Orain bai, heldu da udaberria eta Loraldia Bilbora! Larunbatean hasiko da jaialdi honen bigarren edizioa. Guztira, 30 ikuskizun baino gehiago, 11 gune ezberdinetan, 16 egunetan zehar eta mota askotariko adierazpen kulturalak bilduz. Denetarik izango dugu Loraldian, euskara eta euskal kulturaren iragana, oraina eta etorkizuna batuz. Zer izan garen, garena eta izango garena adieraziz. Parte hartuko duzu Loraldiaren olatu honetan?
Euskara eta euskal kultura aldarrikatzen
Bilbo euskal kulturaren eskaparate eta gune bihurtuko da larunbatetik hasita eta hamasei egunez. Egundoko jaialdia, euskara protagonista bilakatuko duela.
Loraldiaren bigarren edizioa izango dugu, aurrekoa baina potenteagoa datorrena. Euskal kulturaren urteko aro nagusia udazkena izan bada ere, Bilbon, udaberriarekin batera, adierazpen berritzaileetaz gozatzeko aukera dugu.
Imanol Agirre eta Aitor Narbaiza izan ziren hain zuzen ere iaz horrelako jaialdi baten beharra ikusita, horren sustatzaileak. Anton Abbadiak XIX. mendean sortutako lore jokoen izpiritua berreskuratu eta euskal kultura Bilbon azpimarratzea helburu duen egitasmoa sortu zuten. Erakundeen laguntzarekin aurrera atera eta edizio honetan askoz handiago bilakatu, bai ekintza kopuru aldetik, bai hartuko duen ingurua ikusita eta baita luzapenaren aldetik ere.
Bilbon ospatuko da, baina euskara eta euskal kultura Euskal Herri eta mundu osora hedatzea du helburu. Loraldiak euskal kulturaren itxas-argia bilakatu nahi du. Izan ere, egunotan burutuko diren ekintzetariko asko estreinaldiak izango dira; beste batzuk, inoiz berriro errepikatu ezin izango direnak seguruenik, berrikuntza, inprobisazio eta esperimentazio puntua izango baitute.
Euskara eta gure kultura aldarrikatuko duen honetan, ordea, publiko euskalduna soilik ez da izango. Aldiz, honetaz gain, euskaldunak ez direnak gehitu nahi ditu: arreta deitu, interesa piztu eta parte hartzera gonbidatu… Azken finean gureaz disfrutatu eta gozatzera gonbidatu, gurekin batera.
Aniztasuna arlo guztietan
Aniztasuna aldarrikatu nahi du Loraldiak, arlo eta eremu guztietan. Aipatutako gune ezberdinetaz gain, mota ugaritako adierazpenak izango ditugu baita ere: musika arloan, tradizionalaz gain, jazz-a, folk-a, rock-a, antzinakoa, hip-hop eta rap-a…; dantza, euskal dantza eta garaikidea nahastuz, esperimentala, antzerkia eta musikarekin fusionatuz; bertsolaritza, baina beste herrialde batzuetako inrobisatzaileekin batera baita ere; gastronomia eta beste adierazpenak bilduz; pastorala eta maskaradak … eta horrela hamaika, ikuskizun guztiak benetan berritzaileak bilakatuz.
Euskara izango da tresna beti, baina gai anitzak plazaratzeko: emakumeak, aniztasun kulturala, euskal kulturako erreferenteak gogoratzeko aukera (Maurizia, Mikel Laboa, Blas de Otero, Gabriel Aresti eta beste hainbat…), heriotza, euskaldunon etorkizuna…
Egitaraua benetan potentea, indar nahikoa izango dugu dena jarraitzeko?
Loraldia sarean
Kalean eta aretoetan burutuko badira ekintza guztiak, Loraldiak badauka lekua sarean eta honekin bat egin dezakezu eta zabaltzen lagundu.
Gure aldetik, Loraldiaren laguntzaileak gara eta sarean jaialdiaren berri ematea da gure helburua. Egitaraua eta egitasmoa zabaltzen gabiltza aspalditik, baina ekintza guztien berri izango duzue baita ere, sare sozialen bidez. Guzti honetarako, hainbat lagunen laguntza izango dugu egun hauetan zehar; eta horiei publikoki eskertu nahi diegu baita ere egingo duten lana. Mila esker bene-benetan!
Hauek gure laguntzaileak: 1k, irucg, zbarnetegia, dzangaphoto, izarbe_otsogorri, jaio_irigoien, ainhoou, jennitxuu, maitelam eta mikel_ibaiba.
Jaialdirako bono bat irabazi nahi?
Antolatzaileek jaialdia sarean sustatzen laguntzen duzuen lagunen artean bono bana eskainiko dizuete, bai Instagram eta bai Facebook bidez sortutako lehiaketei esker.
Begiratu profil horietan eta erraz parte hartzeko aukera izango duzu!
Bat egin Loraldiarekin!
Jarrai ezazu Loraldia sare sozialetan eta lagundu zabaltzen!