Euskal egitasmoak

‘Mingaina Dantzan’ udalekuen bigarren edizioan euskeraren erabilerea aztertuko dute

mingainadantzan2018_content

Proiektu honi esker euskarari lotutako udaleku erakargarri batzuk sustatzearekin batera, erabileran eragiteko baliagarriak izan daitezkeen tresnen inguruko azterlan bat garatuko da. Izan ere, udaleku hauetan euskararekin harreman mota ezberdinak dituzten gazteak beren beregi bilduko dira (inguru soziolinguistiko ezberdinetakoak, euskara ama hizkuntza dutenak eta ez dutenak…) eta, testuinguru horretan, hizkuntza portaeren inguruko analisi bat egingo da.

 

Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako Sailburuordearekin batera, gaurko prentsaurrekoan egon dira UEMAko presidente Josu Labaka, Ebete enpresako hezitzaile Iñaki Eizmendi eta udalekuak kudeatuko dituen Ttakun enpresako ordezkari Iñaki Aristondo. “Euskararen erabilera, gazteak, aisialdia, inguru soziolinguistikoen garrantzia, ama hizkuntza izateak duen eragina, hizkuntza portaeren gaineko ikerketa… Proiektu honetan hainbat osagaik egiten dute bat, eta oso baliagarria izango da etorkizuneko estrategiak lantzeko. Iazko esperientzia positiboaren ostean, aurten beste pauso bat eman dugu ekimena hobetze aldera”, adierazi du Dobaranek.

Udalekuen ezaugarriak

Aurtengo edizioa Berrizko Olakueta aterpetxean izango da, han 10 eguneko bi txanda egingo dira uztailean zehar. Bi txanda besterik ez direnez, aurten ere lehengo urteko adin-tarte berarekin lan egitea erabaki da; hortaz, 13 eta 14 urteko nerabeek parte hartu ahal izango dute (DBH-1 eta DBH-2ko ikasleak) eta txanda bakoitzean 30 lagun izango dira.

Lehenengo txandan, iazko edizioaren irizpideak errepikatu dira: inguru euskaldunetako nerabeak eta euskara nagusi ez den inguruetakoak nahastuko dira. Hauen artean, bi heren zonalde euskaldunetakoak izango dira, eta heren bat euskara nagusi ez den inguruetakoa izango da. Halaber, bigarren txandan zonaldea baino ama-hizkuntza hartuko da kontuan; hartara, etxetik euskara jaso dutenak eta ez dutenak nahastuko dira. Kasu honetan, ikerketa era egokian aurrera eraman ahal izateko, gehiago izango dira euskara etxean jaso dutenak.

Deialdia egiterakoan, taldeak osatze aldera, herri eta ikastetxe jakinetara joko da. Edozeinek eman ahal izango du izena, baina herri eta ikastetxe batzuetan lanketa berezia egingo da bilatzen diren ezaugarri horietako udalekuak egingo direla bermatu ahal izateko. Izena emateko epea zabalik dago.

Hizkuntza helburuak

Udaleku hauen helburu nagusietako bat ikerketa soziolinguistikoa garatzea izanik, funtsekoa da ezarri diren hizkuntza helburuak betetzea. Iñaki Eizmendik azaldu duenez, ezinbestekoa da gazteen esperientzia bizipen positiboekin lotzea: “Batetik, euskaraz aritzeko ohitura gutxien edota erraztasun gutxien duten nerabeek egonaldian zehar denbora tarte luzeetan euskaraz egitea nahi dugu, eta euskaraz egite hori bizipen positibo eta indartsuekin lotzea oso garrantzitsua da. Bestetik, euskaraz aritzeko ohitura gehien edota erraztasun handien duten nerabeei elkarrekin eta taldean euskara mantentzen laguntzea bilatzen dugu. Kasu honetan ere ahalegin hori bizipen positiboekin lotzea nahi dugu”.

Testuinguru horretan, garrantzi handia izango dute erabiliko diren tresnak. “Agian nerabe gehienek euskaraz aritzeko gaitasun eta erraztasun egokia izan dezakete, baina gizarteko hizkuntza-arauek eta ereduek horrelako harremanetan gaztelania nagusitzea ekartzen dute hainbatetan. Egoera hori ekiditeko tresna egokiak landu beharko ditugu”, gehitu du Eizmendik. Tresna horiek baliagarriak suertatzen badira, udaleku eta aisialdi jarduera gehiagotan erabili ahal izango dira.

Aztertuko diren tresnak

Udalekuak garatzen diren bitartean ikerketa garatuko duen taldeak bost tresna nagusi aztertuko ditu:

  • Oinarrizko estrategiak: Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ttakun Kultur Elkarteak 2007an ‘Hezitzaileek asko egin dezakete’ gida argitaratu zuten. Geroztik, Arabako Foru Aldundiak eta Ebete hizkuntza zerbitzuak enpresak ‘Haur eta gazteen jardueretarako hezitzaileen’ gida argitaratu zuten 2015ean. Horietan, hezitzaileek euskararen erabileran eragiteko erabil ditzaketen oinarrizko estrategiak jasotzen dira. Gai honetan gehiago sakondu beharra ikusten da, eta bereziki puntu bat garatu nahi da: hezitzaileek hartu beharreko jarrera momentu nahiko formaletatik informaletara pasatzean.
  • Eusleen jarduerak: Eusle dinamiketan nerabe batzuk euskara mantentzeko “ardura” hartzen dute, gutxienez denbora tarte edo egoera batzuetan. Nerabeen artean euskararen erabilera indartzeko edo mantentzeko bide oso eraginkorra izan daitekeela ikusten da eta, 2017an egindako ahalegina interesgarria izan zen arren, gehiago garatzeko beharra ikusten da.
  • Sare sozialen erabilera: Iazko edizioan konprobatu ahal izan zen sare sozialak euskaraz erabiltzera bideratutako lanketak oso eraginkorrak izan zirela. Aurten esfortzu berezia egingo da horretan.
  • Erabileran eragiten duten faktoreak: 2011an Soziolinguistika Klusterrak ‘Gazteen euskararen erabileran eragiten duten faktoreen’ ikerketa egin zuen. Hainbat faktorek eragiten dute nerabeen erabileran eta jarreretan, eta udalekuetako programazioan horien lanketa ere txerta daiteke. 2017an erreferenteen gaiari eta sare sozialen arloari heldu zitzaion, 2018an beste faktore batzuk lantzeko ahalegina egingo da.
  • Programazioan txertatzeko jarduerak: 2017ko edizioan garrantzi handia eman zitzaion euskararen erabilera sustatzea edo mantentzea erraztu zezaketen jarduerak landu eta programazioan txertatzeari. Jarduera gehienak ez ziren berriak eta aisialdiko ekimenetan ohikoak dira. Hala ere, horiek programazioan nola txertatu eta aurrera eramaterakoan zer hartu kontuan ere landu zen, eta udalekuen balorazioan bide benetan interesgarria dela ikusi zen. 2017ko jarduerekin argitalpen bat ere egin da: udalekuetako programazioan txertatu daitezkeen jarduera eta hizkuntza-jolas proposamenak izenekoa. Horiek horrela, 2018an bide beretik jarraitu nahi da eta jarduera gehiago landu eta frogatu nahi dira.

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu