Aholku teknologikoak

Kantu, txat, film eta ipuinak hizkuntzak ikasteko

Uda garaia aproposa da hizkuntza berrietan murgiltzeko. Ondoko aplikazio hauek, halaber, tresna egokiak dira hizkuntza horietara jauzi egiteko. Horretarako ohiko metodoak bestelako elementu berritzaileagoekin uztartzen dituzte; tartean, abesti, txat, pelikula eta kontakizunak.

Hello Talk

Motibazioan oinarritzen da, eta sare sozial baten antzera funtzionatzen du, betiere, hizkuntza bat praktikatzeko eta ezagutza maila hobetzeko xedearekin. 150 hizkuntza baino gehiago praktikatzen dituzten natiboak eta 12 milioi erabiltzaile biltzen ditu. 2017an, GooglePlay-ko Aplikazio Sozial Onenaren saria jaso zuen. Doakoa da, eta iOS eta Android-en erabil daiteke.

LyricsTraining

Hamar hizkuntza baino gehiago daude erabilgarri, eta hainbat hizkuntza ikastea musikaren bidez ahalbidetzen du. Aplikazioan, bideoak eta kantuak jasotzen dira, haien hitzekin. Ikasleek, hain zuzen, zailtasun maila ezberdinetako hitzak osatu behar dituzte. Sare Sozialetan parte hartzen duten hainbat irakaslek aplikazio hau aholkatzen dute ikasleekin erabiltzeko. Musutruk eskuratu daiteke, eta iOS eta Android-en funtzionatzen du.

Menrise

2017an,  GooglePlay I/O-ko App Onenaren saria irabazi zuen, eta bederatzi hizkuntza modu berritzailean ikasteko aukera eskaintzen du. Bere metodologia oroitzapen, elkarrizketa eta errepikapenen inguruan ardazten da. Hala, Memrisek proposatzen dizu ekintza jakin batzuekin lotutako (zinera joatea, erlaxatzea, eta abar) oroitzapenak buruan txertatzea. Hori lortzeko, hasiera batean zentzurik ez duten esaldi eta espresioak botatzen ditu, baina gero, zentzua hartzen dute elkarrizketa natural bat osatu arte, zeinak oroitzapen bat ezartzen duen gure burmuinean. Debaldekoa da, eta iOS eta Android plataformetan erabil daiteke, baina ordainpeko aukera ere eskaintzen du, zerbitzua bere osotasunean gozatzeko.

Beelingualapp

Aplikazio honek haurrentzako ipuinak eskaintzen ditu, bai eta liburuak, albisteak eta kantuak ere. Audio-liburu gisa funtzionatzen du, eta 13 hizkuntza ikasteko aukera proposatzen du. Pantaila bi zatitan banatzen da: xede-hizkuntza goiko aldean agertzen da, eta behekoan, ostera, erabiltzailearen erreferentziazko hizkuntzan. Hizkuntza jakin bat hobetu nahi duten erdi mailako erabiltzaileentzako aplikazio egokia da. iOS eta Android-en dago, doan.

memrise

Iruzkinak


Gure artikuluak zuzenean zure postontzian jaso nahi dituzu?

Nola jaso nahi dituzu artikuluak postontzian?

Iruzkina idatzi nahi baduzu