Mintzatu, euskaraz non hitz egiten dugun zabaltzeko sortutako aplikazioa da. Sakelako telefonoaren bidez euskaraz aritzeko lekuak bilatu, deskubritu eta zabaldu ditzakegu. Aspaldi garamatza aplikazio honen abantailak azaldu eta erabileran trebatzeko saioak aurkezten. Zure euskaltegi, ikastetxe, elkarte, enpresan edo taldean horrelako saio bat burutzerik nahi izango bazenu, eskatzea besterik ez duzu! Zelan? Hemen azalduta.
Mintzatu aplikazioa 2012an sortu genuen. Haren helburua, euskaraz hitz egitea errazteko baliabide bat eskaintzea izan zen: aldez aurretik euskaraz hitz egiten diren tokiak ezagutzeko aukera izatea; leku berriak aurkitzea; eta norberak ezagutzen dituenak ere Mintzatu sarean zabaltzea, besteei ezagutzera ematea.
Sarritan gertatzen zaigu euskaldunoi leku berri batera heldu eta ez dakizula ea zure solaskidea euskalduna den edo ez eta ez dakizu euskaraz hasi edo ez. Estres linguistikoa deitzen zaio horri. Eta honi aurre egiteko sortu genuen Mintzatu.
Mintzaturen helburuak
- Euskaraz non hitz egiten den identifikatzea.
- Euskaraz hitz egiten diren lekuak tokian-toki zabaldu eta hedatzea, bai besteek sortutakoak aurkituz eta bai guk ezagutzen ditugunak hedatuz.
- Estres linguistikoari aurre egin eta lehenengo hitza euskaraz izan dadin baliabidea izatea.
Ezaugarriak
- Doako aplikazioa da, sakelako telefonoen kasuan Android eta iOS sistema eragiletarako garatuta dagoena eta baita mahai gaineko bertsioa daukana ere, webgunearen bidez.
- Euskaraz mintzatzen den lekuak identifikatzea helburu izanik, geolokalizazioa du oinarri.
- Erabiltzaileok lekuak sortu eta bertan etiketatu genitzake geure buruak.
- Plataforma zabala da, parte hartzailea, soziala eta ludikoa; azken ezaugarri honi dagokionez, lekuek altxor sekretuak dituzte eta erabiltzaileok aurkitzen ditugu.
Zer egin daiteke Mintzatun
- Lekuak sortu plataformaren barruan.
- Gure burua leku horretan identifikatu.
- Argazkiak eta iruzkinak idatzi.
- Beste erabiltzaileekin lagun harremana lotu.
- Lekuek sekretuan gordeta dituzten altxorrak bilatu eta aurkitu.
- Mintzalagun, berbalagunak biltzen diren lekuak ezagutu, ikono berezi batez identifikatuta daudelako.
Trebakuntza saioak
Denbora nahikotxo daramagu Mintzaturen inguruko trebakuntza saioak eskaintzen. Elkarte, euskaltegi, ikastetxe… zein edozein motatako taldeek eskatzen digutenean, hara goaz eta saioak burutzen ditugu. Saio hauen helburuak honako hauek izaten dira:
- Mintzatu zer den eta helburuak azaltzea.
- Erabiltzaileari tresnaren ezaugarrietaz mintzatzea, deskargatu eta erabiltzen has daiten animatzeko.
- Tresnaren erabileran trebatzea, baliabide berri bati aurre egiteko beldurra kendu eta zuzenean erabiltzen has daiten.
Orain arte hamaika saio eskaini ditugu, batez ere AEK-ko mintzalagun taldeei zuzenduta. Horrela, Zorrotza, Santutxu, Bilboko Alde zaharrean izan gara. Aste honetan bertan hurrengoa egingo dugu, larunbat honetan, Bilboko San Frantzisko auzoan ospatuko den Euskararen Egunaren baitan. Etorri nahi baduzu, sarrera librea izango da, 11:30etan.
Trebakuntza saio bat eskatu nahi duzu?
Zure lantalde, elkarte, euskaltegi, lagun/kultur taldean … Mintzaturi buruzko tailerra egin nahi baduzu, eskatzea besterik ez duzu behar.
Saio bat antolatzeko, gurekin jarri harremanetan info@azkuefundazioa.org posta elektronikora idatziz edo 94 402 80 81 telefonoaren bidez.