Gurekin parte hartu nahi?

Larregi taldeak hasiera emango dio Bilbao BBKLiveri!!

Larregi-taldea

Bihar Bilbao BBKLive jaialdiaren 10. edizioa hasiko da. Hamar urte hauetan hainbat nazioarteko musika talde famatu pasatu dira jaialdi erraldoi honen eszenatokietatik. Jada, jaialdi hau mundu mailan onenen artean sailkatu da eta horrela izendatu dute adituek baita ere.

Zer esanik ez dago Bilboko hirirako sortu eta lortzen duen inpaktoaz: hiriaren izena mundu mailako musika arloko mapan kokatu izan du, jaialdiak dirauen egunetan musika zaletuz betetzen da hiria, turismo arloko zerbitzuek gainezka dabiltza…

Eta musika arloari dagokionez, mundu mailako talderik ezagun eta musika ezberdinez gozatzeko aukera dugu hemen berton. Baina, zer gertatzen da euskarazko musikari dagokionez?

BilbaoBBKLive

Bilbao BBKLiveko hamar urte hauetan, banda euskaldunen parte hartzeari dagokionez, edizio bakoitzean talde bana izan da behintzat. 2006tik gaur arte Gatibu, Berri Txarrak, Gari, Lain, Ken Zazpi, Zarama, Zuloak, Idi Bihotzek … jo izan dute. Fermin Muguruza edo Zea Maysek, behin baino gehiagotan parte hartu izan dute jaialdi honetan.

Aurten, euskarazko musikazko ordezkariak Zea Mays eta Larregi taldeak izango dira. Larregik, gure Banden Lehia txapelketako 2014ko irabazlea izateagatik joko du Bilbao BBKLiveko aurtengo edizioan.

BandenLehia2014

2011tik aurrera, jaialdiaren antolatzaileekin lotu genuen akordioari esker, gure Banden Lehiako talde irabazleak urtero Bilbao BBKLiveko hurrengo edizioan tokia izango du eta kontzertua eskainiko du. Horrela, oholtza gainera igo izan dira urte hauetan Namek Planet (2012), Herri Oihua (2013), Eskean Kristö (2014) eta, esan bezala, Larregik, aurten. Hauek, hori bai, Heineken gunean jotzen dute.

Larregik emango dio hasiera bihar aurtengo Bilbao BBKLiveri, hain zuzen ere. 17:30etan hasiko dira arratiarrak eta jaialdiko lehenengo ekitaldia izango da. Euskal eta euskarazko musikarekin hasiko da Bilbao BBKLive!

Azken finean, Banden Lehiaren helburua euskal musika gaztea sustatzea da eta talde berriak laguntzea. Horregatik, banda irabazleak, jaialdi honetan kontzertua eskaintzeko aukera izateaz gain, disko bat grabatuko du ere BagaBigaHiga diskoetxearen produkzioaz. Eta iaztik, Bartzelonako Euskal Etxearekin lotu genuen beste akordio bati esker, Euskal Herria Sona jaialdian ere izango da Larregi aurten.

Larregi prest dago, euskarazko musika Bilbao BBKLiven entzun dadin. Azken entseguak, musika tresnak prest eta urduritasuna eta gogoak lagun dituztela. Han izango gara indarra ematen! oso ondo egingo duzue!

 

Larregi

 

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu