Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke sarietara, beti ere oinarri zientifikoa dutenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak izanik. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, besteak beste.
Hausnartu Sariak euskal soziolinguistika esparruko ikerketak saritzen dituen lehiaketa da. Urtero, euskara eta gizartea gai hartzen dituzten ikerketa, azterketa eta hausnarketa lanak saritzen dira. Lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Asmoa da euskal soziolinguistikarekin harreman zuzena duten ikerlarien lana bultzatzea, eta beste hainbat ikerlari ere euskal soziolinguistikaren eremura biltzea, modu horretan hizkuntzaren eta soziolinguistikaren inguruko ikerketen oinarri teorikoak zabaldu eta aberastuko baitira.
Zein baldintza bete behar dituzte lanek?
- Lanek oinarri zientifikoa izango dute edo zientzian oinarritutako hausnarketak izango dira.
- Teorikoak, ikerketa aplikatukoak edo saiakera-arloko lanak izango dira.
- Egilea banakakoa edo taldea izan daiteke.
- Aurretik argitaratu gabeak izango dira (paperezko argitalpenean zein Interneten).
- 30.000 eta 60.000 karaktere arteko luzera izango dute (zuriuneak barne).
- 8-10 lerroko laburpena eta 4-6 hitz gako izango dituzte.
Zein sari eskaintzen dira?
- Lehen saria 1.500 euro eta Jose Luis Zumetaren litografia bat.
- Bigarren saria 1.000 euro.
- Hirugarren saria 700 euro.
Nola aurkeztu behar dira lanak?
- Lanak emailez bidaliko dira ondoko helbidera: hausnartu@soziolinguistika.eus
- Lanak ohiko formatu informatiko editagarri batean bidaliko dira (.odt, .doc, .docx…).
- Lanek ez dute egilearen/egileen inolako erreferentziarik izango testuan bertan; ez izenburuaren azpian, ez oin oharretan, ez eta testuko beste edozein ataletan ere.
- Bidalketaren emailean egilearen/egileen datu pertsonalak emango dira: izen-abizenak, posta helbidea, telefono zenbakia, lanbidea eta lantokia.
Noiz aurkeztu behar dira lanak?
Lanak jasotzeko epe-muga 2018ko irailaren 10a izango da.
Nola ebaluatuko dira lanak?
Lanak baloratzeko eta saridunak hautatzeko berariazko epaimahaia osatuko da, honako kideekin:
- Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari bat.
- Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ordezkari bat.
- Euskal Herriko unibertsitateetako irakasle bat.
- BAT Soziolinguistika Aldizkariaren zuzendaria.
Informazio gehiago:
Edozein zalantzarekin izanez gero, antolakuntzaren arduradunekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera dago telefonoz (943 592 556) edo email bidez (hausnartu@soziolinguistika.eus)
Hausnartu Sariak – 2018ko deialdia (PDF)