Egunero erabiltzen dugu internet. Etengabe ari gara webguneak bisitatzen, posta elektronikoa begiratzen, sare sozialetan edukiak partekatzen… Baina inoiz gelditu izan gara nabigatzerakoan egiten ditugun akatsak aztertzen eta horiei buruz hausnarketa egiten?
Sarritan ohikoa delako eta betidanik erabilitako ohiturak direlako jokatzen dugu modu batean; beste batzuetan ez jakintasunagatik edo guri ez zaigula ezer gertatuko uste izaten dugulako. Edozein kasutan, segurtasun alorrean erlaxatu egiten gara eta ez diogu arreta handirik ipintzen… sustoren bat izan arte. Garrantzitsua da kontuz ibiltzea eta gure jardueran arreta eta arduraz jokatzea.
Zeintzuk izaten dira maizago egiten ditugun akatsak?
Beraz, ikus ditzagun zeintzuk izaten diren interneten nabigatzerakoan egiten ditugun ohiko eta oinarrizko bost akatsak:
1. Edozein estekatan sakatzea
Sare sozialetan, posta elektronikotan eta abarretan ikusten ditugun estekak askotan gehiegi pentsatu gabe zuzenean sakatzen ditugu. Hau arriskutsua da eta batez ere url edo estekak laburtzeko aplikazioak erabiltzen direnetik, ez dakigulako esteka horrek nora zuzenduko gaituen.
Jatorri ezezaguneko estekek leku maltzur edo iruzurrezgoetara zuzen gaitzake, gure datuak eskuratzeko edo gure ordenagailuan software maltzurra edo kutsatuta eta birusak sartzeko sortua izan dena.
Zer egin?
Badaude esteka laburtuak aztertzeko guneak, checkshorturl.com, adibidez.
2. Pasahitz berdina erabiltzea leku guztietan
Pasahitz ahula aukeratzen badugu eta, gainera, berbera erabili ezkero leku guztietan, gure segurtasuna arriskuan jartzen dugu. Erasotzaile batek zerbitzu batetan gure gakoa lortuko balu, beste aplikazio eta zerbitzu guztietakoa lortuko luke. Konturatzen zara honetaz?
Zer egin?
Pasahitz sendoak osatu eta zerbitzu bakoitzeko bat ezberdina erabili. Gai hau maiz landu izan dugu blog honetan, Pasahitz seguruak aukeratzen badakizu? Zer izan behar da kontutan? izenburu peko artikuluan, adibidez. Jarraitu honetan adierazten diren irizpideak eta zure pasahitzak segurtasunez kudeatuko dituzu.
3. Softwarea ez eguneratzea
Ordenagailuen jatorrizko sistema eragilearen softwarea, antibirusak, aplikazioak eta beste eguneratuta mantendu behar ditugu. Beti. Hau ez egiteak sarrera ematen die ziber-erasotzaileei eta gure sistemako segurtasuna golokan jartzen dugu.
Batzuetan aspergarria da eguneraketa egitea; ordenagailua epe erdi-luze batean ez dugu erabilgarri izango, lanean dagoen bitartean. Baina ez da hobe eguneraketak egitera itxarotea, geroago kalte eta arazoak suertatzeko arriskua izatea baino?
Zer egin?
Sistema eragileak eskatzen dituen eguneraketak egin, programen azken bertsioak, driverrak instalatu, antibirusak eguneratu.
4. Ofizialak ez diren onlineko dendak erabiltzea
Ofizialak ez diren aplikazioen onlineko denda batzuek ofizialetan aurkitu ezin diren baliabide batzuk eskaintzen dituzte; hau egia da. Baina arretaz jokatu behar dugu hauetan eta argi izan zer instalatuko dugun gure euskarrietan, mugikor eta tableten kasuetan batez ere.
Androiden kasuan malware asko dago; Windowsen baita ere.
Zer egin?
Gaian jantzita ez bagaude edo eta zein aplikazio dekargatuko dugun ez badakigu zehatz-mehatz, ez egin. Bitartean, Google Play edo Amazon bezalako onlineko denda ezagunetatik bakarrik deskargatu.
5. Publikoak diren WiFi sareetatik informazioa partekatu.
Ohikoa da gaur egun edozein lekutako WiFi publikora sartzea: taberna edo kafetegiak, kultur aretoak, unibetsitate edo liburutegiak… Interneterako sarbidea doan lortzen dugu eta ez ditugu guk kontratatutako datuak gastatzen.
Ederto, baina zertan aritzen zara WiFi zabal hauen bidez nabigatzen duzunean? Ba al dakizu zure sistemako segurtasuna arriskuan jartzen duzula? Zein datu partekatzen dituzu?
Kontutan izan horrelako sare baten bidez aritzean gure mugikorreko zerbitzu guztiek informazioa partekatu eta zabaltzen dutela sare honen bidez. Sarritan datuak lapurtzeko edo malwarea instalatzeko erabili izan dira. Eta are gehiago, zer gerta daiteke gure banketzeko kontuetara sartu ezkero horrelako sare baten bidez?
Zer egin?
Informazioa bidali behar dugunean batez ere, mugikor edo tabletetako datuetako sarbidea erabili soilik. Edo VPN izeneko baliabidearen bidez egin, konexioaren segurtasuna bermatzeko.
Zuk zein beste akats egiten duzu?
Oinarrizko informazioa, nahitaezkoa!