Hiru hilabete pasa dira Interprest aldibereko interpretaziorako azpiegitura aurkeztu zenetik. Orain pausu berri bat eman nahi da: 2 gailu utzi eragileen esku interpretazio beharra duten ekitaldietarako.
Interprest, aldibereko interpretazio sistema eramangarri eta librea da. Haririk gabeko teknologia baliatuz, mugikorretan oinarritutako komunikazio-sistema erabiltzen duena. Interprete edo igorlearen mugikorrak mikrofono txiki baten bidez bidaltzen du seinalea eta entzuleak edo hartzaileak mugikorrean jasotzen du.
Talaios kooperatibak eta DSS 2016-ak Interprest proiektua garatu dute, teknologia digitalen bidez irisgarritasuna sustatzeko. Ekimenaren helburua da aldibereko interpretazio zerbitzuak ahalbidetzea, era guztietako ekitaldietan hizkuntza-aniztasuna sustatzeko, baina komunikaziorako hesi izateko arriskurik gabe.
Gainera, Interprestek aukera ematen du aldibereko interpretazio-zerbitzuak merkatzeko mugikorretako teknologia erabiliz. Proiektuaren bidez haririk gabeko sistema bat egin dute, kode irekian eta mugikor bidezko komunikazioan oinarritua. App baten bidez, interpreteak telefonoa erabiltzen du mikro txiki batetik seinalea (bere ahotsa) igortzeko; seinale hori entzuleari bidaltzen zaio, eta azken horrek aplikazio bera izan behar du instalatuta, itzulpena nahi duen hizkuntzan entzuteko. Sistemak zerbitzari txiki bat erabiltzen du, router baten antzeko kutxa bat, audio seinaleak jasotzeko eta bidaltzeko.
Teknologia horrek aldibereko interpretazio zerbitzuen espazio eta azpiegitura premiak murrizten ditu, eta, beraz, baita kostuak ere. Gainera, Interprest aplikazioarekin testuak eta irudiak ere bidal dakizkieke hartzaileei; funtzio horrekin zerbitzua irisgarriago egiten da, entzumen ezgaitasunak dituzten pertsonek gertatzen denari buruzko informazioa jaso dezaketelako kanal horren bidez. Proiektuak teknologia irekien aldeko apustu garbia egiten du hasieratik, komunitatearen esku jarriz garapen guztia.
Interprest Android sistema eragiledun dispositiboentzat garatu da, eta, laster eskuratu ahal izango da iOS dispositiboentzat ere.
Gailuaren funtzionamendua azaltzeko tailer praktikoa antolatu da:
Eguna: irailak 29 osteguna,
Ordua:18:00tan
Non: Okendo liburutegian
Interprest erabilerraza da. Lehen aldiz marxan jartzeko prozedura zein den azalduko dute tailerrean, bai eta web bidez ekitaldiak nola konfiguratu ere. Teknikari eta garatzaileentzako azalpen zehatzagoak ere emango dira.