Euskal egitasmoei eskainitako atal berri honetan feminismoaz hitz egingo dugu gaurkoan, baina feminismo euskaldunaz.
Klitto, feminismoaren inguruko aldizkari digital euskalduna, aurkeztu da duela gutxi.
Donostiako hiru emakumek izan zuten lehenengo ideia, Irati Urkiola, Ana Iruretagoyena eta Malen Aldalur dira ekimen honen sortzaileak, baina euren asmoa da egitasmoa haztea eta parte hartzea sustatzea.
Zergatik sortu dute Klitto?
Euskal Herrian dagoen mugimendu feminista indartsua dela aitortuz, feminismoa euskaraz lantzen duen gune espezializatua faltan zegoela ohartu ziren.
Gure inguruan apurka-apurka feminismoa espazioak irabazi eta bereganatzen dabil; arreta handiagoa erakusten dute hedabideek eta gizarteratzen doaz alor honetako mezuak. Baina gehienetan, gaztelerazko iturrietatik edan eta elikatu egiten dira.
Horregatik, euskara oinarri izango duen ekimen hau jaio da. Feminismoa da helburua eta zergatia, baina gure hizkuntzan. Euskara bihurtu nahi dute ere feminismoaren baloreak zabaltzeko baliabide eta euskarria.
Helburuak
Oso argi adierazten dituzte webgunean zeintzuk diren markatutako helburuak. Zortzi kontzeptu nagusitan laburtzen dute Klitto:
- Feminismoa
- Talde gutxituak
- Aniztasuna
- Askatasuna
- Euskara
- Protagonisten ahotsak
- Independentzia
- Creative Commons
Beraz, ikusgarritasuna ematea feminismoari, ikuspuntu anitz batetatik eta euskaraz.
Zer egiten dute?
Orain dela gutxi jaiotako proiektua izanik, webgunea egunero elikatzea da euren helburua.
Feminismoaren inguruko gaiak eta edukiak landuko dituzte; eta egunerokoak ere feminismoaren ikuspegitik aztertu, horren inguruan hausnartu, iritzi eta ikuspuntuak partekatu, etab.
Astero argitaratuko dira eduki berriak Klitton eta euren helburua da ekimenaren arduradunen eskutik batzuk sortzea, baina kanpoko kolaboratzaileei ere astero espazioa eskaintzea.
Kolaboratzaile izan nahi duzu?
Irati, Ana eta Malenek hazia erein eta jaioberria erditu dute, baina eskuzabaltasunez plataforma berri honetan edozeini laguntzeko proposamena luzatzen diote.
Euren oinarrizko helburuetan ikuspuntu anitza, zabala ematea dago eta protagonistei aukera ematea euren hitza entzun dadin.
Zer esaterik baduzu eta animatuz gero, taldearekin kontaktuan jarri eta aurrera!