Berrikuntza teknologikoak

Modela ekimenak itzultzaile automatiko neuronal bat garatu du euskararako

moodela

“Deep Learning” delakoan oinarritutako ingeniaritza linguistikoko teknika aurreratuak ikertzea, garatzea eta baliozkotzea, eta modelaketa estatistikoa egitea, albiste-sorkuntzako arlorako kalitate oneko itzulpen automatikoko sistemak garatzeko.

 

Modela ekimenaren helburua itzulpen automatikoko sistemetan aplikatzen diren ikaskuntza sakoneko teknikak aztertzea eta, bide horretatik, Euskal Herria erreferentziazko puntu bihurtzea hizkuntzalaritzako teknologien arloan. 

Lehen fasean, proiektuak elkarrekin alderatu zituen deep learning edo ikaskuntza neuronalean oinarritutako itzulpen-sistema automatikoak eta orain arte erabili izan diren beste bi sistema hauek: estatistikan oinarritutako itzulpena eta Eusko Jaurlaritzak emandako arauetan oinarritzen den sistema. Askoz emaitza hobeak lortu ziren itzulpen automatiko neuronala erabilita, bai metrika automatikoetan, eta bai subjektiboetan (azken horiek itzultzaile profesionalekin egin ziren).

Hortik abiatuta, lantaldeak itzulpen-teknika horietan oinarrituriko sistema teknologiko bat garatu zuen euskara-gaztelania hizkuntza bikotearentzat, zeina demo forman jasota baitago proiektuaren web orrian. Hala, Modelak sortu duen itzultzailea “aurrekaririk gabeko jauzi kualitatiboa da euskararako itzulpen automatikoko sistemen kalitateari dagokionez”, esan du bost erakunde bultzatzaileen lantaldeak.

Hainbat erakunde elkarlanean aritu dira proiektua garatzeko: ISEA, Ametzagaiña, Vicomtech, Elhuyar Fundazioa eta UPV/EHUko IXA taldea. Bestalde, proiektu horrek Mondragon Lingua T&C, EiTB eta Argia erakundeen laguntza jaso du. Arrakasta ikusirik, lantaldea hasi da sistema berria erakunde publikoei eta enpresei aurkezten, eta une honetan itzultzailea merkatura eramateko prozesuan murgilduta daude. Mondragon Lingua T&C-k eta Elhuyar-ek ustiatuko dute sistema komertzialki.

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu