30 ekitaldirekin, euskal kultura berrienaren erakusgarri, martxoaren 7tik apirilaren 8ra arte, Bilbon
Loraldia jaialdiaren hirugarren edizioa, martxoaren 7an hasiko da Arriaga antzokian, Tartean Teatroa taldearen lan berriaren munduko estreinaldiarekin, eta apirilaren 8an amaituko da Mikel Urdangarinen disko berriaren zuzeneko aurkezpenarekin. Bien bitartean, kultur emozioz betetako 29 egun izango dira, unibertso euskalduneko diziplina artistiko guztietakohogeita hamarren bat ikuskizun, bi ekoizpen propio eta 150 artisten parte-hartzea ekarriko digutenak.
Hona hemen egunez eguneko egitaraua.
Jaialdiak Bilboko hainbat gune izango ditu agertoki: Arriaga antzokia, Campos antzokia, Azkuna Zentroa, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Pabellón 6, Elkar Dendak, Kafe Antzokia, Café Bilbao eta Biba aretoa.
Lorazaina, LoraLdiaren Laguna
Aurton, Loraldia Festibalaren zaleekin komunitate bat osatu dute antolatzaileak. Asmo horrekin jarri da martxan ‘Izan zaitez Lorazaina’ kanpaina. Egitasmo honen bidez, ‘Lorazaina’ egiten denak, [harpidetza doan]. Ikuskizunei buruzko informazio guztia jasotzeaz gain, sarreretan deskontu erakargarriak izango ditu. Gainera, zozketetan eta urtean zehar antolatuko ditugun txango eta kultur jardueretan parte hartzeko aukera izango du.
Hona hemen ikuskizunen sarreren datak, epeak, deskontuak.
Lore Jokoak Eskolan
Euskal kultura garaikidea eskoletan sustatzeko eta ikustarazteko sortu den egitasmoa da. Gure kulturaren transmisioa eta ikusgarritasuna lantzen ari den proiektua. Bi norabide ditu: alde batetik, festibalean eskaintzen diren eskolentzako ikuskizunak eta beste aldetik, “lore jokoak” biztea eskoletan. Kulturaren oinarrizko zutabe den sormenari bidea irekiz, horretan ere, gure aurreko euskaldunek, euskaraz, eta gure historiari jarraikiz sortutakoari so, amestu, sortu eta biziko duten kultur esperientzia.
Plaza!
Kultur sektorea osatzen duten eragileen elkarlana sustatu eta indartzeko espazioa da; kulturaren alor ezberdinetan lanean ari direnen profesionalizazioa sustatzeko espazioa. Horretarako, profesionalizazioak berekin ekarri behar dituen ildo ezberdinak jorratuko ditugu. Alde batetik, negozio aukera berriak garatzeko testuingurua osatu nahi dugu, adibidez, ekoizpen berriak elkarlanean sortzeko baldintzak dituen ingurugiroa sortuz. Beste alde batetik, Plaza! hausnartzeko eremu izatea ere nahi dugu. Eta, azkenik, formazioa indartzeko xedea ere badu.
Loraldia Kultur Elkarteak antolatzen du eta askotariko erakunde eta kultur eragileren lankidetzari esker loratzen da, bereziki Bilbao 700 – III Millenium Fundazioari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Laboral Kutxari esker. Eusko Jaurlaritza, Guggenheim Bilbao Museoa, Arriaga antzokia, Azkuna Zentroa, Pabellón 6, Elkar Fundazioa, Mikel Laboa Katedra, SGAE, UPV/EHU, EITB, Azkue Fundazioa, Badok-Berria eta Deia ere festibalaren kolaboratzaileak dira.
Zubia da hirugarren edizio honetako ikurra. Izan ere, datei erreparatuta, neguaren eta udaberriaren artean egingo baita, eta gainera, kulturen arteko lotura izateko asmoarekin sortu da. Iparramerikako folk aitzindaria, Penintsulako surrealismoa, musika zelta edota Londreseko hip hopa Loraldian izango ditugu, beste hainbat sormenezko adierazpenekin batera. Imanol Agirreren esanetan, “kultur zubiak gara, sormena eta lan kooperatiboa batera doazela uste dugu”. Ekimenaren izaera berritzailea eta garaikidea azpimarratu ditu zuzendari artistikoak. “Hari-harian ibiliko gara, arriskuak onartu ditugu. Baina geure egiten dugu Benito Lertxundik esandakoa, Beste Ez Dok Amairu bat behar da, eta norabide horretan ari gara arraunean, modernitaterantz”.