Googlek bideo deiak egiteko Duo izeneko aplikazioa merkaturatu du, 78 hizkuntzatan erabiltzeko aukera eskaintzen du doan iOS eta Android-erako.
Googleren Duok berritu egin du bideo deien aplikazioen erabilera, erabiltzaile gehiagok erabili ahal izateko. Izan ere, Face Timeren moduko aplikazioetan ez bezala, Android sistematik iOS sistemara mota horretako deiak egin ahal dira, eta alderantziz. Hala ere, bi sistema horien arteko nahasketa hori gauzatzeko, bertsio bereziak behark dira: Androidek duen sistemari dagokionez, Jelly Bean edo sistema horren bertsio aurreratuagoak, eta iPhone sisteman, berriz, iOS 9 edo bertsio aurreratuagoak.
Duo aplikazioaren erabilerari erreparatuta, norberaren sakelako zenbakiaren bidez funtzionatzen du, eta, beraz, ez da beharrezkoa Googleko kontua izatea. Erabiltzaileek euren telefono zenbakirik gabe ere aplikazioa erabiltzeko aukera izango dute, Gmail edo Google Voice zerbitzuetan izena emanez gero.
Knock Knock
Duo aplikazioak berrikuntza nabarmen bat sortu du, Knock Knock funtzioa; deia jasotzen ari den pertsonari bestearen informazioa ematen dio. Deia egiten ari den erabiltzailearen sakelako telefonoak duen kameraren bitartez, bideo deia egin ahal izango du lehenengo 30 segundoetan deia jasotzen ari den lagunak. Funtzio horren bidez, lehenengo erabiltzailearen baimenik gabe, haren identitatea jakingo du deia jasotzen ari den pertsonak, eta baita zertan ari den eta non dagoen. Beste zenbait aukera ere eskaintzen ditu aplikazioak. Internet erabiltzeko beharrezko diren datuen erabilera mugatzea edo Knock Knock funtzioa aktibatzeko aukera.
Bideo deiaren kalitatea konexioaren kalitatearen araberakoa izango da erabiltzaileek konexio mota ezberdinekin erabili ahalko baitute Duo, hala nola 2G, 3G eta 4G konexioekin. Hala ere, konexioa kaskarra bada, Duok erabiltzaileen bideo deia bertan behera uzten du automatikoki, eta dei arruntarekin jarraitzeko aukera eskaintzen du. Gainera, wifi konexiotik sakelakoen sarera konektatzean, deiak lehenago bezala jarraituko du, inolako etenik gabe.