Kolore kolore, izenak dioen bezala, kolorez jositako egitasmoa da. Hasieratik eta helburu eta oinarrietatik eta azken produkturaino.
Laburki azaltzeko, batez ere familiei zuzendutako proiektua da; haurrentzat bereziki, euren lehen publikoa hau delako, baina bide batez guraso, familia eta hezitzaileei.
Zertan datza?
Kolore koloren, bereziki sortutako webgunearen bidez, mota askotako irudi eta ilustrazioak daude eskuragarri. Egitasmoaren helburua euskal kulturaren inguruko kalitatezko irudiak sortu eta eskaintzea da, gure ohitura, eguneroko bizitza, pertsonai eta berezitasunak jasotzen dituztenak.
Irudiak bereziki diseinatutakoak dira, kalitate onean eta edozein erabiltzailek doan eskura ditzake webgunearen bidez.
Egoki egituratuta, arlo eta mota askotako irudiak aurkituko ditugu: kolorezkoak, inprimatu eta erabiltzeko; koloreztatzeko daudenak, etxeko txikien sormena pizteko; zorion-txartelak eta horrelakoak; euskal ohituren pertsonai eta ospakizunak… eta baita marrazteko proposamena luzatzen duten irudiak ere.
Bestalde, euskarazko materialak eskaintzeaz gain, adimen emozionala garatzea helburua duten fitxak biltzen ditu ere; azken hauek psikologo eta hezitzaile baten laguntzaz prestatzen ari dira.
Nor dago kolore koloreren atzetik?
Kolore kolore Nerea Garmendia publizista da, nini_bat sormen markaren izenean lan egiten duena.
Kolore kolore sustatzaileen bila
Proiektu hau doakoa da publikoarentzat eta, beraz, sustatzaileen laguntzari esker irauten du.
Modu ezberdinetan lagundu daiteke egitasmo honek aurrera egiteko:
- Aportazioen bidez: edonork laguntza ekonomikoa eman nahi izango balu, aukera dauka webgunean zuzenean “Donate” izeneko botoian sakatuz. PayPaleko kontuarekin lotzen du eta norberak erabaki dezake zenbat siru emango duen.
- Sustatzailea bihurtzea: honetan ere edozeinek lagundu dezake, baina normalean erakundeak izaten dira profila hau osatzen dutenak.
Mota honetako laguntzari esker, sustatzaileak egindako aportazio ekonomikoa ilustrazio berri bat sortu eta webgunean guztion eskura jartzeko erabiliko da. Sustatzailearen izena agertuko da dagokion irudian eta sustatzaileak proposatutako gaiaren inguruan landu daiteke.
Mari Jaia fitxa berria!
Gu sustatzaile bihurtu gara ere eta Azkue Fundazioak Mari Jaia, Bilboko Aste Nagusiko irudirik ezagunena, festekin erlazionatutako pertsonaien artean ager dadin, fitxa honen sortzea babestu dugu.
Euskararen Etxean!
Azaroaren bukaera eta 2016ko otsaila bitartean aukera izango dugu lan hauek Euskararen Etxean ikusteko.
Aukeratutako lan batzuk prestatu eta erakusketa batean ikusgai izango ditugu eta Gabonak inguruan, haurrentzako antolatutako jarduera berezietan landu izango ditugu baita ere.
Beraz, laster izango duzue egitasmoa zuzenean ezagutzeko aukera!
Datuak:
-
Webgunea: www.kolorekolore.com
-
Kontaktua: esaiguzu@kolorekolore.com